Emakumeen Mundu Martxa Donostiatik igaro da, Bilborako bidean. Martutene eta Bulebarra arteko ibilbidea bizikletaz egin dute, eta aldarrikapenak zein festa giroa Parte Zaharrera zabaldu dituzte
Batukadak ongietorria egin zion Emakumeen Mundu Martxari, asteazkenean, Bulebarrean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Emakumeen Mundu Martxa martxoaren 6an abiatu zuten Kurdistandik, eta Euskal Herrira astelehenean iritsi zen; Tafallara, hain justu. Orduz geroztik, Euskal Herriko hainbat herritik igaro da, eta igandean agur esango dio Euskal Herriari, Bilbon azken geldialdia egin ostean.
Altsasu, Leitza, Elizondo, Zugarramurdi, Hazparne, Baiona, Hondarribia… herri asko bisitatu ditu egunotan, eta herenegun Donostiari egokitu zitzaion txanda. Hain zuzen ere, Martutenetik iritsi zen, Bulebarrerako bidea bertatik hartzeko.
Aurtengo leloa Geure gorputzak, geure lurraldeak da, eta lau helburu nagusi ditu: Emakumeek jasaten dituzten indarkeria motak ikusaraztea eta salatzea; sistemari alternatibak sustatzea eta ikusaraztea; munduari erakustea emakumeen erresistentzia; eta mugimendua indartzea eta zabaltzea. Gainera,
ikur sinboliko gisa, haziak erabili dituzte herrietan egindako ekitaldietan, “elikadura-burujabetzaren aldeko borroka gogoan”.
Hau guztia kontutan hartuta, Donostiara aldarriz beteta iritsi ziren asteazken arratsaldean. Martuteneko kartzela aurrean bildu ziren, Hondarribitik zetorren karabanarekin bat egiteko. Hori egin aurretik,
ekitaldi xume bat egin zuten espetxearen kanpoaldean. Globo bat aireratu zuten, askatasunaren isla. “Kartzela leku aproposa iruditu zaigu gure aldarria zabaltzeko, emakume guztiak aske izan arte borrokan jarraituko baitugu”, adierazi zuen martxaren ordezkari Nagore Iturriozek.
Martuteneko kartzelako emakume presoekin lanean ari direla nabarmendu zuen, eta hori dela-eta ere aukeratu zuten irteera puntu gisa. “Emakume presoek kartzelatik kanpo atera eta martxan parte hartzeko baimena eskatu dugu, espetxe kanpoko jarduera gisa, baina ez digute utzi. Era berean, kartzela barrura sartzeko eskatu dugu, kamiseta batzuk banatzeko. Baimena eman digute kasu honetan, baina hemendik astebeterako”, jakinarazi zuen.
Ekitaldia eginda, Bulebarreruntz abiatu ziren Martutenen bildutakoak; bizikletaz egin zuten bidea, globoen eta pankarten laguntzarekin. Auto batek girotu zuen ibilbidea, musika eta aldarrikapenekin. Modu horretan iritsi ziren Bulebarreko kioskora, eta bertan batukada zuten zain.
Dantzatzeari ia utzi gabe, eguneko beste jarduera nagusienetako bati ekin zioten: landatzeari, alegia. Herri bakoitzean landare desberdin bat erabili dute.
Donostian perrexila aukeratu zuten landatzeko, hainbat arrazoiengatik. “Abortua eragiten duen landare bat da, eta guk abortatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Era berean, jakituriarekin lotzen dugu, eta emakumeek harreman historikoa dute landareekin; sorginek, kasu. Bestalde, perrexila saltsa guztietan omen dago, eta umoreari ere begi-keinua egin nahi izan diogu”, azaldu zuen Iturriozek berak.
Aldarrikapenak aldarrikapen,
jendetza bildu zen Bulebarrean, eta festa giroa Parte Zaharrera zabaldu zuten: “Ezustea hartu dugu orain arte. Ongietorri beroa egin diote martxari herri guztietan. Uste baino jende gehiago elkartzen ari da, eta hori oso pozgarria da”, aipatu zuen martxaren lehen egunetik autoan bidaiatzen ari den Kattalin Minerrek.
Quebecen du jatorria
Martxaren jatorria Quebecen dago; 1995ean emakume mugimenduak martxa bat egin baitzuen bertan. 2000. urtean martxa mundu mailara zabaltzea erabaki zuten, demokrazia, itxaropena, berdintasuna eta bakea aldarrikatzeko.
Euskal Herrian, aurtengo ekitaldiari dagokionez, Donostiatik igaro ostean, martxa Hernanin, Tolosan eta Zumaian izan zen atzo. Gaur, berriz, Beasain, Agurain, Gasteiz eta Bergara zeharkatuko ditu. Bihar, Bizkaia aldera egingo du jauzia: Durango, Basauri, Igorre eta Gernikara, hain zuzen ere. Igandean, Euskal Herria agurtu aurretik, Getxo, Portugalete eta Bilbotik igaroko da. Bizkaiko hiriburura 12:30ak aldera iritsiko da. Egun osoko festa prestatu dute.
Berdintasunaren alde egin dute bat udal talde guztiek
Albistur, Martin, Zelaia, Agirrezabalaga eta Sampedro. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariek bat egin dute Emakumeen Mundu Martxari babesa emateko. Maria Jesus Zelaia (EAJ), Duñike Agirrezabalaga (PSE-EE), Naiara Sampedro (EH Bildu), Miren Albistur (PP) eta Amaia Martin (Irabazi Donostia)
zinegotziek elkarrekin irakurri zuten erakunde adierazpen bat, asteartean. Hala, martxari babesa eman eta berdintasunaren alde lan egiteko konpromisoa hartu zuten, eta udaleko jardunean eragiteko hainbat helburu zehaztu zituzten.
Indarkeriari dagokionez, jarduera protokoloak abian jarri, sentsibilizazioan lan egin eta indarkeria matxistaren inguruko formakuntza egiteko konpromisoa hartu zuten. Indarkeria sexistaren aurkako salaketa eta deialdiekin bat egiteko konpromisoa ere berretsi zuten.
Zaintzaileen bizitzak hobetzeko eta zaintza lanak errazteko zerbitzu publikoak eskainiko dituztela aurreratu zuten. Aniztasun sexuala kontuan izanik lan egingo dutela jakinarazi zuten, lesbofobia, transfobia, arrazismoa eta kapazitismoaren aurkako planak burutuz. Emakumeen jabekuntza sustatuko dutela nabarmendu zuten, baita emakume taldeen saretze eta sorrerak bultzatu ere.