3Gabe2 taldeak azken kontzertua emango du gaur
Donostiako 3Gabe2 musika taldea agur esatera doa. Zazpi urteko ibilia egin ondoren, agertokitik jaisteko unea iritsi dela erabaki dute: “Taldekide guztiek proiektuan gogo betez eta behar dugun inplikazioarekin jarraitzeko aukerarik izango ez dugula ikusten dugu. Eta ondorioz, gozamen unez betetako 7 urte hauei bukaera ematea erabaki dugu”.
Dantzan eta kantuan jarri dituzte milaka zale urte hauetan guztietan, eta Aste Nagusi Piratarekin harreman estua izan dute beti. Ez dute inoiz izan inolako konplexurik, eta edozein musika estilo jotzera ausartu dira 3Gabe2koak. Euren kontzertuetan Spice Girls eta Backstreet Boys taldeen bertsioak egin dituzte taula gainean. Baita Dragoi Bola marrazki bizidunetako abestia, Aida telesaileko Lore Lore Maku Maku kanta eta Carlos Bauteren ‘Colgado en tus brazos’. Berri Txarrak, Ken Zazpi, Alaitz eta Maider… Hainbat euskal talderen abestien bertsioekin emanaldi indartsuak egin dituzte donostiarrek.
Uda honetan ematen ari dira azken kontzertuak. Gros eta Kaiko jaietan jo ondoren, gaur larunbata Piraten Aste Nagusian ariko dira zuzenean, La Flamenkan, 23:30ean. Gaurkoa Donostian emango duten azken zuzenekoa izango da. Abuztuaren 15ean Gabirian izango dira, eta abuztuaren 30ean Bilbon, Kaskagorrin. Horiek izango dira azken bi kontzertuak.