Lourdes Enea inguruko zuhaitz guztiak bota dituztela salatu du Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak. Sustatzaileak Plan Orokorrak dioena ez duela bete ohartarazi dute auzotarrek.

Lourdes Enea, zuhaitzik gabe. (Argazkia: IZBE)
1999. urtean, Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekuaren inguruan dagoen Lourdes Enea izeneko eraikina berriro izendatzeko prozedura abian jarri zuen Donostiako Udalak. Izan ere, une hartara arte, ekipamendu amankomun pribatu gisa zegoen izendatuta, eta etxebizitzak egiteko beharrezkoa zen kalifikazioa aldatzea.
Auzotarrak aldaketa eta tamaina handiko zuhaitzak botatzearen aurka agertu ziren. Horregatik, udalari proposatu zioten nagusiekin negoziatzea, etxea erostea eta auzoaren zerbitzura jartzea; parke zabal bat eginda, adibidez. Xede horrekin hainbat asanblada egin, alegazioak aurkeztu, sinadurak bildu eta udalarekin hainbat bilera egin zituzten.
Zenbait gorabeheren ostean, 2010eko Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorrean, udalak lursailaren kalifikazioa aldatu eta baimena eman zuen 28 etxebizitza eraikitzeko. Horren aurrean, bizilagunak mobilizatu ziren berriro.
Hala, lorpen nagusi bat izan zuten: lursaileko 1.000 metro koadro parke publiko bat egiteko gorde behar zirela jaso zuen Plan Orokorrak, «bertan integratuz, ahal delarik, orain dagoen arboladia».
Lorpen hori, baina, ez dela gauzatu salatu du Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (IZBE). Izan ere, sustatzaile berriak aurkeztutako plan berezi bati hasierako onarpena eman zion udalak iaz. Auzotarrek alegazioak aurkeztu zituzten, eta Hirigintza saila zein sustatzailearekin hainbat bilera egin dituzte, euren eskaerak, desadostasunak eta hobekuntzak aurkezteko.
Hortaz, udalak berak egindako egokitzapenekin eta auzotarrek beraiek aurkeztutako alegazio eta eskaerekin testu bateratu bat sortu behar izan zuen sustatzaileak.
Horrek behin-betiko onespena jasotzeko, udalbatzarrera eramango dute gaia laster. Baina, azken asteotan izandako hainbat gertakariren ondorioz, auzotarrek sinadura bilketa azkar bat egin dute. Izan ere, «Plan Orokorrari kasu egin gabe, sustatzaileak Lourdes Eneako zuhaitz guztiak bota ditu, eta nahiz eta planak behin-betiko onespena ez izan, hondeamakinak sartu eta hainbat lan egiten aritu da». Hori ikusita, auzotarrek bilera bat eskatu diote Hirigintza Sailari. Udalak,momentuz, ez die erantzunik eman.

Lourdes Enea ingurua, zuhaitzekin. (Argazkia: IZBE)
«Lehenbailehen»
Horregatik, egun gutxitan ehun sinadura bildu dituzte auzoan, udalean bertan «lehenbailehen» aurkezteko.
Hala, Hirigintza zinegotzi Enrique Ramosi zuzendutako idatzian, bilera bat eskatzen diote intxaurrondotarrek: «Orain arteko harremana ez eteteko, eta gure ziurtasun eza eta babesgabetasuna adierazteko. Azken batean, ezer erabaki baino lehen, gure iritzia eman nahi dugu».
Bestalde, bizilagunak kezkatuta daude sustatzaileak egin nahi duen murru handiagatik: «Hasieran, beheko solairuetan lokalak jarri nahi zituzten; baina, azkenean, 3,75 metroko altuerako garajeak egingo dituzte. Gure ustez, nahikoa da 2,80-2,90 metroko altuerakoak izatea, furgonetak eta guzti lasai sartu daitezen. Hain altuak eginez gero, aurrez aurre bizi diren auzotarrek horma bat ikusiko dute egunero».