Elkartea ekonomikoki kinka larrian dago, eta herritarren laguntza ezinbestekoa dute euren jarduna ziurtatzeko.

Agerraldia Donostiako Kafe Antzokian egin dute, Antiguan. (Argazkia: Etxerat elkartea)
Euskal herritarrei laguntza eskatu diete gaur goizean
Etxerat Elkarteko kideek. Peio Zabala, Endika Guarrotxena, Xabier Solano, presoen senideek eta erbesteratuek Etxerat Lagun kanpaina aurkeztu dute, Donostiako Kafe Antzokian. Izan ere, elkarteak ekonomikoki kinka larrian dagoela adierazi du, eta aurrera egiteko herritarren laguntza ezinbestekoa duela.
Euren jardun nagusiak asistentzia eta sostengua eskaintzea, izaten diren urraketa etengabeak salatzea, bisitak eskatzea eta beste modu batean bidaiatzeko aukerarik izango ez luketen pertsona eta familia ezberdinentzat furgonetak eta autobusak antolatzea dira. Jardun horretan gogor eta etenik gabe jarraitzeko, ordea, herritarren laguntza beharrezkoa dute, eta bide horretan jaio da Etxerat Lagun.
Nola lagundu
Azaldu dutenez, Etxerat Lagun Etxerat-ekiko elkartasun sentimenduak dituzten norbanako eta eragileak bilduko dituen ekimena da. Elkartea lagundu nahi duen edonor izango da Etxerat Lagun. Era asko daude laguntzeko: ekarpen ekonomiko batekin, baliabide edo ezagutzen bitartez, ekimenetan lagunduz…
Oraingoz, Etxerat-en jarduna ziurtatzeko, helburu nagusia dirua batzea da, kuotakideak lortuz, eta horretara zuzentzen ari dira euren kanpaina. Nahi duen orok hainbat bide ditu Etxerat-ekin ekonomikoki kolaboratzeko.
Eskuorria on-line betez, berau inprimatu eta posta arruntaz bidaliz, edota
etxeratlagun@etxerat.info posta elektronikoan zein 646 02 88 84 telefonoan elkartearekin harremanetan jarriz.