Herritarrekin ospatuko du Dbus-ek 130. urteurrena
1886. urteko abuztuaren 28an sortu zuten Donostiako autobus konpainia. Ia urtebete geroago, 1887ko uztailaren 18an egin zuen bere lehen ibilbidea. Kontxatik, Plaza Zaharrera, Ategorrietaraino eta buelta. Zaldiz tiratako tranbia bat izan zen lehena.
Urteurren biribila baliatuz, eta urte hauetan guztietan garraio zerbitzu publikoak izan duen garapenaz harro, ospakizun urtea egingo duela iragarri du Dbus-ek. Orain hasi, eta datorren urteko uztaila arte.
“Herritarrentzako pentsaturiko zerbitzu bat” izan dela hasiera hasieratik nabarmendu dute, eta “norabide berean” dihardutela lanean. “Gertuko garraioa, irisgarria eta ekologikoa” dela azpimarratu du Igor Gonzalez, Dbus-eko Zuzendari Kudeatzaileak.
Euren filosofiari jarraituz, herritarrekin ospatu nahi dute 130. urteurrena. Horretarako hiru atal antolatu dituzte:
130 urteko historia
28 milioi pertsonak erabiltzen dute autobus publikoa urtean. Atera kontuak, 130 urtean zenbat bidaiari eramango zituen batetik bestera. Erabiltzaile horien guztien bizipenak, istorioak, lekukotzak jasoko dituzte atal honetan.
Bideo bat ere prestatu dute lekukotza horietako batzuk biltzeko, txikitan autobuseko txartelen bilduma egin zuen Antiguako harakin baten kasua, esaterako.
Hiriko hainbat ezagunek ere kontatu dute euren kasua. La Oreja de Van Gogh taldeko musikariena, adibidez. ‘El 28’ abestiarekin egin ziren ezagun Donostiatik kanpo. Hala aitortu du Haritz Garde taldekideak. Entseguetara joateko 28 linea hartu ohi zuten taldekideek, eta abesti bat eskaini zioten. 130. urteurreneko ospakizunen berri emateko agerraldian izan dira Garde eta Alvaro Fuentes musikariak.
‘Dbuseko oroitzapenak’ izeneko kontakizun lehiaketa ere jarriko dute abian. Helburu bera izango du: kontakizun edo argazkien bidez, herritarren bizipenak jasotzea.
Ezagutu Dbus
Autobus konpainia barnetik erakustea du helburu atal honek. Horretarako, langileei elkarrizketak egingo dizkiete, eta bisita gidatuak ere antolatuko dituzte kotxetegietara. Instagram eta Youtube-ren bidez zabalduko ditu Dbusek eduki hauek.
Dbus Hiri Berdea
Hauxe izango da agian atalik garrantzitsuena. Konpainiaren izaera iraunkorra nabarmendu nahi izan dute, eta ospakizun urtetik harago, etorkizuneko oinarriak finkatuko ditu.
Konpainiaren %25a ibilgailu elektrikoek eta hibridoek osatzen dute, eta bide horretan jarraituko dute. “Bidaiariei ahalik eta kalitate handiena eskaintzea da gure helburua, baina ahalik eta modu iraunkorrenean”, esan du Gonzalezek.
Cristina Enea fundazioaren laguntza izango dute atal honetan. Hainbat jarduera egingo dituzte. Bereziena, agian, Perching-a izango da. Haziak jarriko dituzte autobus elektrikoen barnean zintzilik, jendeak har ditzan, etxera eraman eta landatzeko.
Abuztuaren 28an, ONCEren kupoiak Dbus-en 130. urteurrena gogoratuko du.
Kotxetegietan jai bat ere egingo dute, konpainiko langileekin eta euren senideekin.
Egitarau zabala da, eta guztia Dbus-en webgunean ikus daiteke. Atal berezi bat sortu dute 130. urteurrena gogoratu eta ospakizunen jarraipena egiteko. Eta bestela ere, eskuorriak banatuko dituzte kultur etxe, ikastetxe eta autobus geltokietan.