Intxaurrondoko Antton Troitiño espainiaratzea onartu du Westminsterko Gorteak
Westminsterko Gorteko epailearen aurrean izan ziren maiatz amaieran fiskala eta Antton Troitiñoren abokatua, hura Espainiaratzearen aldeko eta kontrako argudioak emateko. Agiriak faltsutzea eta ETAko kide izatea egotzi dio Espainiak Troitiñori.
Troitiñoren abokatuek zazpi eguneko epea dute Londresko Auzitegi Nagusiaren aurrean helegitea aurkezteko. “Lehenbailehen” egingo dute hori, Efe agentziari adierazi diotenez.
Epaileak baztertu egin du Troitiñoren defentsaren argudio bat, eta ondorioztatu Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zuela “asmo txarrez” jokatu. Ustez ETAko kide izateagatik onartu du epaileak estradizioa, baina ez agiriak faltsutzeagatik, eta, beraz, Espainiak ezingo du delitu horregatik epaitu.
Laugarrenez eskatu zion iazko urrian Espainiako Auzitegi Nazionalak Londresi Troitiño estraditatzeko. 2015eko apirilean euroagindu eskaera onartu zuen Londresek, baina preso ohiaren helegitea aintzat hartu zuen gero, argudiatuta Espainiak ez zituela bete Erresuma Batuko Estradizio Legearen baldintzak.
2011n, 24 urteko zigorra bete ondoren, Parot doktrina zela-eta Troitiño 2017ra arte preso sartu behar zela agindu zuen Espainiak. Estrasburgoko Auzitegiak bota zuen atzera doktrina hura, eta Troitiñori “berriro ETAn sartzea” egotzi zion orduan Auzitegi Nazionalak.
Auziaren kronologia Berrian.