Donostiako arraunaren historian atal berri bat idatzi du Donostiarra arraun elkarteak, Orion bere lehen bandera astinduz, KAE-1 ligako zazpigarren jardunaldian; hirira iritsi den hamabosgarren trapua izan da.
Xabier Zabala eta Jon Sardon; Donostiarrako kideak
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Ur-Kirolakek ekarri zituen azken bi banderak Donostiara, Koruko Ama traineruarekin, KAE-2 ligan, 2006an. Hurrengo urtean Donostiarra sortu zuten Urkik eta Arraun Lagunakek, hiriko traineru bateratua eratuz. Mila gora-beheren ostean, iritsi da Torrekua II traineruaren eskutik hurrengo trapu preziatua. Xabier Zabala entrenatzailearekin (Loiola, 1974) eta Jon Sardon arraunlariarekin (Intxaurrondo, 1985) egon da IRUTXULOKO HITZA, euren sentipenen eta hurrengo erronken berri izateko.
Iritsi da Donostiarraren lehen bandera azkenean. Zer dabilkizue buruan?
Xabier Zabala (X. Z.): Bazela garaia! Kosta zaigu. Proiektuak bide luzea, traba asko eta zailtasunak izan ditu bidean, eta egia esan oso pozik gaude. Beharra genuen eta behar hori asetu dugu. Taldeari beste bultzadatxo bat emateko balioko du.
Jon Sardon (J. S.): Aspalditik espero genuen zerbait zen. Lau aldiz gertu egon gara, baina sekula ez genuen banderarik irabazi. Hainbeste urte eta gero arraunlariek behar genuen emaitza bat zen, eta Donostiako arraunzaleek ere bai.
Bi estropadako asteburu gogor batean lortu duzue garaipena, gainera.
X. Z. : Entrenatzaile moduan baloratu behar dut oso aste gogorra izan dugula. Asteazkenean Gipuzkoako Txapelketa jokatzetik gentozen, eta asteburuko bigarren estropada genuen. Gainera, 19:50etik jaisteko gai izan gara, oso oso baloratzekoa. Halako lan kargarekin etorri eta estropada hori egitea… oso pozik nago.
Nola bizitu zenuten estropada?
J. S. : Estropada oso gogorra izan zen, baina oso ongi atera ginen hasieratik eta arraunkera ona hartu genuen. Kanpotik ematen zizkiguten erreferentziak gure aldekoak ziren eta bagenekien fidagarriak zirela. Horrek segurtasun gehiago eman zigun eta patroiak estutzeko eskatzen zigunean bagenekien bandera lortzeko aukera genuela. Nahiz eta oso gogorra izan, igotzeko aukera izan genuen. Erlojupeko estropada izanik, bost minutuko sufrimendua izan genuen, gainontzeko traineruak iristen ikusten… baina aldi berean ere polita izan zen, emaitza polita izan zelako, batez ere.
X. Z. : Kanpotik denbora guztian denbora positiboak ematen ari ginen, aurretik ginela esanez…
Bandera zuena zela jakin zenuten momentuan, zer pasa zitzaizuen burutik?
J. S. : Puf… bada gauza asko eta jende asko egia esan. Gurekin ibilbide honetan egon den jende guztia, gure egunerokotasunean dauden familia eta lagunak… gauza asko etorri zitzaizkigun burura. Azkenean esfortzu hau jende askoren artean egin dugu eta emaitzaz gozatzeko aukera gutxi batzuek izan genuen.
Donostiarraren lehen bandera, eta barruan zinen arraunean Jon, hasieratik klubean egon eta gero.
J. S. : Bai. Donostiarraren historiaren momentu askotan egon gara, eta garrantzitsuenean ere egotea oso hunkigarria da. Oraindik ere barneratzen ari gara, eta orduak igaro ahala oraindik ere poz handiagoa dudala uste dut. Gainera, erlojupekoa izan zen, baldintza berdinetan aritu ginen denak, eta balore bat eman behar zaio.
X. Z. : Ni pixka bat xok egoeran egon naiz, igandean nahiko blokeatuta geratu nintzen, estropadan zehar izandako tentsioaren ondoren. Azkenean gero emozio guztiak ateratzen dira, eta oso pozik. Hala ere, hotzegi sentitu dut dena, eta agian denborarekin gehiago baloratzen diren gauzak dira. Markatutako denbora, besteek emandako maila… liga honetan agian bost ontzi 20 minututik behera geratzen diren lehen aldia izango da.
Donostiara iritsi ziren azken bi banderetan ere, Urkiko kuadrilla hartan zinen Jon!
