"Geroz eta jende gehiago pilatzen da festetan"
Jolastokieta eta Aiete bezala, Intxaurrondo Zaharra jaietan murgilduta dago.
INTXAURRONDO ZAHARREKO JAIAK – 2016ko EGITARAUA
Irailak 9, ostirala
Maiatzatik burubelarri dabiltza jai batzordekoak, eta dagoeneko iritsi dira jaiak. Jolastokietan bezala, Intxaurrondo Zaharrean atzo eman zieten hasiera, alkatetzarako hauteskundeekin. Izan ere, urtean zehar auzoa ordezkatuko duen pertsona bat aukeratzen dute, pribilegioak ez ezik, ardurak ere izango dituena. Atzo, adibidez, urteko intxaurrondotarraren saria eman zien Zaporeak proiektuko kideei.
Txupinazoa botata, aurtengo egitarauak ez du etenik izango. Igandera bitarte, gustu eta adin guztietarako jarduerak antolatu dituzte Larrotxene kultur etxearen inguruan. Iaz futbolin txapelketa egin zuten, eta, arrakasta ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute, igandean, 18:00etan. Berritasun gisa, umeei zuzendutako xake txapelketa bat ere egongo da. «Auzoan ume asko Zurriola ikastolakoak dira, eta xakean jokatzen dute. Hango ama batek proposatu zuen, eta ikastolaren laguntzarekin egingo dugu txapelketa», esan du jai batzordeko Alazne Altunak. Bihar egingo dute, 17:00etan. Gainera, azken urteotan egin ez den Sagardo eguna –bihar, 11:30etik aurrera– berreskuratuko dute.
Ostruka arrautz frijitzea ere nabarmendu dute jai batzordekoek: «Orain, ostiral gauean egiten dugu, kontzertu batetik besterako tartean (00:30ean), eta hesiak jarri behar izaten ditugu hurbiltzen den jendetzagatik. Kontua da ostruka arrautza bat irekitzea oso zaila dela. Guk, zozketa bidez, erraminta bana ematen diegu partaideei, eta bakoitzak daukanarekin ireki behar du arrautza ondoren tortilla bat egiteko. Ikusten duena harrituta geratzen da».
Beste auzoetako jendea erakartzeko, aurten lehenengo aldiz Intxaurrondo, Gros eta Igeldokoen arteko herri kirolen desafioa antolatu dute larunbaterako, 18:00etan. Hala, Intxaurrondoko erronka ondoren, Gros eta Igeldoko jaietan ere egingo dutela esan dute: «Grosekoekin beti izan dugu lehia, eta, ziurrenik, San Tomas egunean izango gara bertan».
Aurten, bilera irekiak antolatu ditu jai batzordeak auzotarrek euren proposamenak luzatzeko. Bada, jaso dituzten bi txertatu dituzte egitarauan: patata tortilla txapelketa –larunbatean, 14:00etan– eta Balfolk saioa –igandean, 19:00etan–. Balfolk saioan, munduko abestiak joko ditu Irutxulo Folk taldeak, eta horiek dantzatu egingo ditu Antiguako Munduko Dantzak taldeak. Jai batzordetik aurreratu dutenez, emanaldiaren parte bilakatuko dira ikus-entzuleak.
«Urteak pasa ahala, geroz eta jende gehiago pilatzen da festetan. Bereziki egunez, indarra hartu dugu, herri kirol eta umeen jarduerei esker. Gainera, desafioarekin beste auzoetakoak ere etortzen dira», azaldu du Altunak.
Jai batzordearen aurten erronka auzoa uniformatzea da: «Duela 50 urte inguruko jaietako marrazkia duen kamisetak egin genituen; eta, aurten, zapiak ere egin ditugu, auzoa irudikatzen duen zuhaitzarekin. Nahi duguna da jendeak bi gauzak janztea, auzotar sentitzeaz gain, jaien parte ere sentitu daitezen».
- 11:00. Umeentzako apar festa.
- 12:00. Inaxio Perurenaren erakusketa.
- 17:30. Haur ikuskizuna: Tor Magoa, Hator Magiara.
- 18:00. Buruhandiak eta txokolate jatea.
- 17:30. Pala finala.
- 18:00. Argazki zaharren emanaldi eta erakusketa aiton-amonen etxean.
- 19:00. Mozorro poteoa elektrotxarangarekin girotua.
- 21:30. Afari herrikoia.
- 23:00. Zezen suzkoa.
- 23:00. Kontzertuak: Ezustean + Ziribulio sound sistem + Bad sound system.
- 00:30. Ostruka arrautz frijitzea.
- 11:30. Sagardo eguna.
- 11:30. Umeentzako herri kirolak.
- 12:30. Ibiri ganadutegia umeentzat: bigantxa, basurde eta pottokak.
- 14:00. Patata tortilla txapelketa (tortillak 12:00etatik aurrera eraman behar dira).
- 14:30. Kuadrilen bazkaria.
- 16:00. Toka txapelketa.
- 17:00. Umeentzako Xake txapelketa.
- 18:00. Buruhandiak eta txokolate jatea.
- 18:00. Herri kirol desafiyoa: Intxaurrondo Vs Igeldo Vs Gros.
- 20:30. Afaria: plater konbinatuak.
- 23:00. Zezen suzkoa.
- 23:00. Kontzertuak: Pelayo y sus malditos + Iñigo Perurenarekin dantzaldia karaokearekin.
- 11:00. Intxaurrondo Zaharreko Bigarren Eskuko IV. Azoka.
- 12:00. Marmitako txapelketa.
- 14:00. Bazkari herrikoia.
- 16:00. Mus txapelketa (Erdikoa tabernak babestuta).
- 17:30. Haur ikuskizuna: Patata Tropikala Eguzkilorea.
- 18:00. Futbolin txapelketa.
- 19:00. Balfolk saioa: Irutxulo Folk taldea, Antiguako Munduko Dantzak taldearekin.
- 11:00. Meza Asuncion elizan.
- 12:30. Luntxa Arzak Ortzeok elkartean.
- 18:00. Bingo berezia sari sorpresarekin, Zaharren egoitzan.