Kolonbiako wayuu emakumea da Angelica Ortiz; Rocio Silva, berriz, Peruko abokatu eta idazlea da, eta emakumeen giza eskubideen defentsan egiten du lan. Donostian egongo dira igandera arte.
Angelica Ortiz eta Rocio Silva. (Argazkia: Malen Aldalur)
Mugimendu sozialek kaleak hartzen dituzte Perun meatze enpresa handien aurka, eta liskarrak hasten direnean emakumeak jartzen dituzte eskularru zuriak eskuetan dituztela, lehen ilaran. Beste aldean, “ezin armatuago” dagoen polizia; baina bertan ere, emakumezkoak lehenengo errenkadan. Hala kontatu du Rocio Silva Peruko abokatu eta idazleak. Emakumeen eskubideen aldeko defentsan dihardu eta aste honetan Donostian dabil Angelica Ortiz Kolonbiako wayuu emakumearekin batera.
Alboan, gobernuz kanpoko erakundeak, gonbidatu ditu, Gatazkarik gabeko teknologia egitasmoaren barruan. Ortiz eta Silvarekin batera etorri da Justine Maika meatzaritza gatazkaren aurka Kongoko Errepublikan lanean ari den aktibista. Baliabide naturaletan aberatsak dira lurralde hauek, baina onurak baino kalte gehiago sortzen dizkiete maiz. “Baliabide naturalek gatazka handiak sortzen ditu herrialde hauetan eta, gainera, beste lurralde batzuk ustiatzen dituzte”, azaldu du Virginia Basurto Alboan-eko kideak.
Fuerza de las mujeres izeneko mugimendua sortu zen Kolonbian 2004. urtean. Minetik jaio zela azaldu du Ortizek: “Sufrimendutik jaio zen, emakumeok antolatzen hasi ginen herrialdeko gatazka armatuak utzi zituen desagertuak bilatzeko eta ahotsa altxatzeko”.
Wayuu emakumeen familiak hildakoen ibilbidea egin zutela adierazi du Ortizek, nahiz eta beldurragatik familia batzuek ez zuten nahi izan euren hildakoaren izena zerrenda horretan agertzerik. Testuinguru horretan sortzen dira wayuu emakumeak; emakumeak hezteko eta ahalduntzeko helburuarekin.
Guajirako (Kolonbia) egoera aztertu nahi zuten extraktibismotik, hau da, baliabide naturalen gehiegizko ustiapenaren aurkako borrokatik, honek emakumeengan duen eragina ezagutzeko asmoz: “Formakuntza politikoa eta emakumeen ahalduntzea sustatu nahi genituen”.
Hori ahalbidetzeko, 2008. urtean sare bat sortu zuten, Seimakan izenekoa. Arhuakas, Kankuamas eta Wiwas emakumeekin batera proiektu bat aurrera atera ahal izateko AECID, Kooperazio Internazionalerako eta Garapenerako Espainiako Estatuko agentziaren laguntzaz. “Ez genuen harremana oso ondo bukatu Espainiako gobernuz kanpoko erakundeekin baina egia da, egitasmo honen bitartez, eragin guneetan emakumeen parte hartzea areagotzea lortu dugula”. Ortizek esan du gizonezkoak beldur direla euren boterea galduko ote duten: “Guk erabaki guneetan egon nahi dugu, erabakietan parte hartu”.
Antzeko egoerarengatik hasi ziren Perun ere emakumeak antolatzen: “Desagertuen eta hobi komunen bila hasi ziren; nik gehienbat borroka armatuan bortxatuak izan diren emakumeekin egin dut lan”.
Meatze enpresa handien aurka ari dira Perun ere: «Meatze handiek euren inguruko baliabide naturalak suntsitu dituzte». Gainera, Silvak uste du meatze enpresa handi hauen erruz gatazkak sortu direla herrietan: “Batzuk meatzeen alde daude eta besteak kontra”.
Orain gutxi, Txinak hiru meatze enpresa handi erosi nahi dituela jakin dutela azaldu du: “Gero enpresa erraldoi horren aurka kalean borrokan ari direnei komunista zikin batzuk direla esaten diete agintariek”.
Urik gabe
Urarekin ere hainbat arazo dituzte. Kolonbian, esaterako, meatze enpresa batek esku hartu zuen 1993an, Ortiz bizi den herriko errekan: “20 urte geroago, erreka modu hobean egongo zela esan ziguten, baina urak euren meatzeraino desbideratu zituzten, guri urik gabe utziz”, azaldu du Ortizek. Gobernuak, berriz, klima aldaketaro egozten dio errua. Errekak hutsik jarraitzen du.
Beharrezko baliabide naturalen faltak sortzen ditu gatazka sozialak Perun ere: “Gatazka sozialetan hiltzen den gehienak gizonezkoak dira, baina horrek ez du esan nahi emakumeei eragiten ez dienik”, azaldu du Silvak. Haren ustez, amak, alabak, alargunak dira justizia egiten dutenak, uraren bila joaten direnak eta lehenengo ilaran jartzen direnak.