Parte Zaharrean 188 apartamentu turistiko eta 53 pentsio daude. Auzo elkarteak ohartarazi du turismoaren aldeko apustua bizilagunen bizi kalitatea ari dela kaltetzen.
Parte Zaharreko etxe batzuk. (Argazkia: Estitxu Zabala)
«Turismoak mugitzen duen diruak ezin du guztia justifikatu eta herritarrak babesgabe utzi. Administrazioak beharrezko tresnak jarri behar ditu desorekak zuzendu ahal izateko, eta, gainera, erabili egin behar ditu betearaziz».
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen hitzak dira horiek. Turismoak ekartzen dituen ondorioekin kezkatuta dago, elkartearen ustez, zerbitzuetara bideratutako ereduak alde ilunak ere badituelako, erakundeek eta agintariek aipatu egiten ez dituzten arren: «Turista kopuruak, 2015eko abuztuan, aurreko hilabeteetako marka hautsi du. Turismo datuek aurten aise gainditzen dituzte iazkoak, hauek marka absolutuak izanik ere. Behin eta berriz hedatzen dituzte mezu hauek telebistan, prentsan eta irratian, etengabeko hazkundea albiste ona bailitzan, gauza baikorra eta desiratua izango balitz bezala».
Turismoaren hazkunde mugagabearen aldeko politika «jasanezina» dela nabarmendu du Parte Zaharrean Bizik, eta auzoan turistei ostatu emateko eskaintzen diren etxebizitzen kopurua izugarri igotzen ari dela ohartarazi du.
Sei mila bizilagun
Parte Zaharrean sei mila lagun inguru bizi dira, Bulebarra, ibaia, Kaia eta itsasoaren artean dagoen eremuan. Bada, auzo elkarteak emandako datuen arabera, 188 apartamentu turistiko eta 53 pentsio daude bertan. «241 dira, beraz, bizitzeko erabilera izateari utzi eta erabilera komertzial bat dutenak», azaldu du.
«Publikoa dena laidotu eta interes pribatua goratzen duen modelo honek kontrol instituzional falta nabarmena du eta gestore politiko eta lobby sustatzaileen interesekin bat egiten du. Inbasio turistikotik etekina ateratzen du eta auzokideak bota egiten ditu», ondorioztatu du.
Hori dela eta, Administrazioak gertaeren aurretik joan beharko lukeela uste du, «eta ez erreakzionatu arazoa lehertzen denean». Elkartearen hitzetan, «badaki zer gertatzen ari den, ezagutzen ditu eragiten dituzten arazo eta eragozpenak, baina ez du ezer egiten. Kontrolik eza agerikoa da, arazoa gero eta handiago bihurtzen ari da eta interes pribatuak auzoa suntsitzen ari dira, murrizketarik gabe jardunez, eta onura gutxi batzuei soilik ekarriz».
Parte Zaharrean Bizik ohartarazitakoaren arabera, gaur egun indarrean dagoen pentsioen araudiak galaraziko luke lehen solairutik gorako etxebizitzetan kokatzea, «baina pentsioak jadanik pisu askotan zeudenean iritsi zen araua. Orain, apartamentu turistikoak arautzen dituen araurik gabe, edozein pisutan aurkitzen ditugu».
Elkarteak gogora ekarri du lege bat osatzen ari direla hori guztia arautzeko, eta, ia urtebetez ostalaritza sektoreko hainbat eragilerekin bildu ostean, Eusko Jaurlaritzak testu bat adostu duela aurreratu du. «Baina nor gogoratu da bizilagunekin? Ez al dugu garrantzirik? Ados gaude konpetentzia desleialarekin bukatu behar dela eta zergak ordaindu behar dituztela beste edozein jarduera ekonomikoetan bezalaxe, baina lege berriak ezin du horretara mugatu. Muga batzuk ezarri behar dira atariz atari, kalez kale, auzoz auzo; establezimendu berrien irekitzea galaraziko duen espazio-asea figura arautu behar da. Sortzen diren zarata eta eragozpenei aurre egin behar zaie: garbitasuna, zaborren kudeaketa eraginkorra, intsonorizazioa, kontrolak gauzatuko dituzten ikuskatzaileak, azkartasuna salaketei erantzuteko…».
Azken batean, bizilagunen kezkak eztabaidatik kanpo utzi dituztela salatu du Parte Zaharrean Bizik. «Parte Zaharra oso garesti ordaintzen ari da arrakasta. Ostalaritzak eragindako okupazioa, negozio pribatuen erakustokien okupazioa kale eta plazetan, turista-olde masiboa, oztopo bihurtzen dira eta auzokideen arteko harremana kaltetzen dute», berretsi du elkarteak.
Ondorio kaltegarriak zerrendatu ditu: «Gauez sortzen den zaratak atsedena eragozten du. Apartamentu turistikoek eta pentsioek etxebizitzaren prezioa garestitzen dute, eta auzotarrak kanporatzen dituzte. Harreman sozialak pobretu eta hondatu egiten dira, gero eta arrotzagoa zaigun ingurune batean». Parte Zaharra modu horretan irudikatu eta gero, auzoa bera «hiltzear dagoela» ohartarazi du. «Bien bitartean, Pintxolandia indartzen ari da», erantsi du.