Kontxako Bandera nora doan erabakiko dute etzi. 1879. urtean egin zuten lehen aldiz estropada, baina 1940. urtera arte ez zuen jarraikortasunik lortu. Aurten, lehen aldiz, zenbatgarren jardunaldia den erakutsiko du oihalak: 120.
Donostiako Karmengo Ama traineruak irabazi zuen Kontxako Bandera 1920an. (Argazkia: Kutxa Fototeka)
Noiz hartzen du oihal zati batek nortasuna? Zergatik egiten du erraietan ziztada txiki bat zure elkarteko, auzoko edo herriko koloreak oihal zati batean ikusteak?
Beste guztien artean bi izango dira preziatuenak asteburu honetan. Bandera zuriak. Kontxako bi bandera zuriak. Horiexek baitira arraunlari orok gehien desiatzen dituen sariak.
Emaztegaien
saten ehunez josten dituzte Kontxako banderak. Itziar Alduntziñek josten du gizonena, eta Maria Jesus Lorenzok, emakumeena.
2,5 metro zabal eta 1,80 metro luze dituzte, eta lau kilo inguruko pisua.
Nekatuak iritsiko dira arraunlarien besoak lehorrera, eta olatuen kontra arraunean egin ostean, indarrak akitu zaizkiela iruditu arren, aterako dute oihal zuria astintzeko indarra; zalantzarik ez da.
Inoiz baino gehiago, kolorez jantziko da hiriko itsas bazterra asteburuan. Koloretako marea biziak kaia eta kai inguruak lepo beteko ditu etzi. Estropadetan bai baita herriko traineruari eta taldeari babesa emateko, euren koloreko jantziekin apaintzeko ohitura berezi hori. Argi gera dadila, nondik datozen, nongoak diren, noren alde dauden. Marea arrosa, horia, berdea, gorria, beltza, zuria edo urdina. Zenbat eta handiagoa orbana, orduan eta handiagoa babes olatua.
Koloretakoak marea biziak, eta zuriak banderak. Zuria ez al da ba kolore guztien arteko batuketaz sortzen? Horra hor, zergatik den Kontxako Bandera zuria.
Aurten gainera, desberdina izango da oihal preziatua. 120; horixe berezitasuna. Urteaz gain,
lehen aldiz, zenbagarren jardunaldiari dagokion erakutsiko du banderak. Lan pixka bat gehiago izango zuten hortaz jostunek. Urdin eta urre koloreko 10 metro hari inguru erabiltzen dituzte letra guztiak bordatzeko. Oraingoan, bueltatxo batzuk gehiago 120 zenbakia idazteko.
Udaletxeko balkoian bandera astintzen (1920)
Etenik gabe
Kontxako Bandera 1879. urtean ospatu zen lehen aldiz. Ondoko argazkiak 1920. urtekoak dira. Donostiako Karmengo Ama traineruak irabazi zuen Kontxako Bandera, Francisco Zubiaurre
Quirico patroiaren gidaritzapean.
Aldian behin, eta lehiakide ezberdinekin jokatzen bazuten ere,
Kontxako Banderak 1940. urtera arte ez zuen jarraikortasunik lortu. Ordutik bai, urtero ospatu da etenik gabe. Dena dela, erabaki politikoa, gerra eta bestelako gertakarien ondorioz, gora-behera ugari izan ditu lehiak. 1939. urteko estropada, esaterako, ez dute kontuan hartzen antolatzaileek, ez dituelako baldintzak betetzen. Orduko hura apirilean jokatu zuten, eta ez irailean, ohi den moduan. Hiru ontzik hartu zuten parte, Orio, Getaria eta Donostiak. Garaipenaren Estropada deitu zioten, eta 36ko gerra nazionalek irabazi zutela ospatzeko antolatu zuten.
Lehia estua bai, baina ez da bandoen arteko guda zibilik espero iganderako. 120. jardunaldia izatea ere ez da, ziurrenik, gogo gehiagorekin arraun egiteko arrazoi nahikoa izango.
Edonola ere, beste guztien artean bandera zuria izango da preziatuena berriro ere. Beste milaka begiraden artean, jostunen begi biziak izango dira adien daudenak berriro ere. Mimoz josi dutena, maitasunez jasoko dutelako.