Mikel Zabalza auzia eta torturari buruzko dokumentala egiteko proiektua aurkeztu dute, Aieteko Bakearen Etxean.

Aieteko Bakearen etxean egin dute ekitaldia, ordezkari eta pertsona ugariren babesarekin. (Argazkia: Lide Ferreira)
Mikel Zabalzaren auzian oinarrituta, Euskal Herrian torturak izan duen eraginari buruzko dokumentala ari dira egiten,
Galdutako Objektuak izenburupean. Bada, gaur goizean, Memoriaren Egunaren biharamunean, proiektu horren berri eman dute Aieteko Bakearen Etxean. Ekitaldira hamarnaka pertsona eta aurpegi ezagun hurbildu dira: Zabalza sendia, aurten Altzan sortu berri duten Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideak, Donostiako alkate Eneko Goia eta EAJko zenbait politikari, eta udaleko EH Bilduko zinegotziak, besteak beste.
Duela 30 urte gertatutakoa ekarri dute gogora, eta Guardia Zibilaren bertsioa sinestezina dela errepikatu dute. “Intxaurrondon jasandako torturengatik hil zen, eta hori horrela izan zela esateko hamaika froga daude”, adierazi dute ekitaldi hasieran. Auzia konpontzeko saiakera guztiek, ordea, huts egin dute, eta “oraindik ez dago erantzulerik”. Istorioa zabaltzeko garaia dela esan dute, eta 30 urtez iraun duen zauria hein batean “sendatzen joateko” ari dira dokumentala egiten.
Ikus-entzunezkoaren egileetako batek,
Miguel Angel Llamas Pitu-k, azaldu duenez, Zabalzaren familiak egun haietan jasotako erantzun mingarria jarri diote izenburu gisa dokumentalari. Zabalzaren amari erantzun hura eman zioten Intxaurrondoko kuartelean. Semea galdu bazuen, joateko galdutako objektuen bulegora. Zabalzaren kasua, baina, ez dela kasu isolatua salatu du Pituk: “
Tortura Estatuak erabilitako gerrarako tresna da, sistematikoki erabili dutena”.
Horren harira hitz egin du
Iñaki Egañak, Euskal Memoriaren izenean. Tortura jasan duten guztiek egia eta justizia behar dituztela nabarmendu du, eta dokumentalak ekarpen handia egingo duela: “Beharrezkoa da torturaren egia ezagutzeko eta ezagutzera emateko, bizikidetza justu bat eraiki nahi badugu”.
Zabalza auzia gertutik ezagutu duten adituak elkarrizketatu dituzte: Zabalzaren senideak, Iñigo Iruin abokatua eta harekin batera atxilo hartu zituzten hainbat. Horiekin batera, torturari buruz jardun dute, besteak beste, Paco Etxeberria forentsearekin eta Theo Van Boven nazioarteko kontalariarekin.
Lana aurrera eramateko,
15.000 euro bildu nahi dituzte datozen berrogei egunetan. Horri buruzko informazio guztia
Verkami plataforman, proiektuaren webgunean eta
www.mikelzabalza.eus atarian jarri dute irakurgai. Honela, 2016ko irailerako prest izango luketela aurreikusi dute.