#ElkarlanKulturak izenburupean, Saretuz-en V. jardunaldiak egingo dituzte gaur eta urriaren 28an; kultur balioak izango dituzte ardatz topaketetan, Egiako parkean
Idurre Zugazagasti Aja eta Lorea Undagoitia Rivero, Saretuzeko kideak. (Argazkia: Lide Ferreira)
Kontsumo kontziente eta eraldatzailearen aldeko apustua egin zuen Donostiako Saretuz sareak 2012an. Ordutik, bi lanketa egiten ditu: batetik, barnekoa, hau da, sareko eragileen artekoa; eta, bestetik, herritarrei begira egindakoa. Bada, #ElkarlanKulturak izenburupean, Saretuz-ek V. jardunaldiak antolatu ditu gaurko eta urriaren 28rako, Egiako parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean.
Sareko kide Idurre Zugazagasti Ajak azaldu duenez, topaketa hauen helburua da barnean egiten duten gogoeta hori kalera ateratzea: «Aberasgarria dena gainontzekoei –edozein talde zein norbanakori– zabaldu nahi diegu. Bestetan hurbildu diren batzuekin elkarlanean aritu gara, edo sarearen parte bilakatu dira: Donostiako Piratak, kontsumo talderen bat, Fiare…».
Jardunaldien lehen urtea sareari forma emateko baliatu zuten: zer izan nahi zuten, zertarako, saretzea nork osatu behar zuen… Gainontzekoetan, berdintasuna, komunikazioa eta jai giroa bezalako gaiak jorratu dituzte; betiere kontsumo arduratsua ardatz.
Aurten, kultura izango da topaketen gaia. «Irizpideak jorratzen ari gara. 2016. urtea dela kontuan izanda, zein kultura ari dira sustatzen erakundeak? Zer da kultura kontsumo arduratsu baten ikuspegitik? Maiatzean egin genuen kulturaren inguruko mahai inguru bat, eta horri emango diogu jarraipena», adierazi du Saretuz-eko Lorea Undagoitia Riverok.
«Hor hasi genuen gogoeta. Kontsumitzen den kultura horretatik kanpo zein balioekin lan egin nahi dugun planteatu genuen, hau da, Saretuz-en aldetik zein balio ikusten genituen oinarrizkoak», gehitu du Zugazagasti Ajak.
Jardunaldiei begira, hiru balio lehenetsi dituzte: parekidea, eraldatzailea eta elkarlanean oinarritutakoa izatea. Halere, gehiago joango direla gehitzen esan dute: «Zein kultura mota nahi dugun zehazteko balioko digu».
Euskal kultura
Gaur hiru hizlarik hartuko dute parte topaketetan. Hasteko, GaraiOn NaturArtea elkarteko Amaia Gabilondok dinamika txiki batzuk egingo ditu jendea girotzeko. «GaraiOn-ekoek euskal kultur balioa era sortzailean jorratzen dute, eta gurera ekarriko ditugu euskararen transmisioa eta baita euskal kultura ere, era eraldatzaile batean», nabarmendu du Undagoitia Riverok.
Ondoren, Altekioko Javier Fernandezek bizitza iraunkorraren inguruko gogoeta egingo du: «Kooperatiba bat dute Madrilen, eta kontsumo arduratsua asko lantzen dute. Gainera, hezitzaileen hezitzaile ikuspegia dute. Saretuz-ek izaera juridiko bat edukitzera pasa behar du; beraz, beraiena ezagutzea baliagarria izango da».
Azkenik, Faktoria Lilako Irantzu Varelak hartuko du hitza. «Feminismoaren inguruko jarrera kritiko eta ekarpen ugari egin ditu. Ez dugu bakarrik sexuen arteko berdintasunaren inguruan hausnartu nahi, berdintasuna bere osotasunean eztabaidatu nahi dugu», azaldu du Zugazagasti Ajak.
Mahai inguruaren ostean, hiru ikuspegietatik tailer batzuk antolatu dituzte, entzundakoa praktikara eramateko.
Gaurko saioa amaitzeko, bertso konklusioak eta tokiko afari merienda egingo dute. «Azken hori informalagoa izaten da; guztion artean egotea, ezagutzea eta harremanak sortzea ere garrantzitsua da», esan du Zugazagasti Ajak.
Urriaren 28ko saioan, jendearengana nola iritsi aztertuko dute, sortze aktibismoko tailer baten bitartez: «Miren Lauzirikak lagunduko digu gure barneko sorkuntza, komunikazio estrategia horren bidez, aurrera ateratzen», amaitu du Undagoitia Riverok.