Euskal Herrian Euskaraz-ek euskaltzaleen esperientziak eta eguneko gertaerak sare sozialetan zabaltzeko dei egin du, #EgotetikEgitera traola erabiliz.

Bulebarreko kioskoan egin dute agerraldia. (Argazkia: Lide Ferreira)
Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) agerraldia egin du gaur Donostiako Bulebarreko kioskoan. Bertan, euskaltzale ugari bildu dira, herritar guztiei mezu argi bat helarazteko:
“Euskaraz bizi bidean, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasa behar dugu, esatetik egitera”. Euskaraz bizi nahi dutenen komunitatea batu eta indartzea dute helburu. Hala,
abenduaren 3rako, Euskararen Egunerako,
deia zabaldu dute. Izan ere, egun horretan euskaltzaleen esperientziak eta eguneko gertaerak sare sozialetan zabal ditzaten eskatu diete; horretarako,
#EgotetikEgitera traola erabili beharko dute animatzen direnek.
“Denbora luzea daramagu euskaldunok bigarren mailako herritarrak garela esaten. Bada egoera horrekin bukatzeko gara, aurrera begiratzekoa. Euskaraz bizi nahi badugu, euskaldun eta
burujabe jokatu behar dugu, herritar bakoitzak dugulako aldaketak eragiteko ahalmena“, adierazi dute EHE-ko kideek.
Hala ere,
Euskararen Egunekoa ez dute ekimen isolatu moduan kokatu nahi, “euskara, euskalgintzak eta oro har Euskal Herriak bizi duen berregituratzeko prozesuan baizik”. Aldaketarako gakoa herritarren ahalduntzean dagoela sinesten dute, euskararen alde egotetik, euskararen alde egitean.
Aldaketak eragiteko, euskaldunek iniziatiba hartzea ezinbestekoa
Horrenbestez, aldaketak eragiteko, praktika sumisoa gainditu, eta praktika burujabearen aldeko hautua indartu nahi dute. Euren ekimenaren bidez
euskaltzaleengan eragin nahi dute, aldaketak eragiteko euskaldunek iniziatiba hartu behar dutela erakutsiz. Baina ez hori bakarrik, baita euskaltzale erdaldunengan eta horien jarrera erosoan eragin ere, hizkuntza eskubideen bermean eragin edota egunerokoan euskaldunek bizi dituzten gatazkan agerian utzi nahi dituzte.
Aldaketak tamainan emateko
komunitate moduan jokatu behar dutela uste dute. Ideia hori indartzeko abenduaren 3an komunitatea batu eta indartzea dute helburu gisa. Horregatik dei egiten diete euskaltzale orori, beraiekin batera euskaraz bizi daitezen, eta egun horretan beraien esperientziak eta eguneko gertaerak sare sozialetan zabal ditzaten, #EgotetikEgitera traola erabilita.
EHE-ek ere egungo egoerara egokitu nahi du. Horretarako,
ikasturte honetan egingo duten Izan, Egin, Eragin, Euskal Herrian Euskaraz gogoetaren berri ere eman dute. Aldaketak eragin nahi dituen gogoeta da, herritarren parte hartzea sustatu, eta bereziki herritarren ahalduntzetik aldaketak eragin nahi dituena. “Euskaldun izan, euskaraz egin, aldaketak eragiteko”, nabarmendu dute.