Politika orokorreko udalbatzarrean datorren urteko aurrekontuaren berri eman du alkateak; 313 milioikoa izango da.
Politika orokorreko udalbatzarra. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Hauteskundeetan botoa eta konfiantza eman zieten herritarrei eskerrak emanez hasi du Eneko Goia alkateak
politika orokorreko udalbatzarra. Kanpainan zehar auzoz auzo ibili zirela gogoratu du herritarren ekarpenak eta kezkak jasotzen, eta legealdi honetan horiei guztiei erantzuna ematen saiatuko direla esan du. Lehen aldiz, legealdi osoko
gobernu programa idatziz aurkeztu du udal gobernuak, eta agerraldian, programa horretako ideia nagusiak azpimarratu ditu Goiak.
Dena dela, kanpainan hasitako bideari jarraituz, “politika egiteko modu berri bat”, landuko dutela esan du. “Herritarrek politika eta politikarienganako konfiantza berreskuratu” behar dutela esan du. Horretarako “gardentasuna, gertutasuna eta jarrera etikoa” izango dituzte ardatz. Herritarren parte hartzea sustatuko du udal gobernuak, “hiri proiektu bateratu bat” sortzeko. Aurrekontuak ere modu parte hartzailean egingo dituztela aurreratu du Goiak: “datorren urteko aurrekontua dagoeneko zehaztua dago, baina datozen urteetakoak herritarren beharrak eta ekarpenak kontuan hartuta zehaztea da gure asmoa”, esan du. Gaurko agerraldia baliatu du alkateak, datorren urteko
aurrekontua 313 milioikoa izango dela aurreratzeko. Zentzu horretan, hiriaren egoera “ona” dela esan Goiak.
Dena dela, langabeak ere gogoan izan ditu.
10.057 langabe daudela esan du, eta zenbakien atzean izen abizenak daudela gogoratu du. Horregatik udal gobernuaren lehentasuna “hiriaren etorkizun ekonomikoa bermatzea” izango omen da. Halaber, zerbitzu publikoak bermatu eta jardun ekonomikoari bultzada emateko lehenik aberastasuna sortu behar dela adierazi du Goiak. Udal gobernuarentzat ezagutzaren eta berrikuntzaren hiria da Donostia, eta erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa dela uste dute enpresa proiektuak abiarazteko. Goiaren esanetan, hiriko industriagune eta teknologia-parkeei bultzada ematea oso garrantzitsua da.
Merkataritza, ostalaritza eta turismoa dira udal gobernuarentzat hiriko ekonomiaren beste hiru zutabeak. Saltoki txikien beharrei erantzun eta auzo guztietako komertzioei laguntzea aurreikusi du udal gobernuak, “auzorik apalenetan ahalegin berezia eginez”. Bestalde, udalarenak diren merkataritza gune nagusiak, Arcco Amara, San Martin eta Bretxa, esaterako, biziberritzeko asmoa erakutsi du Goiak.
Turismoa “etorkizuneko indarguneetako bat” izango dela adierazi du Goiak, eta 2016a urte erabakigarria izango dela gaineratu du nazioarteko merkatuan hiriari bultzada emateko. Dena dela, horretarako “hiria prestatu beharra” dagoela uste du Goiak, eta horretarako
irisgarritasuna hobetzea ezinbestekotzat jo du. Metroa eta AHTaren proiektuak “klabeak” izango direla esan du. Proiektu horien garrantziaz arduraturik, “hiriaren interesak irmoki” defendatuko dituela esan du, proiektuak “modurik egokienean” garatu daitezen.
Kanpo loturez haratago, hiri barneko
mugikortasun iraunkorra sustatu nahi du udal gobernuak, bai bizikleten erabilera sustatuz, eta baita kalitatezko autobus zerbitzua indartuz ere. Bestalde, auzo garaietara iristeko hainbat proiektu garatuko dituztela iragarri du Goiak, “
mugikortasun bertikala berreskuratuz”.
Hiriko kultur aberastasuna nabarmendu du Goiak, eta
kultura “elkarbizitzarako tresna” dela esan du. Bere esanetan, asko dira hiriko agente, azpiegitura eta jarduera ekonomikoak, eta “guztien lana oso garrantzitsua izango da kultur erreferente bilakatzeko”. 2016ari begira egin ditu adierazpen hauek. Izan ere, udal gobernuarentzat kultur hiriburutza eta Tabakalera dira kultur arloko proiektu nagusiak, baina ez bakarrak.
Kultur hiriburutzari dagokionez, ostiral honetan aurkeztuko dute egitarau osoa, eta proiektu horiek “errealitate bilakatzeko garaia” dela esan du Goiak. Kultur hiriburutza egoki kudeatuko dutela sinetsita dago alkatea, eta udala “esfortzu berezia” egiteko prest dagoela gaineratu du.
10 milioi bideratuko ditu udalak kultur hiriburutza garatzeko; bost milioi fundazioarentzako, eta beste bost, “hiria prestatzeko”. Kultur arloan “jauzia emateko” aukera bikaina izango omen da hiriburutza, eta jauzi horren “emaitza iraunkorra”
Tabakalera izatea nahi dute, “hiriaren ikur” bilakatuz, eta “herritar guztientzako gune kulturala bihurtuz”.
Euskarari ere garrantzia handia emango dio gobernu programak. Aurreko legealdian euskararen erabileran eta normalizazioan egindako urratsak nabarmendu ditu Goiak, eta bide beretik jarraitzeko asmoa erakutsi du, VI plana garatuz. Herritarren nahiz administrazioan euskararen erabilera sustatzeko beharraz hitz egin du.
