Badator V. Mikel Laboa bertsolari gazteen sariketa
Antiguako sansebastian jaien barruko ekitaldia da; hilaren 24an egingo dute, Dokan.
Bost urte dira Antiguako jaietan Mikel Laboa bertsolari gazteentzako lehiaketa egiten hasi zirela. Maialen Ukizu urretxuarrak eraman zuen iazko txapela, eta duela bi urte, Asier Azpiroz zubietarrak. Aurten Oier Iurramendi (Hernani), Eneritz Artetxe (Errezil), Aitor Servier (Azkain), Saioa Alkaiza (Iruñea), Unai Mendizabal (Zizurkil) eta Eli Pagola (Hernani) bertsolariak lehiatuko dira. Gai jartzaile gisa ariko da Jon Eskudero. Epaile lanetan, berriz, Iñigo Legorburu, Aitor Gereñu eta Leire Beloki.
Egin beharreko ariketak honako hauek izango dira: 8 handian hiruna bertso, 8 txikian, hiruna bertso, 10 txikian, hiruna bertso, bi punturi erantzun eta hitzari bertso bat. Puntuazio onena duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute. Sei puntuko motzean hiruna bertso egin beharko dituzte, puntutan sei bertso osatu arte, eta hiru bertso, nahi duten doinu eta neurrian.
Dokan lehiatuko dira sei bertsolari gazteak, hilaren 24an, 18:00etan.