Askekintza Animalistako kideak Larratxon. (Argazkia: Askekintza)
Festak ospatu, animaliak askatu lelopean jaietan animaliak erabiltzearen aurkako kanpaina hasi du
Askekintza Animalistak. Larratxoko jaietan izan dira asteburuan, Gorriti showaren aurka protesta egiteko. Igande arratsaldean umeak pottoka gainean ibili ziren, eta bigantxekin sokamuturra egin zuten. Ikuskizuna hasi bezain pronto, pankartak zabaldu eta ekitaldiari bizkar eman zioten: “Animaliak erabiltzen ditu umeek ondo pasatzeko; errespetu falta trasmititzen du”.
Askekintzakoak hainbat jai batzorderekin bildu dira urtean zehar, animaliarik ez erabiltzeko eskatzeko. Pasai Donibane, Orereta, Igeldo, Zubieta, Zarauzko Santa Marina zein Martutenekoekin bildu dira, eta euren jarrera irekia eskertu dute. Laster, Herrera, Jolastokieta, Intxaurrondo Zaharra, Antigua, Ibaeta eta Hernaniko jai batzordekoekin biltzekoak dira. Hainbat jai batzordek Askekintzarekin biltzek borondaterik ez duela erakutsi salatu dute. Larratxo, Altza, Pasai Antzo eta Txomin Eneakoak, besteak beste.
Herrerako jaietan ere izango dira Askekintza Animalistakoak, zalditxoak eta bigantxak erabiliko baitituzte festetan. Arratsaldean elkartuko dira Askekintzakoak, 17:00etan.