Añorgako Gazte Asanbladak antolatutako lehen kontzertuari ohore egingo diote larunbatean, 25. urtemuga behar bezala ospatzeko. Su Ta Gar musika taldea auzora itzuliko da.
David Arozena (Añorga, 1974) eta Ane Urkia (Añorga, 1991) elkartu ditu Irutxuloko Hitzak, Añorgako Gazte Asanbladaren 25. urtemugaren harira. Lehena asanbladako kidea izan zen lehen urteetan; bigarrena, hastapen haietan jaiotakoa, asanbladako kidea da gaur egun. Larunbatean ospatuko duten urtebetetzean parte hartzeko gonbitea luzatu dute batak zein besteak.
Duela 25 urte, nola sortu zen Añorgako Gazte Asanblada?
David Arozena (D. A.): 15-16 urte genituen, eta, orain bezala, Kirol eta Kultur Elkartea oso errotuta zegoen auzoan. Baina, kultura baino gehiago, kirola zen nagusi; futbola, batez ere. Kultur jarduerak auzoan egitea beharrezkoa zela ikusi genuen, zerbait egin behar zela. Gainera, joera handia zegoen lagunekin Donostiara joateko, han edo inguruan ikasten baikenuen. Añorgari bizia eman nahi genion, eta Gazte Asanblada sortzea erabaki genuen.
Nolakoa izan zen orduko gazteen erantzuna?
D. A.: Oso ona. Sorreran 30-40 lagun elkartzen ginen batzarretan, mendiko taldeak zuen lokal txiki batean, eta jarduerak antolatzen hasi ginen. Garai hartan auzoko jaiak eta festak zeuden bakarrik, eta Gazte Asanbladarekin kontzertuak, antzerkia, bertso saioak, mendi irteerak eta abar egin genituen. Bost bat urte indartsu izan ziren.
Desberdina al da gaur egun dagoen dinamika?
Ane Urkia (A. U.): Ni duela 6-7 urte hasi nintzen Gazte Asanbladan. Berpiztuta zegoen, martxa hartuta. Mutilak zeuden batez ere, eta ahoz aho ibili ziren jende berria erakartzeko helburuarekin. Belaunaldi bat ginen neska dexenterekin, eta taldean sartzea erabaki genuen. Kontzertuak eta festak bakarrik antolatu beharrean, buelta bat eman eta jarduera desberdinak egiten hasi ginen. Txantxangorri aisialdi taldea sortu genuen, hilean behin haurrentzat jarduerak antolatzen; Moxorka Mataza jarduerari ekin genion, josten ikasteko tailerrei; dokumentalak proiektatu genituen, interes zuten gaiekin; pintxo potea sortu genuen ostiraletan; eta hilabetean behin, kontzertu txikiak antolatzen genituen, bertako taldeei aukera emateko.
D. A.: Gure garaian errazagoa zen gauzak antolatzea, mugimendu asko zegoen. Lehen kontzertuan Su Ta Garrek jo zuen, BAP eta Julio Kagetarekin batera. Hasiera horiei ohore egiteko, Su Ta Gar ekarriko dugu bihar berriro, 25. urtemugaren festaren harira. Orduan frontoian izan zen kontzertua, eta 1.000 sarrera saldu genituen. Guretzat ikaragarria izan zen, 16 urte genituen, eta kontzertu hura antolatzeko kontratu bat eta guzti jarri ziguten mahai gainean. Berria zen dena. Ateratako diruarekin indarberritu genuen Gazte Asanblada, eta lokal txikia utzi eta egungo gaztetxea egokitzeko aukera izan genuen.
Zinearen eraikinean bertan dago gaztetxea.
D. A.: Okupazioa oso errotuta zegoen garai hartan, baina, gure kasuan, beste bide bat egin genuen, Añorgako Kirol eta Kultur Elkarteak ez baitigu trabarik jarri lokala erabiltzeko.
Gazte Asanbladak gogoeta prozesu bati ekin zion duela pare bat urte, ‘Gazteon ametsetako Añorga’ leloarekin. Zein ondorio atera zenituzten?
A. U.: Gazte Asanblada berpiztu egin zen duela urte batzuk, eta egokia iruditu zitzaigun galdera batzuk planteatzea, Gazte Asanbladaren helburuak zehazteko.
D. A.: Pena da berpizteak denbora gutxi iraun zuela. Hala ere, sortu genuenetik gaur arte, hutsune eta eten asko egon dira.
Gauzak horrela, nola ikusten duzue etorkizuna?
A. U.: Jende berria erakartzea da erronka. Txantxangorri aisialdi taldea hor dugu, eta ari gara 8-12 urte bitarteko haurrekin lanean, gazte direnean lotura egin dezaten. Hiltzen ez dugu utziko, hori ziur. Gazte Asanbladarik gabe, auzotar asko kanpoan leudeke, urte hauetako lana egin ezean.
D. A.: Oso pozgarria litzateke gure seme-alabek lekukoa hartzea. Egia da ez dutela erraza izango, etxebizitzaren arazoa handia baita auzoan.
A. U.: Gazte Asanbladan gaztetxoek egon behar dute. Bertan gaudenon joera naturala beste eragile batzuetan ere gure alea jartzea da, gero eta gehiago.
25. urtemuga ospatuko duzue larunbatean, hainbat jarduerekin, duela bost urte bezala, 20 urte bete zenituztenean.
A. U.: Auzoko musika taldeak elkartzea erabaki genuen, duela bost urte. Dagoeneko jotzen ez zuten taldeek kontzertua eman zuten. Oraingoan, beste modu batean planteatu dugu, lehen kontzertu hartako talde nagusia berriro ekarrita.
D. A.: Oraingoan, errazagoa izan zaigu Su Ta Gar ekartzea. Zuzenean hitz egin dugu haiekin, eta duela 25 urte euren managerrarekin aritu ginen. Su Ta Garrekoek gogoan dute Añorgan jo zuten kontzertua, eta gustura hartu dute gonbitea.