Donostiako lehen opera denboraldia abian da jada; bihar eskainiko dute ‘Don Pasquale’ lanaren bigarren emanaldia; tartean, Ainhoa Garmendia tenoreak hartuko du parte.
Ainhoa Garmendia opera abeslaria. (Argazkia: Lide Ferreira)
Kantuaren munduan sartu aurretik, akordeoi eta piano ikasketak egin zituen Donostiako musika eskolan, eta Orfeoiaren partaide ere izan zen Ainhoa Garmendia (Legorreta, 1974). Madril, Viena eta Marseillan bere ibilbidea prestatzen ibili ostean, 2001. urtean, Alemaniako Leipzigeko operak kontratatu zuen. Ordutik, bertan bizi da; baina, orain, bere kasa dabil opera abeslari eta Opus Lirica elkarteko zuzendari artistiko gisa.
Alemanian bizi zaren arren, Opus Lirica, Donostiako opera elkartea, sortu zenuen duela bi urte. Zergatik?
Donostian opera denboraldi bat eratzeko asmoz sortu nuen. Orain arte, jendeak Bilbora joan behar izaten zuen operaren bat ikustera, eta askok esaten zidaten Donostian ere opera nahi zutela. Helburu horrekin, bada, gutxinaka joan gara: 2014an, lehen opera eskaini genuen. 2015ean, beste bi. Eta, aurtengo apirilean,
La Traviata egon zen ikusgai.
Orain, hiru obra egitea lortu duzue, bilatzen zenuten opera denboraldi bat osatuz.
Hori da. Atzo estreinatu genuen denboraldiko lehenengo obra:
Don Pasquale, eta igandean ere ikusteko aukera egongo da, Viktoria Eugenian, 19:00etan. Ondoren etorriko dira
Carmen –2017ko otsailean– eta
La Cenerentola –2017ko maiatzean–.
Nola lortu duzue denboraldia osatzea?
Azken batean erakutsi behar duzu zer egin dezakezun. Proposamenak paper batean aurkeztea gogorra da; zaila da ulertzeko. Beraz, teoria hori guztia praktikara eraman behar da, eta esan zer dakigun egiten eta nola. Horregatik lortu dugu, baita profesionaltasuna zein operarekiko zaletasuna dagoela erakutsi dugulako.
Operarekiko zaletasuna, beraz, badago.
Bai, horixe.
La Traviata lana aurkeztu genuenean, ia 5.000 pertsona elkartu genituen bost egunetan. Operarekiko zaletasuna eta gogoa dagoela ikusten da. Kontua da ez dela ohiturarik sortu, eta horretarako bide bat izan daiteke opera denboraldia bera sortzea.
Zer aurkituko dute ikus-entzuleek Don Pasqualen?
Oso alaia eta dibertigarria izango da. Bi ordu eta erdiko emanaldi bat izango da, eta hasieratik bukaeraraino barre egingo dute. Oso ikusgarria, eta kolore askorekin. Gainera, garai bateko jantziak eramango ditugu.
Lan horretan, gainera, hemengo jendearen aldeko apustua egin duzue.
Bai, dena etxeko produktua da. Gipuzkoan lehen mailako ekoizpenak egiteko profesional handiak ditugula ohartu gara. Horregatik, esaterako, atrezzoa eta dekorazioa jende euskaldunak egin du.
Horretaz gain, berritasun gisa, umeentzako emanaldi berezi bat egongo da.
Bai. Haurrengana iristea da gure beste erronketako bat, eta Alemanian arrakasta handia duten jarduera bat egingo dugu bihar goizean, 11:00etan, Viktoria Eugenian bertan. Hain zuzen ere, opera didaktiko bat prestatu dugu, 8 eta 17 urte bitarteko haurrentzako. Horrela, haur eta gaztetxoek opera bat nolakoa den ikusi eta ikasiko dute.
Publiko guztiarengana iristeko asmoz, flashmob bat antolatu zenuten asteburuan.
Bai, opera kalera atera genuen, erakutsi nahi dugulako ez dela pentsatzen den bezain elitista. Gizartean hesi moduko bat dago operarekiko. Egia da prezioak, orokorrean, beste jarduera batzuk baino altuagoak direla, baina operak kostu handia du: jantziak, eszenaratzea, aktoreak…
Nire ustez, ezin da esan ez zaizula zerbait gustatzen probatu gabe. Horregatik, jendea animatu nahi dut lehendabiziko aldiz opera batera joatera. Asko txundituta irteten dira bertatik:
Baina zer da hau? Zer nolako mundua! Ez nuen ezagutzen eta bueltatuko naiz… Halakoak entzuten ditudanean ilusio handia egiten dit.
Gainera, asko aldatu da opera. Duela 50 urteko abeslari potolo bat besterik ez genuen ikusten. Egun, abeslariak ez ezik, aktoreak ere bagara, eta fisikoki zaindu behar dugu geure burua. Hori dela eta, jendeari gehiago gustatzen zaio, aktiboagoa delako, osoa delako. Diziplina ugari elkartzen dira.
Nola bizi dute opera Europako beste herrialdeetan?
Herrialde batzuekin konparatuta, gu atzean gabiltza. Alemanian, adibidez, 16-17 urte bitarteko gaztetxo ia guztiak joan dira noizbait opera bat ikustera. Euren kulturaren parte da, ez da berria beraientzako; beraz, aktiboak dira zentzu horretan.
Gure erronka hori da. Operak ezin du luxuzko gehigarri bat izan. Bizitzan, musika oso garrantzitsua da, eta zoriontsu izaten laguntzen du. Txikitatik operaren munduan hezten baditugu haurrak, gero beste modu batean ikusiko dute arlo hori, eta ez zaie arrotza egingo.
Horretarako, ordea, laguntza ezinbestekoa duzue.
Bai, zenbait erakundek eta enpresek lagundu digute: Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak, besteak beste. Baina horrekin ez da nahikoa. Egun ditugun aurrekontuekin zaila da profesional handiak lortzea, eta artistengandik jaso dugun laguntzagatik izan da posible. Beraz, erakundeen babesa beharrezkoa dugu lortu dugun maila hori mantentzeko. Nik, behintzat, ez dut opera beste maila batean ulertzen.