Eneko Goia alkateak ohitura berpiztea proposatuko die alderdiei; PSE-EEKo Ernesto Gascok denen adostasuna lortu nahi du, eta PP alde agertu da.

Donostiako Orfeoia, urtero bezala Salbea abesten. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
EAJk Salbeko prozesioa berreskuratu nahi du, eta Eneko Goia alkateak ohitura hori berpizteko proposamena egingo die gainontzeko alderdiei.
Irabazi Donostia eta EH Bildu aurka agertu dira, ohitura zaharkitua dela eta beharrik ez dagoela esanez; bestalde,
Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak adierazi du alderdi guztien adostasuna lortu behar dela gai horren inguruan, eta
PP ohitura berpiztearen alde agertu da.
Urtero egiten zaio meza Ama Birjinari Santa Maria Basilikan, abuztuaren 14an, Aste Nagusian, baina
1994 urtetik politikari eta zinegotziek ez dute parte hartu prozesioan.
Odon Elorza alkate ohiak kendu zuen prozesioa, ibilaldian ertzainek babestuta joan behar zutelako politikariek, eta liskar eta tentsio uneak bizitzen zirelako.
Goiaren ustez, ohitura errekuperatzea normalizazio egoera islatzea da; dena den, udalaren gehiagoaren adostasuna bilatuko du.
Adostasun horretaz mintzatu da, hain zuzen ere,
PSE-EEko bozeramaile eta alkateorde Ernesto Gasco. Urtero Salbea ikusten duela adierazi du Gascok, eta bere ustetan, prozesioa berreskuratzea alderdi guztien adostasunarekin egin behar da: “Ez du zentzurik ohitura hori berreskuratzea liskarretarako aitzakia bat izango bada; ni, sinesdun moduan, urtero noa Salbearen mezara, baina prozesioa egiten bada, guztion adostasunarekin egitea da zentzuzkoena”.
Oraingoz,
ohitura berpiztearen alde agertu den oposizioko alderdi bakarra PP izan da.
Miren Albistur PPko bozeramailearen esanetan, espazio hori berreskuratzea normalizazioan aurrerapauso bat ematea da: “Errespetua eskatzen dugu; nahi duenak parte hartu dezala, eta nahi ez duenak ez dezala liskarrik sortu”. Dena den, adierazi du gaia azaleratzeko modua ez dela zuzena izan: “Goiak biharko batzordean atera zezakeen gaia, alderdiekin lasai eztabaidatzeko; gaur aireratzeak liskarra sortzea ekarri du”.
Irabazi eta EH Bildu, aurka
EH Bilduko zinegotzi Josu Ruizen esanetan,
ez du zentzurik eztabaida hori mahai gainean jartzea: “Iraganean gelditutako ohitura hori duela 15 urte amaitu zen; zertara dator orain gai hori aireratzea? Kalean ez dago horren inguruko eztabaidarik, eta Donostiak prozesioa baino arazo larriagoak ditu”. Ruizek eskatu dio alkateari hiritarren benetako arazoei arreta ipintzeko, eta ez “iraganeko istorioak” berreskuratzeko.
Irabazi Donostiako bozeramaile Amaia Martinek ere antzeko balorazioa egin du,
prozesioa berreskuratzea gizarte laiko batetik aldentzea suposatzen duela salatuz: ” Salbeko prozesioa berreskuratzea ez da aurrera egitea, atzerapauso handia baizik: Eliza Katolikoa, segurtasun indarrak eta politikariak batera pasiatzen zebiltzan garaietara bueltatzea da”. Martinen esanetan, ekitaldi ofizial guztiak laikoak eta zibilak izatea eskatuko du Irabazik, eta botereen banaketa eskatu du: “Alkateari ez diogu ohitura zaharkitu hori berreskuratzen lagunduko”.