Alegazioak aurkeztu dituzte, Donostialdeko Zatikako Lurralde Plana bertan behera uztea eskatzeko
'PTPari EZ! Lurrak eta Herriak Bizirik' lelopean egin dute, elkarretaratze batekin batera.
Hainbat mugimendu sozial, politiko eta bizilagunen elkarteetako kideek Donostialdea-Bidasoa Beheko Zatikako Lurralde Plana (ZLP) bertan behera uzteko eskatu zuten aurreko astean. Bada, atzo elkarretaratzea egin zuten Eusko Jaurlaritzak hirian duen egoitzan, planari alegazioak aurkezteko. Atxikimendua adierazi dute, besteak beste, Metroa gelditzeko Donostiako bizilagunen eta elkarteen batzarra, Donostia Bizirik, EH Bildu, Irabazi, Donostialdeko Stop Kaleratzeak, eta Abiadura Handiko Trenaren aurkako Donostiako taldea.
Plan horrek eragindako herrietako hainbat talde elkartu dira, PTPari EZ! Lurrak eta Herriak Bizirik! lelopean. Alegazio aurkezpen kolektibo honen bidez, Planak eskualdeko herrietan piztu dituen erantzunen eta alegazioen berri eman dute. Halaber, hainbat udal ordezkarik, mugimendu sozialek, talde ekologistek, bizilagun elkartek eta indar politikok izenpeturiko alegazio bateratua bat aurkeztu dute, PTPa bertan behera uztea eskatzeko.
Planak zenbait herrietan erantzunak eta ekimen desberdinak piztu ditu, eta hainbat pertsona eta talderen artean batzarrak egin dira azken asteotan erantzun bateratu bat bultzatzeko. Donostian, esaterako, ehundaka izan dira azken egunotan Metroaren egitasmoa Planetik kentzea eskatzeko sartu diren alegazioak.
Aurrera begira, eta ekimenari jarraipena emateko, hurrengo bilera abenduaren 9an egingo dute, 19:00etan, Lezoko Kultur Aretoan (Donibane kalea).