Jagoba Codo amaratarra larriki gaixorik dagoen presoen artean dago; lau medikuk berretsi dute kartzelak eta sakabanaketak okertu egin dutela bere osasun egoera
Jagoba Codoren izeba, larunbateko mobilizazioan. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Larriki gaixorik dauden presoak etxeratzeko eskatu zuten larunbatean, Kursaaletik Saguesera, Zinemaldiaren azken egunean egindako mobilizazio baten bitartez.
Senideek ireki zuten martxa, gaixo dauden presoen izenak zeramaten kartelak eskuan zituztela. Hauen artean Jagoba Codo donostiarraren izena zegoen. Hain zuzen ere, amaratarrak 14 urte bete ditu kartzelan, eta, 51 urterekin, osasun arazo ugari ditu dagoeneko: ebakuntza ezberdinen beharra izan duten ahoko arazo larriak, tunel karpiano bilateralaren sindromea, meningitisa, bertigoak…
Gehien eragiten dion gaixotasuna, ordea, Espondilitis Ankilosante izenekoa da. Gaixotasun erreumatiko kroniko eta progresiboa da, kasu gehienetan larri bezala kontsidera daitekeena. Gaixotasun hau izateagatik duela urte batzuk Oiartzungo preso bat aske geratu zen, baina Codorekin ez da gauza bera gertatu, «garaiak aldatu direla dioten arren», Sarek salatu bezala.
Jabi Hernando, Justo Atristain, Amaia Sarasola eta Aitor Alberdi medikuek gutun bat bidali dute, larunbateko mobilizazioaren testuinguruan; bertan, garbi uzten dute Codok kalean egon beharko lukeela, osasun arrazoiengatik: «Jagobak arazo osteoartikularrak ditu gorputz osoan zehar: lepo eta bizkarrean, sorbaldetan, besoetan, ukondoetan, aldaketan, oinetan… Minak, inflamazioak, zurruntasunak, lokartzeek maiz ezintasun handiarekin uzten dute, zutik mantentzeko zailtasunekin, eskutitzak idazteko ere arazoekin».
Hiru urtez Donostiako Ospitaleko erreumatologia zerbitzuaren zaintzak jaso ditu, hiru hilean behin. Bere izena preso gaixo larrien zerrendan agertu eta egun batzuetara, ordea, Martuteneko kartzelatik Castellonera urrundu zuten. «Kasualitatea? Oraindik ez du erreumatologo batek berriro ikusi Jagoba, eta ozta-ozta jaso ditu sintomak arintzeko beharrezko medikamentuak. Bere senideengandik jasotako azken berrien arabera, deskribatutako minez gain, zurruntasun handia nabari zaio eta deigarria da nola ari den konkortzen», jakinarazi dute medikuek.
Jarraipenik gabe
Gaixoaren jarraipena, dieta eta, batez ere, erreabilitazio programa egokituak ezinbestekoak dira gaixotasun horren aurrean, medikuen esanetan. «Gainera, askotan tratamendu erasokorragoak jaso behar izaten dituzte, eta hauek jarraipen estuagoa eskatzen dute. Nola egingo du hori guztia kartzela barruan? Zein dira kartzela aldaketarako arrazoiak? Erabaki horren atzean ez dago inolaz ere osasun edo gizatasun arrazoirik», azaldu dute.
Codo adibide bat da, beste kasu batzuk ere badaudelako: «Ez da osasun arazo larriak dituen preso bakarra, ez dugu ahaztu nahi gainontzeko preso gaixoen egoera larria. Guztiek dituzte sobera arrazoi euren etxeetan egoteko, beharrezkoa duten tratamendu egokiena baldintza onenetan jasotzeko».
Medikuek argi dute euren betebeharra dela «pertsona eta mediku bezala, hori aldarrikatzea, eta jendarte osasuntsu batena hori lortzeko indar egitea».