«Lortutako arrakastarekin jada ezin dugu hutsik egin»
Hamar urte daramatza probako korrikalariak musikarekin animatzen, Gaintxurizketan, pirataz jantzita; antolakuntzak nahaste mahai bat utziko dio aurten, bigarrenez.
Jaime Alzugarai, Behobia-Donostia lasterketaren jarraitzailea
Korrikalari zein ikusle izanik, bandera pirata bat ikusiko zenuten noizbait Behobia-Donostiako ibilbidean. Bada, erreferentzia eta ospetsu bilakatu den Jaime Alzugarairekin (Egia, 1966) hitz egin du HITZAk. Hamar bat urte daramatza korrikalariak era bitxi batean animatzen. Izan ere, gorputza astintzeko moduko musika ozen baino ozenago jartzen du donostiarrak. Nolatan hasi zinen Behobia-Donostiako korrikalariak musikarekin animatzen? Txikitatik izan dut ohitura gurasoekin Behobia-Donostia ikustera joateko. Eta hogei urte inguru nituenean, korrikalari bezala parte hartu nuen. Horrela lauzpabost urtez ibili nintzen. Auzoko bizilagunak animatzeko asmoz, lehenengo autoa eta geroxeago furgoneta erabiltzen hasi nintzen. Ibilgailuaren ate guztiak ireki eta musika ozen jartzen nuen, korrikalarientzako laranjak banatzearekin batera. Azkenaldian, baina, aldaketa batzuk egin behar izan dituzu. Bai, hala da. Lehen Gaintxurizketan jartzen ginen, Lezoko aldean. Orain ibilbidea aldatu dutenez, maila berean dagoen beste toki batean jartzen gara, errepide nazionalean, altzarien denda baten ondoan. Musika jartzeko ez dugu furgoneta jada erabiltzen. Behobiako antolakuntzak nahaste mahai bat eta bozgorailu batzuk utzi dizkigu. Beraz, orain horiekin animatzen ditugu korrikalariak. Behobiakoak oso jatorrak izan dira gurekin, pozik gaude. Pozik zaudetela diozu. Ez zara bakarrik joaten, ala? Ez, nire lagun Pili eta bere ilobekin joaten naiz. Jendeak familia bat garela pentsatzen du. Ikusten gaituztenean haurrak nola dauden galdetzen digute. Orain 10 eta 12 urte dituzte, eta txiki-txikiak zirenetik etorri izan dira gurekin. Euren saltsan egoten dira, beti zereginen bat dute, laranjak banatzea, adibidez. Baina aspertzen badira, beraientzako jolasak prest izaten ditugu. Zein musika mota erabiltzen duzue? Jendeak heavy musika jartzen dugula dio, baina rock and rolla da. Rock and rollak heavy, punk, hardcore, rockabilly eta beste estilo batzuk hartzen ditu bere baitan. Azken finean, gure grina hori da. Zergatik estilo horiek? Jendea isilik doanez pila bat entzuten da, eta abesti azkarrak direnez, korrikalariak aktibatzeko modukoak dira. Gainera, klasiko batzuk ere jartzen ditugu, jendearentzako ezagunakizan daitezkeenak. Abestien bilduma urtez urte aldatzen joaten gara, eta musika talde berriak sartzen ditugu. Behin baino gehiagotan korrika ari zirenek eskaerak egin izan dizkidate: Jarri Iron Maidenen zerbait! bezalakoak entzuten ditut, eta horiek kontuan hartzen saiatzen naiz. Egun horretan eramaten dituzun ikurrek rock and rollarekinzerikusia dutela esan daiteke. Bai. Pili izaten da musika jartzen duena, eta ni banderekin egoten naiz. Txano eta kamiseta piratak janzten ditut, eta bandera pirata eskuan hartuta animatzen ditut korrikalariak. Piraten kontuak beti izan du harremana bihurrikeriarekin, eta musika talde askok bandera pirata dute. Bandera pirataz gain, besteren bat eramaten duzu? Pirata beti eraman izan dut. Azkenaldian, ikurrinarekin ere joaten naiz, eta batzuetan, arrano beltzarenarekin ere bai. Urte batean saharar batek Behobian korrika egingo zuela jakin genuen, eta babesa adierazteko saharar bandera bat margotu genuen. Korrikalari ona zen, laugarrena edo gelditu zen. Horrelako pasadizoen bilduma zabala izango duzue. Baditugu anekdotak, bai. Duela urte batzuk, furgonetarekin joaten ginenean, bateria gabe gelditu, eta Gaintxurizketatik ezin atera egon ginen. Beste batean, Alemaniako aireportu batean bizkaitar batzuk ezagutu ninduten eta niregana etorri ziren: ‘Zu zara Behobiako pirata!’, esaten zidaten. Ospetsuak egin zarete, beraz; zu bereziki. Jende guztiak lasterketagatik ezagutzen gaitu, eta ibilbideko erreferente bat bihurtu gara, bai korrikalari eta baita ikusleentzat ere. Korrikalari askok orain kamerak eramaten dituzte ibilbidean zehar, eta gu jartzen garen tokira iristen direnean, argazki bat atera nahi izaten dute nirekin. Noizbait huts egin duzue? Ez, eguraldi ona edo txarra egin, bertan izaten gara, azken korrikalariaren zain. Gogoratzen dut behin joateko zalantzak izan genituela. Aurreko egunean kontzertu bat zegoen, eta gogo handia genuen ikusteko. Orduan, kartel bat jartzea pentsatu nuen, ez nintzela seinalean egongo esanez. Baina kontzertua ez zen oso ona izan, eta azkenean Behobia egunean han izan ginen. Bezperan dagoeneko ez gara ezta ateratzen ere. Egun berezia da, eta lortutako arrakastarekin, jada ezin dugu hutsik egin. Esan duzu hogei bat urte zenituenean Behobia-Donostian parte hartu zenuela. Zein izan da zure markarik onena? Ni ez nintzen oso kirolzalea, egia esan. Baina, Behobiaren aitzakiarekin, auzoko lagun batzuk korrika hasi ginen, eta lauzpabost probetan hartu nuen parte. Gure artean lehia pixka bat zegoen, Bulebarreko azken txanpan esprintatu egiten genuen. Nire marka urte guztietan antzekoa izan da, ordu eta erdi, ordu eta berrogei minutu ingurukoa. Behobia-Donostia egiteari utzi ondoren, korrika egiteari ere utzi zenion? Ez. Korrika egiteko ohitura hartu nuen, eta egunero hamabi kilometro egiten nituen. Hori bai, astean zehar bakarrik. Asteburuak sakratuak dira niretzako, rock and rollerako dira. Orain, gimnasiora joaten naiz; korrika egitea oso gogorra da!