Añorgatarra zezen plazara irtengo da, abenduaren 19an, beste zazpi lagunekin batera.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalistak, Illunben. (Argazkia: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea)
Illunbeko zezen plaza izango da, beste behin ere, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaren eszenatokia, abenduaren 19an, 17:00etan. Ordezkari bat izango du bertan hiriak:
Beñat Gaztelumendi añorgatarra. Txapelketako bere hirugarren finala izango da, lau urtetik behin jokatzen duten lehian. Honakoak izango dira gainontzeko zazpi bertsolariak: Agin Laburu, Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal
Xamoa, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Unai Agirre. Inaxi Etxabe bertsolari zumaiarrak jantziko dio txapela irabazleari, “plaza ukatu zitzaion emakume bertsolarien belaunaldi oso baten ordezkari gisa”.
Añorgako bertsolaria ohitua dago jada Illunbeko oholtzan. Hain zuzen ere,
2007an parte hartu zuen lehen aldiz txapelketan, eta finalera iristea lortu zuen, baita 2011n ere. Aurreko bi txapelketa horietan bigarren postuan geratu zen, eta Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi izan ziren txapeldunak, hurrenez hurren.
Gipuzkoa Bertsotan maiatzaren 7an abiatu zuten, txapelketaren kanporaketa gisa; 74 bertsolarik hasi zuten bide hori, eta hainbat saioren ostean, zortzi izan dira final handirako sailkatu direnak.
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETAKO FINALA.
- Bertsolariak: Beñat Gaztelumendi (Añorga), Agin Laburu (Astigarraga), Alaia Martin (Oiartzun), Arkaitz Oiartzabal Xamoa (Oiartzun), Iñaki Apalategi (Beasain), Jon Maia (Urretxu), Oihana Iguaran (Amasa-Villabona), eta Unai Agirre (Hernani).
- Aurkezleak: Saroi Jauregi eta Ion Zaldua.
- Epaileak: Eneritz Azkue, Elisa Iztueta, Maite Sukia, Zigor Leunda, Bakarne Urreaga eta Mikel Lersundi.
- Idazkariak: Joxe Mari Altuna, Ane Errazkin eta Gorka Segurola.
- Langileak: 100 lagun inguru egongo dira lanean, dena behar bezala atera dadin.
- Sarrerak: Bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai sarrerak. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia dute, 15 euro; gaztetxoen sarrerak 10 euro balio du; eta gainerakoenak, 20 euro.