‘Txoministak’ web telesaila ekoitzi dute hamalau lagunen artean. Euskaraz eta umoretik arituko dira. Naroa Mikelarenarekin (1991, Gros), Unai Gaztelumendirekin (1988, Añorga) eta Peru Isasirekin (1983, Intxaurrondo) egon gara.

Peru Isasi, Naroa Mikelarena eta Unai Gaztelumendi.
Txoministak web telesaila estreinatu zuten maiatzaren 4an. Euskal Herria “behin betiko” askatuko duen alderdi politiko baten gorabeherak kontatzen dituen ikus-entzunezkoa. Hamalau pertsonako lan taldea dago proiektuaren atzean. Hiru Damatxo ideia faktoriaren burutazioa izan zen web telesailarena, eta pixkanaka lan taldea osatzen joan dira. Zortzi atalez osatuta dago telesaila, bakoitza hamar minutu ingurukoa.
Euskarazko fikzioaren panoraman salto bat gehiago eman, eta Internet bidez egongo da ikusgai asteazkenero Argia-ren webgunean.
Ideiarik onenak sortzen diren modu berean otu zitzaien fikzioa egitearena: ekaina edo uztaila bueltako parranda batean. Hala azaldu du Unai Gaztelumendi Hiru Damatxo Ideia Faktoriako eta Txoministak telesaileko kideak.
Komunikazio zerbitzuak eskaintzen dituen kooperatiba bat da Hiru Damatxo; orain dela urte bete sortu zuten Unai Gaztelumendi, Kepa Matxain eta Lander Arretxea donostiarrek: “Hasieratik argi genuen soldata lortzeko egin beharreko lanez gain, gustuko genituen proiektuak egin nahi genituela”, azaldu du Gaztelumendik.
Proiektu horien artean daude, besteak beste, Gure bazka elkarrizketa sorta eta Txoministak web telesaila. Hasieratik ohartu ziren halako proiektu bat aurrera atera ahal izateko lan talde handiago baten beharra izango zutela: “Ane Lusarreta, Eneritz Arzallus eta Beñat Iturriotzekin jarri ginen harremanetan lehenengo, eta gero batu zitzaizkigun gainerako guztiak”.
Gatazka, umoretik
Txoministak eszisioz eszisio sortutako alderdi politiko bat da. Lau dira protagonista nagusiak: Larra eta Txester, aurretik batera militatutakoak; eta Txomin eta Karmele, arrazoi ezberdinak tarteko alderdira gerora batu direnak. “Telesailean alderdi politiko bat eratzeko prozesuan sortzen diren eztabaida eta lanketak ageri dira”, azaldu du Mikelarenak.
Politikagintzan umorea falta dela azpimarratu du Isasik, eta «arma» ona omen da hori jendea “harrapatzeko”. Gaztelumendi ere bat dator horrekin, “errazagoa da gauzak umoretik esatea, arinago geratzen da”. Hiru Damatxoko kideak uste du orain arte gatazka politikoa Vaya Semanitaren estilora landu izan dela, eta euren asmoa bestelakoa da: “Guk ezagutzen dugun horri buruz geure topikoak eta geure erreferentziak sortu nahi ditugu”.
Dena den, Txoministak alderdi politikoak fikziotik haratago ere, gaurkotasunekin elkarreragina izatea du helburu: “Telesaila aurrera joan ahala gaurkotasunarekin jolasteko aukera izatea nahi dugu. Esaterako, telesailean norbaitek txio bat idazten badu, txio hori Twitterren agertzea”, azaldu du Gaztelumendik.
Pozik emaitzarekin
Lan talde handia dago proiektuaren atzean; aktoreak, kamerak, erredaktoreak, gidoigileak, koordinatzaileak… Mikelarenak azaldu du aukera polita dela proiektu honetan parte hartzea: “Esperientzia oso ona izaten ari da, giro oso onarekin, eta ni horrekin geratzen naiz”. Isasi ere bat dator Mikelarenarekin: “Proiektua komentatu zidatenean gustatu zitzaidan erronka, gainera, Hiru Damatxokoek lantalde on bat sortzea lortu dute”.
Asteburuetan grabatu dituzte orain arteko zortzi kapituluak. “Onartu behar da urduri samar geundela lehen kapituluaren ostean jendeak edukiko zuen erreakzioarekin”, aitortu du Mikelarenak. Dena den, pozik daude, orokorrean iritzi onak jaso dituztelako, nahiz eta kritika eraikitzaileak eskertuko lituzketela azaldu duten, “badakigu ez dugula dena ondo egin”.
Aurrera begira
Oraindik ikusteko dago zein ibilbide izango duen telesailak. Gaztelumendik aitortu du hasieratik eduki dutela buruan bigarren denboraldi bat egitearena, “baina grabatzen ari ginela gogoak pixka bat joan zitzaizkigun egia esan”. Orain ordea, pozik daude lortutako emaitzarekin, eta beraz, ikusteko dago zer gertatuko den.
Isasik azaldu du ez dela erraza hamalau pertsonako lan talde bat koordinatzea: “Jendea erre egin daiteke, eta arrisku hori beti dago hor, baina ikusten badugu dena ondo doala, zergatik ez”.
Baldintza ekonomikoek ere berebiziko garrantzia dute proiektuaren ibilbidean. Babesle batzuk lortu dituzte: Talaios kooperatiba, PuntuEus domeinua eta Oninart. Bestalde, Argia-rekin hitzarmen bat egin dute: aldizkariak ekonomikoki lagunduko die “gutxienez” dirua galdu ez dezaten, eta trukean, Argia.eus-en emango dute.
Dena den, argi utzi nahi dute proiektuak ez duela irabazi asmorik: “Ikusi nahi dugun hori ekoitzi nahi genuke, besterik ez”.