Erakusketaren aurkezpena gaur, Cemento Rezola museoan. (Argazkia: Cemento Rezola Museoa)
Emakumeak eta Arkitektura erakusketak, Italcementi taldeak antolatzen duen arcVision Prize nazioarteko sariaren hiru urteetako ibilbidean protagonistak izan diren arkitektoen lanak jasotzen ditu. Argazki, testu eta planoen bidez hainbat arkitektoren biografiak erakusten dira Museum Cemento Rezolan: Carla Juacaba brasildarra, Ines Lobo portugaldarra eta Angela Deuber suitzarra, besteak beste.
Sariaren helburua nazioarteko arkitektura garaikideko emakumeen irudia bultzatzea da.
Museoaren urtemuga
Museum Cemento Rezolak, 2000. urtean inauguratua, egitarau bat antolatu du kultur jardueraz betea, publiko ezberdinei eskainia, bere XV. urteurrena ospatzeko. Egitarauak, lengoaia sortzaile ezberdinak batzen ditu: erakusketak, musika, dantza emanaldiak, zinema-dokumental ziklo bat… Urtemuga ospatzeko egitaraua joan den urriaren 17an hasi zen Arkitektura-Tailer batekin: Tailer Fabrika! Maushaus taldea Añorgako pilotalekuan izan zen lanean hainbat haurrekin.
“XV. urteurrena museo bizi, dinamiko eta transformatzaile batekin ospatzen dugu, arnasten du, mugitzen da eta birsortzen da proposatutako ekintza bakoitzarekin eta betiere Añorgako bizilagunen presentzia eta parte-hartzearekin”, azaldu du Jose Maria Echarri
FYM-Cementos Rezolako ohorezko presidenteak. Azpimarratu du museoak Hiri-Zentro eta Kultura-Etxe baten moduan diharduela, “irekia eta partaidetzarekin, gure enpresaren ekintza guztiak gidatzen dituen konpromiso eta giza-erantzukizunekin bat eginik”, eta Donostia 2016rekin duten konpromisoa berretsi du.
Añorgako zinema zaharra
Museum Cemento Rezolaren XV. urteurrenak Añorgako kolonia industrialaren parte izandakoaren zinema zaharraren berrirekitzea ekarriko du, egun batzuetarako soilik baldin bada ere. Aretoak bere ateak berrirekiko ditu zinema-dokumental ziklo baten emanaldirako: “Ondare industriala: bizimoduak eta ingurunea”, Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoarekin (EHU) elkarlanean antolatua, eta 2015 Ondare Industrialaren Nazioarteko Urtearekin bat eginez.
Ikus-entzunezko ziklo honek formatu ezberdinetan erakutsiko dituen obrek leku ezberdinetako auzoak izango dituzte protagonista. Arreta berezia eskainiko die langile-auzoei, Añorga bere sorreran izan zen bezala, eta ingurune industrialarekin duten erlazioa. Ikuskizunek gune industrialen bilakaera, birmoldaketa eta auzo hauen historia jarriko dute ikusgai.
XV. urteurreneko atal artistiko-musikala bertso saio musikatu batekin eta Añorgako Arkaitz Dantza Taldearen emanaldiarekin osatuko da, azken hau 60 heldu eta 40 haurrez konposatua. Musika eta dantzako ikuskizun hau urriaren 31n izango da.
Donostia 2016 Kultura Hiriburutza
Urriaren 17ko tailerraz gain, Donostia 2016rekin elkarlan gertukoena datorren urteko urtarrilean gertatuko da Arkitekturaren inguruko topaketa batzuekin. “Laborategi-gune” bat non helburua arkitekto profesional eta arkitekto gazteen arteko elkarrizketa bultzatzea da. Topaketa hauek, Donostiako Arkitektura Goi Eskolarekin batera antolatua, honako gai hauek barne-hartuko ditu: Emakumea eta arkitektura, Arkitektura lengoaia eta joera berriak, Arkitektura garapenean dauden herrialdeetan, Pedagogia eta Arkitektura eta Praktika onak.
105.000 bisitari
1850etik Añorgan finkatua dagoen FYM-Cementos Rezolaren eskutik etorri zen Museum Cemento Rezolaren eraikitzea. Antzinako auzoko eskola izandakoa ireki zuen berriz. Luis Peña Gantxegi arkitektoari eskatutako proiektua berritzailetzat jo zuten, “arkitektura eta harekin erlazionatutako ikaskuntza teknikoko ikasleentzat formakuntza gehigarri baten moduan.
Aurtengo otsailerako 100.000. bisitari jaso zituen, eta irailaren 30rako 105.000 bisitari kontatu ditu jada.