Hirigintza egitasmoei dagokionez, etxebizitzen prezioa “kezkagarria” dela onartu du Goiak. Eskaria oso handia da, eta udal gobernuak hainbat hirigintza proiektu ditu mahai gainean eskaera horri erantzuteko.
Txomin Eneako proiektua nabarmendu dute, eta hemen ere aurreko gobernuak egindako lana azpimarratu dute.
Azkenik,
bakea eta elkarbizitzaren aldeko apostua nabarmendu dute. Bizikidetzak hobera egin badu ere, normaltasunaren bidean lan asko dagoela egiteko esan du Goiak. Dena dela,
giza eskubide guztiak errespetatzeko konpromiso argia erakutsi du, eta “giza eskubideen defentsa hiriaren bereizgarri bat” izan behar duela esan du. Horretarako Aieteko Giza Eskubideen Etxeko jarduerak indartuko dituzte. “Indarkeria kasu guztiek egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea” izango dutela adierazi du Goiak. Elkarbizitza “elkarrekin bizitzea” dela azpimarratu du.
EAJ eta PSE-EEk osatzen dute udal gobernua, eta Ernesto Gasco lehen alkateordeak bere egin ditu Goiaren azalpenak: “Ezberdinen artean osatutako gobernua” dela esan du Gascok. Arduraz jokatuko dutela esan du eta interes partikularrak bazter utzita, “hiriaren interesen alde” lan egingo dute.
Oposizioarentzat programa eskasa da
Alkatearen ordubeteko agerraldiaren ondoren, gainerako alderdietako bozeramaileek hartu dute hitza, handienetik txikienera.
Hala, sozialisten ondoren,
Bilduk eman du iritzia.
Amaia Almirallen arabera, “desengainua” hartu dute datozen urteetako programarekin, “eskasa” delako. Parte hartzea oinarri hartuko dutela esatea gogor kritikatu du Almirallek: “ez da bidezkoa, aurreko legealdian parte hartze prozesu baten bidez hartutako erabaki asko atzera bota dituzuelako; herritar haienganako errespetu falta da hori”.
Gardentasun falta eta informazio eza leporatu dizkio Bilduko ordezkariak alkateari, eta “alternatibak planteatzen dituzten ereduei bizkarra” ematen dietela adierazi du,
Kortxoenea eta
Kaleratzeak Stop plataformaren kasuak gogoratuz.
Beren irudia zaindu eta marketing estrategiak lantzen dituzten bitartean, politika eredu zaharretara itzuli direla esan du Almirallek, “erabakiak ezkutuan hartuz”. Mugikortasun eta merkataritza ereduaren inguruko kezka adierazi dute, metroa, AHTa eta San Bartolome muinoko proiektuak aipatuz.
Turismoari eman nahi zaion pisua ere salatu du Bilduk: “turismoa garrantzitsua da, baina hiria donostiarrentzat izan behar du, ez turistentzat”, esan du Almirallek.
Miren Albistur PPko bozeramailea bereziki kritikoa izan da Eneko Goiarekin. Bilduren legealdian “hiria geldirik” egon dela esan du eta jeltzaleengan jarri du ardura: “Zuek ahalbidetu zenuten Bildu agintera heltzea duela lau urte. Galdutako lau urte izan dira, baina orain zuen txanda da”, esan du Albisturrek.
Hiriaren egoera aztertzeari utzi eta lanean hasteko garaia dela esan dio Albisturrek alkateari. Erakundeen arteko harremanak landu eta Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza nahiz Espainiako Gobernuaren aurrean “hiriaren interesak defendatzeko” eskatu du.
Bestalde, parte hartzea sustatzeko modurik egokiena barrutiak osatu eta eremu bakoitzak bere aurrekontua izatea dela adierazi dute popularrek.
Irabazi Donostiak, hazteko helburuei jarraituz lan egitea egotzi dio udal gobernuari. Etxebizitzen kasuan, adibidez, “ez da beharrezkoa etxebizitza gehiago egitea, daudenak egoki kudeatzea baizik, esan du
Amaia Martin bozeramaileak. Bere ustez, gizarte eredua aldatu beharra dago, kontsumo ereduak aldatu. Udalari dagokionez, baliabideak egoki banatu behar direla azpimarratu du Martinek, “bizitza, etxebizitza eta lanpostu duinak” bermatzeko.
Jarduera ekonomikoari dagokionez, ekintzaileak “beren ondasunak hipotekatu behar izan dituzten autonomoak” izan ohi direla esan du, eta lanpostuez haratago, lanpostuen kalitatean lan egiteko eskatu du Martinek. Sustapenak ematen dituen laguntzak ikuskatzeko ere eskatu du, “benetan eraginkorrak” diren ziurtatzeko.
Azkenik, ingurunea eta energia berriztagarriak izan ditu hizpide Martinek, eta baita zaborrak ere. Sailkatzearen aldeko apustua defendatu du: “berrerabilpena sustatu behar litzateke, eta ondoren bilketa selektiboa, eta derrigorrezkoa gainera; bilketa hori egiteko sistema gutxienekoa da”, esan du Martinek.
Hiru orduko etenaldiaren ondoren, arratsaldean bigarren txanda bat egingo dute, goizean mahai gainean jarri dituzten gaietan sakontzeko.