J. S. : Bai, hantxe geunden! Eta Iñigo Collazo ere barruan zegoen. Denborarekin konturatzen zara ez dela erraza berriro ere halako emaitza bat lortzea, eta momentuan gozatu behar den gauza bat da. Bederatzi urte behar izan ditugu Donostiara beste bandera bat ekartzeko, eta hurrengoa espero dezagun azkarrago iristea.
X. Z. : Klubei balore bat eta pisua ematen dion jendea hori da, urteetan zehar konpromisoa duen jendea. Jonen moduan, Ander Iriarte, Aitor Aranegi, Niko Iurramendi, Iñigo Collazo, Unai Elizasu… urteetan jarraipen bat izan duten arraunlariak dira, eta azkenean maila bat eman digutenak, hobetzen lagundu digutenak, txarrean altxatzen lagundu digutenak, eta onenetan ere badaudenak. Kanpotik etorri den jendeaz asko hitz egiten da, kromo asko aldatu ditugu, baina etxekoek hor jarraitzen dute. Hori da baloratzen duguna, etxekoen jarraipena.
Nolakoa izan zen ospakizuna?
X. Z. : Oriotik Konstituzio plazara joan ginen, eta udal eraikinaren balkoian egon ginen banderarekin. Jende pixka bat bildu zen eta oso polita izan zen. Gero, kasualitatea edo ez, Kaiko jaiak ziren eta jai batzordekoek eskatu ziguten taula gainera igotzeko. Kontzertua bukatzear zegoen eta uste dut momenturik egokienean iritsi ginela. Jendetzaren artean, gustura ospatu genuen. Ni hortik erretiratu egin nintzen, baina gero garagardoren bat eroriko zen…
Zuek biek Urkin elkar ezagutu zenuten, Donostiarran elkarrekin arraunean egin duzue, eta orain berriro ere entrenatzaile eta arraunlari zarete. Elkarrekin bizi izan duzuen momentu politena izan zen igandekoa?
X. Z. : Irabaztea denok dugu gogoko, baina nik igandekoa baino gehiago beste gauza batzuk baloratzen ditut. Egunerokotasunean askotan haserreak izaten ditugu, eta zaila izaten da gauza horiek eramatea. Hau uzten dugun egunean, hori baloratuko dugu.
J. S. : Kirol arloan bai izango zen elkarrekin bizitu dugun momentu onena. Momentu eder asko bizi izan ditugu, eta beste urte batzuetan okerrago ibilita ere asko gozatu dugu. Adibidez, Xabik entrenatzaile postuan egin zuen lehen urteko oso oroitzapen polita daukat.
Zorion mezu asko iritsi zitzaizkizuen?
X. Z. : Bai, pila bat, pila bat… aspaldi euren berri ez nuen jendearena ere bai.
J. S. : Askotan ematen du Donostian jendeak ez duela arrauna jarraitzen, baina halako egunetan konturatzen zara zalego bat badagoela hor atzean.
Zer zioen Jose Ramon Mendizabal Mendik, entrenatzaile ohiak?
X. Z. : Joxerrak seguraski pasa ditu Donostiarraren urterik txarrenak, gogorrenak. Bultzada potoloena Alberto eta Manolorekin batera, berak eman zion. Ez nuen denbora gehiegi izan berarekin hitz egiteko, baina seguru oso pozik dagoela.
Beste zazpi jardunaldi falta zaizkizue liga bukatzeko. Zein helburu finkatuko duzue?
X. Z. : Jaitsiera potolo bat izan genuen Elantxoben eta Santurtzin, eta horrek sekulako pisua ekarri digu hamabost egunetan. Konfiantzarik eza, tristura handia, gerra psikologiko izugarria… Garaipen honek ea balio digun berriz ere konfiantza pixka bat hartu eta lanean jarraitzeko. Itxuraz azken hamar egunetan hartu dugun bideari ea jarraipena ematen diogun.
J. S. : Esango nuke urteetan egon den ligarik parekoena dela aurtengoa. Asmatzen duzun egunean goian egon zaitezke, baina haize pixka batekin atzera egin dezakegu. Gure lanari ekin behar diogu berriz, eta hutsetik hasi.
Bi estropadako asteburua datorkizue berriro.
X. Z. : Bai, bi asteburu bikoitz datozkigu. Orain bigarren postua 13 puntutara daukagu, ea tarte hori txikitzen jarraitzen dugun. Ilusioz beterik gaude, hobetzen joateko, Donostiak behar duen traineru indartsu hori sortzeko bidean. Urkiko eta Arrauneko gazteengandik sekula baino gertuago gaude, eta Donostiarrako geroz eta kamiseta gehiago ikusten dira kaletik, horrek asko laguntzen digu denoi.