Itsasoan itotzear zeuden marinelak salbatzeagatik egin zen ezaguna Aita Mari; arrantzalearen ausardiak hiriaren aitortza jasotzen jarraitzen du, 150 urte geroago.
Aita Mariri omenaldia Kaian egin zioten. (Argazkia: Lide Ferreira)
Jaiotzez Zumaiakoa bazen ere, Donostian urte ugari igaro zituen Jose Maria Zubia Aita Mari marinel eta arrantzaleak. Baxurako patroi bezala egin zuen lan eta hainbatetan itsasoan itotzear zeuden marinelak salbatzeagatik bere bizia arriskatu zuen. Horregatik egin zen ezaguna. Bere salbamendu ezagunena 1861. urtean gertatu zen, Zurriolako arroken parean hainbat marinel lagundu zituenean. Ausardia horrengatik, Aita Mari eta bere marinelek Ongintzaren Gurutzea jaso zuten.
1866ko urtarrilaren 9an desagertu zen, salbamendu lanetan zebiltzanean ere bai. Hain zuzen ere, enbatak Getariako Elkano 1 eta Elkano 2 txalupako arrantzaleak harrapatu zituen, Kontxako badian. Jose Maria Zubiak euren bizitza salbatu nahi izan zuen; baina, azkenean, itsas kolpe baten ondorioz desagertu zen heroia, eta guztiak hil egin ziren.
Aita Mariri omenaldia Kaian egin zioten. (Argazkia: Lide Ferreira)
Hala, bere heriotzaren 150. urteurrenaren harira, joan den larunbatean omenaldi berezia egin zioten Kaian, Aquariumek eta Ontzi Museoak antolatuta. Jende andana bildu zen Aita Mari gogora ekartzeko; Eneko Goia alkatea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo diputatu Denis Itxaso, tartean.
Donostiako Udaleko Txistulari taldeak eta Zumaiako Beheko Plaza Abesbatzak ere parte hartu zuten ekitaldian. Izan ere, lehenengoak zenbait abesti jo zituen itsasgizonaren omenez; eta abesbatzak bi kanta eskaini zizkion. Halaber, erakundeetako ordezkariek lore eskaintza egin zioten Aita Mariri. «Aita Mari oso maitatua da Donostian, eta oso garrantzitsua den balio bat ordezkatzen du: elkartasuna. Bere bizitza jartzen zuen arriskuan besteena salbatzeko», esan zuen Donostiako alkateak.
Aita Mariri omenaldia Kaian egin zioten. (Argazkia: Lide Ferreira)