‘Zure hitzak zaindu’ izeneko kanpaina sortu du Intxaurrondoko bizilagun Leonard Martin ingelesak; mikroerasoiei erantzutea eta sexu aniztasuna aldarrikatzea du helburu, sare sozialen bidez.
(Argazkia: Lander Rezola)
Maiatzaren 17an, 1990. urtean, Nazioarteko Osasun Erakundearen Batzar Nagusiak homosexualitatea gaixotasun psikologikoen zerrendatik ezabatu zuen. Ordutik, data hori aldarrikapenez beteriko eguna bilakatu da, Homofobia eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna, hain zuzen ere. Horren harira, gizartea kontzientziatzeko jarduerak egiten dituzte urtero, eta horietako bat antolatu zuen iaz Intxaurrondon bizi den Leonard Martin ingelesak: «Zerbait erakargarria egin nahi genuen, eta surf taula baten gainean jendeak homofobiaren aurka surf egitea bururatu zitzaigun».
Hala ere, gutxi batzuk bakarrik animatu ziren, eta esperientzia ez zen espero bezain arrakastatsua izan. Horregatik, aurten, kaleko jarduerak alde batera utzi eta sare sozialen bidez egingo du aldarrikapena. Zure hitzak zaindu izeneko argazki proiektua jarri du abian Martinek, modu xumean eta lagunartean egindakoa.
Arrazakeriaren aurkako kanpaina batek ideia eman zion egun errealitate bilakatu duena egiteko. Izan ere, mikroerasoak oinarri hartuta, arraza ezberdinetako pertsonak osatutako argazki erakusketa bat ikusi zuen sarean. «Mikroerasoak kalean entzuten ditugun esaldi horiek dira, bigunak diruditenak, baina min handia egin dezaketenak». Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen (LGTB) taldearekin antzeko proiektu bat egin zezakeela pentsatu zuen, eta beste zortzi lagun eta ezagunen parte hartzeari esker, hemezortzi irudi biltzen dituen erakusketa bat osatu du. Argazkiak egiteko Lander Rezola argazkilariaren laguntza izan du, eta proiektuaren helburua bikoitza da: alde batetik, mikroeraso horiei erantzutea, ohiko estereotipoei aurre eginez; eta bestetik, sexu aniztasuna aldarrikatzea.
Juan Ramon San Sebastian, Trinidad Gigena eta Leonard Martin, proiektuko partaideak eta bultzatzailea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Horrela, irudietan agertzen diren pertsonek arbel bat dute eskuetan, eta bertan beraien bizitza afektibo-sexualaren inguruko estereotipo, zurrumurru eta aurreiritziak idatziak agertzen dira. «Argazki saioa egin genuenean, arbeletan idazteko esaldiak esaten joan ginen. Nik horrelakoak bizi izan ditut; beraz, askotan gure esperientzietatik abiatu gara», adierazi du proiektuko parte hartzaile Jose Ramon San Sebastianek. Esaldi horiekin jendearen ezjakintasuna adierazi nahi dute, baita ankerkeriaren indarra ere.
Denda den, ez dute bakarrik errealitate hori islatu nahi izan. Bigarren argazki batekin, hain justu, mikroeraso horiei aurre egiten diete. Hau da, partaide berdinak agertzen dira, jarrera pasiboan ere, baina modu ausartiago batean. Trinidad Gigenak, esaterako, «ez naiz homofoboa lagun gay bat dudalako» esaldia sarritan entzun izan du; eta pertsona batek hori esaterakoan dagoeneko homofoboa dela uste du. Horregatik, honela erantzun dio iruzkinari: «ez ditut lagun homosexualak, lagunak baizik».
San Sebastianen arabera, esaldi horiek adinaren arabera modu batean ala bestean eragin dezakete. «Nik orain entzuten baditut, ziurrenik ez dut kasurik egingo, baina lesbiana, transexual, gay edo bisexual sentitzen diren gaztetxoak gaizki sentituko dira, eta euren sentimenduak azaleratzeko orduan beldurra izango dute».
Arazoa, informazio falta
Gizarteak esaldi horiek arrunt bezala hartzen dituela salatzen dute proiektuaren partaideek. «Entzun eta onartu egiten ditugu, esaldi normalak izango balira bezala; moral eta etikoki zuzenak izango balira bezala. Baina, gure ustez, esaldi horiek ez dira zuzenak», nabarmendu du San Sebastianek.
Euskal Herriko homofobia tasa eta aniztasun afektibo-sexualarekiko ikastetxeetan ematen den jarrera aztertzen ditu ikasturtero Gehitu elkarteak. Elkarteko kide bezala, emaitzak «harrigarriak» iruditzen zaizkio San Sebastiani: «Homofobia tasak altuak dira oso. Zehazki, 2013-2014 ikasturtean Gipuzkoako ikastetxeetan inkestatu genituen ikasleen %21 tratu txar fisikoak ikusi edo entzun zituzten, eta %3 jaso. Irainak, berriz, ikasleen %70 ikusi edo entzun zituzten, eta %4 jaso».
Horregatik, LGTB taldearen alde asko egiteko dagoela uste dute: «Ez bakarrik ikastetxeetan, gizarte mailan ere bai».
Hain justu, gizartearen arazoetako bat informazio falta dela dio San Sebastianek, eta horren ondorioz aurreiritzi okerrak
sortzen direla. «Jendeak homosexualitatea, bisexualitatea… onartzen duela dio, baina unea iristen denean ez daude prest informazioa jasotzeko, horrelako pertsona batekin konektatzeko; nahiago dute estereotipoekin gelditu, horiekin nahikoa dute».
Horrenbestez, egoera aldatzeko proiektuaren bultzatzaile zein partaideek garrantzitsuena heziketa eta kontzientziazioa direla pentsatzen dute: «Zure hitzak zaindu argazki proiektuaren bidez, gutxi bada ere, gure harri koskorra ekarri nahi dugu», adierazi du Martinek. Azken batean, euren bizipen eta ikuspuntuaren bidez, ikuslea hausnartzera gonbidatzen dute, «LGBT taldearekiko duten jarrera eta keinu txiki horiek birpentsatzeko».
Egunotan proiektua sare sozialen bidez zabaltzen joango dira. Euskal Herri mailan, Gehituk bere Facebook orrialdean (Gazte Gehitu) zintzilikatuko du irudi galeria. Gainera, argazkiei azpidatziak jarri dizkiete, erakusketa birtuala munduko ahalik eta toki gehienetara iristeko asmoz. Horrela, eta munduan zehar dituen lagunei esker, Leonard Martinek jada Erresuma Batuan, Guatemalan eta Errusian zabalduko du proiektua.
[Gallery=188]