Euskara eta euskal kultura zabaltzea ditu helburu nagusi gisa Egiako ikastolak; horrekin batera, ikasleak gustura egotea eta gizartera begira jartzea ditu oinarrien artean.
Aitor ikastolako haurrak, Plaza Haundin, San Sebastian eguna ospatzen. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Oso ongi ezagutzen du Aitor ikastola Julen Etxeberriak (Urretxu, 1962). Izan ere, 1987an hasi zen bertan irakasle gisa, eta hirugarren txanda du zuzendari postuan. Ikastolaren bereizgarrien berri eman dio Irutxuloko Hitzari, bere bulegoan telefonoa jo eta jo zuen bitartean, aurrematrikulazioa dela eta: «Bilera bat egiten dugu beti gurasoekin, Eizmendi dendan Power point bat jartzen dugu gure eskaintzarekin, eta gurasoak banan-bana elkarrizketatzen ditugu. Egia esan, bileran beldurtuta geratu ginen, guraso asko hurbildu zaizkigu, eta 36 haurrentzako lekua degu 2 urtekoetan».
Ikastolaren ezaugarriak oso argi ditu Etxeberriak: «Gure bereizgarri nagusia euskara eta euskal kultura bultzatzea dira; gero, auzoarekin lotzea, Egian txertatutako ikastola baita». Parte hartzeari ere garrantzia handia ematen diote: «Batzarrak ditugu denok. Ikasleak zuzendaritzarekin biltzen dira hiruhilean behin; liburu gehiago nahi dituztela, jolaslekuko saskia gorago jartzea nahi dutela… Eta gela baikoitzean gurasoen ordezkari bat ere badago, eta hiruhilean behin biltzen gara. Joan-etorriko informazio banaketa da, eta iritziak azaltzeko gunea».
Azken batean, umeak taldean gustura sentitzea nahi dute, talde kohesionatua sortzeko, eta hainbat programa lantzen dituzte horretarako: «Umeak ez badu inguruan mehatxurik ikusten, ikasketa mailan ere arrakasta lortzeko aukera gehiago izango du». Etorkin kopurua ere geroz eta handiagoa dela dio zuzendariak, eta familia horientzako ongi etorri programa dute: «Hemengo familia batek bertako kulturaren eta bizitzaren ezaugarrien berri ematen die, Egian haurrek non jolasten duten… Aberastasun gisa ikusten ditugu, baina, Hezkuntza sailetik ez dugu behar adina laguntza».
Egun, ikasleak bi eraikinetan banatuak daude: Konkorrenea eta Ametzagaina kaleetan. Lehenengoan, Haur Hezkuntza osoa dago (2,3, 4 eta 5 urtekoak), eta Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailak; eta bigarrenean, beste lau mailak, hirugarren mailatik seigarrenera: «Orain eraikinez ongi gaude, arazo bakarra da bitan banatuak gaudela. Gainera, ikastolak hemendik bi urtera 50 urte beteko ditu, eta sekula bere historian izan duen aukerarik onenean dago».
Guztira, 350 ikasle inguru dituzte, eta maila guztietan bi gela daude. Ondoren, ikastolako ikasle gehienek Lauaizetan egiten dute DBH, Intxaurrondo ikastola eta Intxaurrondo Hegoarekin batera.
Euskaraz, ikastolatik at
«Auzoarekin partekatzen dugu dena. Ikastola ez da gune bakarra eta isolatua izan behar baloreak transmititzeko. Euskaraz hemen hitz egitea lortzen dugu, baina hori ez bada kaleratzen, alferrik ari gara. Edozein gaietan, hemen programak landu ditzakegu, baina gizarteratzea beharrezkoa da, bestela hemen geratzen da», esan du Etxeberriak.
Jai guztiak auzoari begira ospatzen dituzte, San Sebastian, San Tomas, Inauteriak, Kaldereroak… Batez ere, euskara batzordearekin dute lotura. «Ikasle eleanitz proiektua lantzen ari gara orain, eta horren berrikuntza nagusia auzora zabaltzea da. Bide horretan, pare bat proiektu atera dira, eta horietako bat da Egian euskaraz bizi nahi dugulako». Kanpaina horren bidez, auzoko hainbat eragile astebetez lekukoa hartzen ari dira, egunero euskaraz hitz egiteko konpromisoa betzetzeko. Aitor ikastolak otsailaren 19tik 26ra hartuko du konpromisoa, guraso elkartearekin eta Maria Reina eskolarekin batera.
«Orain ari gara antolatzen. Txapak jarriko ditugu, zeintzuk parte hartzen ari diren jakiteko, eta aste horretan saiakera berezia egingo dugu euskaraz bizitzeko, komunikazioa oztopatzen ez den bitartean behintzat. Orain arte emaitza politak ateratzen ari dira, eta jendea pozik dago egiten ari denarekin», adierazi du zuzendariak. Hala, seigarren mailako ikasleei parte hartzeko aukera zabalduko diete: «Ezagun batzuk badakizu euskaraz dakitela, baina komunikazioa errazteagatik, gazteleraz egiten duzu. Kontua izango da horiekin ere euskaraz aritzea, beraiek gazteleraz erantzunda ere».
Edonola, beti egon da auzoari begira Aitor ikastola. Izan ere, besteak beste, hogei urte baino gehiago daramatzate Antzerki Astea egiten. Bertan, bigarren mailatik hasi eta seigarren maila bitarteko haurrek euren antzezlanak aurkezten dituzte Gazteszenan: «Gurasoak eta beste ikastetxeetako haurrak etortzen dira. Ikasleak urduri jartzen dira, baina oso gustura egiten dute. Gainera, euskararekin lotzeko oso puntu garrantzitsua da, eta udalak doan uzten digu aretoa».