"Dantza eta antzerkiarentzako plataforma bikaina da"
Arte Eszenikoen XXII. Azokaren emanaldi guztien eta jarduera paraleloen berri eman dute.
dFeriak aurtengo programazio osoa eta jarduera paraleloen aurkezpena egin du gaur goizean, Viktoria Eugenia Antzokian. Kultura zinegotzi Miren Azkaratek azaldu duenez, guztira, 31 ikuskizun eskainiko ditu Arte Eszenikoen XXII. azokak: 12 dantza emanaldi, 16 antzerki eta diziplina anitzeko 3 ikuskizun. Gainera, ikuskizunen %71 estreinaldiak izango dira. Berritasun gisa, Tabakaleran hainbat emankizun ikusteko aukera egongo da. Martxoaren 7tik 10era izango da Arte Eszenikoen XXII. azoka. Hala ere, jarduera pareleloei esker luzatu egingo da programazioa: ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak, bilera eta abar.
Emanaldien %20 euskaraz izango da (%15 euskara hutsean, eta %5 euskarazko azpidatziekin). Euskaraz eskainiko dituzten ikuskizunen artean ondorengoak daude: Jokoz Kanpo, Borobil Teatroa; Muxua, Tanttaka Teatroa; Jesus Herrera donostiarraren Dantzari; Zergatik, Jamil?, Tartean Teatroa; eta Kitto, nik utziko dut, En2do Produkzioak, besteak beste.
Gipuzkoako Foru Aldundidko Kultura diputatu Denis Itxasok nabarmendu du dFeriaren garrantzia: “Sortzen ari diren antzezlan eta dantza emanaldiei irteera bat emateko aukera ezinhobea da. Sektorea hazteko, horrelako baliabide eta erakusleihoak behar dira”. Azkaratek adierazi du azoka erreferente bilakatu dela, eta sorkuntza truke eta arte berrikuntzaren isla dela: “Dantza eta antzerkiarentzako plataforma bikaina da”.
Elkarrizketak, azokaren gaia
Donostia 2016ko Kultura zuzendariak, bere aldetik, dFeriarekin elkarlanean jarduten diren lehen urtea ez dela gogorarazi du: “Iaz jada Donostia 2016 gunea artistak elkartzeko tokia izan zen, eta aurten ere hori izango da azokaren Meeting Point-a”. Halaber, elkarrizketak atalaren baitan kokatu dutela adierazi du, “antzerkia eta dantza filosofia horren erakusgarri baitira. Aktoreak besteen tokian jarri behar dira, eta beraiek ere publikoarekin elkarrizketa moduko bat izaten dute”.
Ikuskizunekin batera, jarduera paraleloek gero eta indar handiagoa hartu dute dFerian. Hala, hainbat eragilerekin elkarlanean egin dituzte aurtengoak: Donostia 2016, Kutxa, eta EAB, besteak beste. Jarduera hauek ez dira azokaren egunetara mugatzen; batzuk lehenago hasten dira. Hona hemen aurtengo jarduera paraleloak:
JARDUERA PARALELOAK – DFERIA 2016
Ikastaroak
- SER ALGUIEN: Dos dias de teatro. Martxoaren 9an eta 10ean, Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan. Prezioa: 10 euro. Donostia Kulturan eman behar da izena.
- ANTZERKIGINTZA BERRIAK. Martxoaren 8an eta 9an. Viktoria Eugenia Antzokian. Dramaturgia berrien programan parte hartzeko aukeratutako zortzi autoreak bilduko dira, Patxo Telleria eta Mireia Gabilondorekin euren proposamenak lantzen jarraitzeko.
- CLINICA DE LA OBSESION (Artista eta sortzaileentzako mintegia). Otsailaren 29tik martxoaren 5era. Viktoria Eugenia Antzokian. Prezioa: 50 euro.
- AKITANIA-EUSKADI TOPAKETA. Martxoaren 8an, Etxepare Institutuan (Tabakalera).
- CHEVERE: practicas de mediacion en el contexto de una compañia residente. Martxoaren 8an, Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan.
- ESPAINIAR ANTZERKIA POLONIAR KARTELEAN. Martxoaren 1etik 31ea, Viktoria Eugenia Antzokian (Foyer). Erakusketa antzerki emanaldia dagoen gauetan bisitatu ahal izango da.
- IRUDIMENEZKO ESPAZIOAK, Eider Ibarrondo. Martxoaren 4tik apirilaren 22ra. Lugaritz kultur etxean. Eszenografo baten sorkuntza prozesua ezagutzeko erakusketa, historiak espazio iradokitzaileetan kontatzeko artea.
- SAREAren batzarra. Martxoaren 7an, Intxaurrondo kultur etxean.