Lanik onenak Donostia Zinemaldian proiektatuko dituzte, irailean; guztira, 5.000 euro baino gehiago banatuko dituzte profesional eta amateur atalen artean.
Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok aurkeztu dute lehiaketa. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostia Zinemaldiak eta
Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketaren 4. ekitaldiaren xehetasunak eman dituzte aditzera. Aurten ere bi ataletan banatu dute lehiaketa, bata profesionalena eta bestea amateurrena. Aurkeztutako lanik onenak
Donostia Zinemaldiaren 63. ekitaldian eskainiko dituzte, eta 5.000 eurotik gorako sariak banatuko dituzte. Donostia Zinemaldiko zuzendari
Jose Luis Rebordinosek eta Kontseiluko idazkari nagusi
Paul Bilbaok aurkeztu zuten lehiaketa, joan den ostiralean.
Zinemazale eta ikus-entzunezkoetan dabiltzanak ere euskaraz bizitzeko hautua egitera animatu ditu Bilbaok, Kontseiluaren mezua hedatu dezaten: “Lehiaketaren helburu nagusia Euskaraz bizi nahi dut ideia hedatzea da, ideia hori ikus-entzunezkoen bidez kontatzea”. Kontseiluko idazkariaren esanetan, lehiaketak euskararen erabilera areagotzen lagundu dezake: “Geroz eta zinegile gehiagok ideia bere egin dezaten, bere lanetan ideia hori gara dezaten nahi dugu”.
Rebordinosek ere euskararen presentzia Donostia Zinemaldian indartzeko konpromisoa berretsi du; iaz euskara gehien erabili zen ekitaldia izan zen, zuzendariaren esanetan, eta bide horretatik jarraituko dute: “Iaz Zinemaldian bertan ikusi genuen geroz eta film gehiago egiten direla euskaraz, eta horiek ikustera doazen ikusleak ere, geroz eta gehiago dira”.
Dinamika hori sustatzen jarraituko dute Donostia Zinemaldiko arduradunek, eta pauso berriak emango dituzte horretarako: “Oraindik lan asko dago egiteko; iaz Sail Ofizialean euskarazko bi film izan genituen, eta horietako bat erabat euskaraz egina gainera:
Loreak. Beraz, zerbait mugitzen ari denaren seinale da hori”.
“Konta dezatela zergatik”
Helburu hori betetzeko, film labur lehiaketara aurkezten diren lanek euskaraz bizitzeko nahiari buruz hitz egin behar dute, Bilbaoren esanetan: “Konta dezatela zergatik egiten dugun hautu hori, nolako oztopoak izaten ditugun, sentitzen ditugun pozak, eraikitzen diren konplizitateak”.
Horrela, aurtengo ekitaldiaren oinarrietan berrikuntza garrantzitsuena laburren iraupena da: aurkezten diren lanek ezingo dute
15 minutu baino gehiago iraun. Atalei dagokienez, iaz bezala, bi atal bereiziko dira, profesionalena eta amateurrena, eta egile bakoitzak erabakiko du bere lanak zein ataletara aurkeztu. Sariei dagokienez, guztira
5.000 euro baino gehiago banatuko dituzte:
3.500 euro, profesionalen atalean; eta
1.750 euro, amateurren atalean. Lanak aurkezteko azken eguna abuztuaren 24a izango da.
Film laburren lehiaketara aurkezten diren lan onenen proiekzioa eta sari banaketa ekitaldia aurtengo Zinemaldiaren baitan egingo dira, irailean. Jaialdiko zuzendaritza taldeko kide Maialen Belokik film labur onenak hautatuko dituen epai-mahaian parte hartuko du, baita
Loreak filmeko zuzendari
Jon Garañok ere, Zinemaldiko eta Kontseiluko ordezkariekin batera.