Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek zenbait irakasgai gailu elektronikoarekin lantzen dituzte.
Beste ikastetxe batzuetako irakasle eta langileei gailuaren abantailak eta funtzionamendua azaldu dizkiete. (Argazkia: Lide Ferreira)
Ikasturte hasieran, Groseko Jesuitak ikastetxeko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasle bakoitzak
chromebook bat jaso zuen.
Chromebook bat Google enpresako gailu elektroniko bat da eta hainbat aplikazioz osatuta dago. Ordutik, ikasleek gailu hori erabiltzen dute zenbait ikasgaietan, testu liburu batzuk ordezkatuz eta irakaskuntza arloan erabateko aldaketa eraginez. “Ikaslea da protagonista, eta ikastetxea irakaskuntza leku baino, ikaskuntza toki bilakatzen ari da”, azaldu dute arduradunek.
Bada, gaur ikastetxeak gailu elektronikoa aurkezteko ekitaldi bat antolatu du. Bertan beste eskola batzuetako irakasle eta langile izan dira,
chromebook-aren funtzionamendua zein den ezagutzeko. Ikastetxeko Amaia Arzamendi zuzendari eta proiektu teknologikoko koordinazio taldeak egin dute azalpen orokorra, ekitaldi aretoan. Ondoren, Europako Google for Educationen arduradun Marc Sanzekin
hangout-a (sare bidezko dei bat) egin dute, eta honek proiektuaren ezaugarriak zehaztu ditu. Azkenik, bertaratu direnek chromebook ordenagailuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Horretarako, Jesuitak ikastetxeko zenbait ikasle izan dira beraiekin, eta izan zitzaketen zalantza guztiak argitu dizkiete, baita eskoletan nola erabiltzen duten ere.
Eginez ikasi eta ikasiz gozatu
Jesuitak ikastetxeko zuzendari Amaia Arzamendik azaldu duenez, gailuak erabat aldatu du erakusteko modua. “Edukiak baino gaitasunak lantzen ditugu; izan ere, hautaketa prozesu bat egin behar dute eta horrela, adibidez, lan kooperatiboa eta gaitasun linguistikoa bultzatzen dira”. Hautaketa horretan irakasleak paper garrantzitsua ere badu, eta ikasleari lehentasunak zehazten lagundu behar dio. Azken batean, “eginez ikasi, eta ikasiz gozatu” leloa bultzatu nahi du ikastetxeak.
Liburuen ordez
Elena Guibert eta Maria Arrese 4. mailako ikasleak dira eta gailu elektronikoa matematika, euskara eta erlijioa bezalako ikasgaiak lantzeko erabiltzen dutela azaldu diote IRUTXULOKO HITZAri. “Matematikan, adibidez, formulak ikusteko erabiltzen dugu, baita fitxa moduko batzuk ere. Azken finean, liburuak ordezkatzeko modu bat da”. Honela, irakasleek ikasgaiak sarean zintzilikatu egiten dituzte eta ikasleek bertatik deskargatzeko aukera dute. Taldean lan egiteko ere oso erabilgarria dela diote Guibert eta Arresek, eta aldaketa orokorrean ona dela diote. “Liburuek pisu gehiegi dute, eta etxera zerbait eramatekotan nahiago dut
chromebook-a, bertan behar dudan guztia daukadalako”, adierazi du Arresek. Guibert liburuetatik ikasteko ohitura handia dauka, eta oraindik zaila egiten ari zaio aldaketa, baina gustura hartu du.
[Gallery=184]