Zubietako errauste plantaren aurka eta osasunaren alde, giza katea egingo dute etzi. 5.000 bat pertsona elkartuko dira Onkologikotik Foru Aldundira arteko bidean, eta arratsaldean, agerraldi bat egingo dute.
1996. urtean Eguzkik erraustegiaren aurka egindako protesta, Gipuzkoa plazan. (Argazkia: Eguzki)
Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian ere nahi. Goiburu horrekin egingo dute etzi
erraustegiaren aurkako eta osasunaren aldeko giza katea. Onkologikotik abiatuko dira 11:30ean, eta Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren eraikinaren parean amaituko dute protesta.
Zaborren kudeaketa jendarte osoaren ardura dela uste du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Eta baita errausteak osasunean izan ditzakeen ondorioak ere.
Baina errauste plantaren aurkako aldarriak ez dira berriak. Begira bestela goiko argazkiari. Duela 20 urte, 1996. urtean Gipuzkoa plazan egindako elkarretaratze bat ageri da. Eguzkik deitutako elkarretaratzea da, errauste sistemaren aurka.
Errauste planta bat ageri da marraztuta ezkerreko pankartan, eta plastikozko botilekin egindako dorre handi bat, alboan. Bigarren pankartan, berriz, PVCa eta errauste sistema hilgarriak direla iradokitzen da.
Lehen argazkitik bigarren argazkira
20 urte igaro dira, baina aldarrikapenek bere horretan jarraitzen dute: ez dute erraustegirik nahi.
Hondakinen gaikako bilketa egoki batek erraustegiaren aldeko argudio guztiak hankaz gora jartzen dituela uste du
Errausketaren Aurkako Mugimenduak.
Hortaz gain, argudio ekonomikoak, eta batez ere osasunari lotutako argudioak nabarmendu dituzte. Osasuna baita, hain zuzen ere, erraustegiaren aurrez aurre jarri duten argudio nagusia, eta jendartea mugiarazi duena.
Osasuna eta Errauskailua Ikerketa taldeak ere urteak daramatza osasuna lehen mailara ekartzen. GuraSOS taldea, berriz, bereziki haurren osasunean sor daitezkeen ondorioekin kezkatuta dauden guraso eta senideek osatzen dute.
Igandeko giza katea iragartzeko Aldundiaren parean egin zuten agerraldia, apirilean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Bost kilometro, 5.000 esku
Hogei urtean aldaketa nabarmenak eman dira zaborren kudeaketan, gaikako bilketaren kontzientziazioan, eta sailkapenean.
Zubieta eta erraustegiaren inguruko beste herriez harago doa errauste plantaren eragina. Horregatik antolatu dute giza katea. Jendartea aktibatu eta elkartasuna lortu nahi dute proiektua geldiarazteko.
Bost kilometro daude Onkologikotik Gipuzkoa plazaraino, eta bide hori egiteko 5.000 bat pertsona behar dituzte. Goizeko
11:30ean hasiko dira eskuak lotzen hiriko hamar gunetan. Arratsaldeko 16:30ean ekitaldi bat egingo dute Gipuzkoa plazan.