Karmengo jaiei ekin diete Añorgan, Zementonen jaitsierarekin. Auzoko festek jarraipena izango dute ostiral eta larunbatean, Umeen Eguna eta Gaupasa Egunarekin.

Zementonek eman die hasiera Añorgako Jaiei. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Luzeak bezain indartsuak dira Añorgako jaiak. Festari joan den larunbatean eman zioten hasiera,
Zementonen jaitsierarekin. Bukatu, igande honetan amaituko dira. Aurretik, Umeen Eguna eta Gaupasa Eguna izango dituzte aukeran añorgatarrek ostiralean eta larunbatean. Joan den asteburuan berotu besterik ez zuten egin, azken txanpari begira.
Karmenak aurreko larunbatean hasi ziren ofizialki, 19:10ean. Frontoiko teilatutik jaitsi bezain pronto, Zementonek pregoia irakurri zuen. Gure Esku Dago, Grezia, Iruñeko udala eta añorgatarrak izan zituen gogoan bere hitzaldian: “Arrantzaleek lotutako ikurrina askatu dute Iruñean… Troikaren korapiloak askatzen ari dira Grezian… Oxi eta Oxi!”. Horrenbestez, Zementonek hariak eta korapiloak erabili ditu aurten bizi diren borroka sozialen metafora moduan: “Gurean ere hariak eta korapiloak daude, argiak eta itzalak; itzaletan ditugu hainbat lagun”.
Heroiak eta antiheroiak ere aldarrikatu zituen pertsonaiak, eta biak beharrezkoak direla adierazi zuen. Gogoeta egin zuen frontoiko sabaitik lurrera kablean egindako ibilaldian, bere burua ere heroitzat edo antiheroitzat hartuta: “Kable batetik zintzilik igaro naiz honaino, eta nik bidaia alde batetik bestera egin dudan moduan, beldurrak eta konplexuak lekuz aldatzera goaz añorgatarrak”. Bizilagunei hautsak harrotzen diela aipatu zuen Zementonek, bi zentzuetan, eta festetan elkarrekin disfrutatzeko deia luzatu zien guztiei: “Askatu nauzue kabletik, eta orain korapila zaitezte elkarren artean!”.
Eganen bi emanaldi
Eta jaiak aurrera darrai, Karmengo egunean eta bezperan izandako jai jarduerak lekuko. Ostiralean, haurrentzako jolasak eta puzgarriak izango dira egun osoan zehar. 17:00etan, merienda goxoa prestatuko dute. Indarra hartu ondoren, ur jokoekin freskatuko dira. Egan taldea zuzenean ariko da 19:00etan, frontoian, eta gauean ere berriz igoko da taula gainera, 23:00etan. Larunbatean, haurren danborrada aterako da kalera, 17:00etan, eta helduena, 20:00etan. Gauean, kontzertuak egingo dituzte frontoian.