2016. urtea berezia izan da Egian. Euskaraz Bizi Nahi Dugulako dinamika hasi dute, euskaraz bizitzeko konpromiso irmoa erakutsi dutelarik. Euskararen Egunaren harira, Aitziber Gurutzeaga auzoko dinamikaren kideetako bat elkarrizketatu dugu.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskararen eguna berezia edo ezberdina egingo duzue aurten?
Gauza bereziak egingo dira bai, baina argi daukagu guk egitasmoaren ildo horretatik segitu nahi dugula. Egindako lanketa horretan buru belarri jaraitu behar dugula egun horretan ere.
Zein egitarau duzue prest?
Egia Euskaraz Batzordetik bi jarduera prestatu ditugu. Batetik, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako dinamikaren panelen erakusketa dago. Egia Euskaraz egunean karpa batean jarri ziren panelak ikusgai, eta orain auzoko 9 saltokitako erakusleihoetan daude jarrita. Txandaka eramaten ditugu batetik bestera, 9 denda baino gehiago direlako parte hartzen dutenak. Baina garrantzi berezia guretzat momentu honetan hamargarren panel batek dauka. Hau Egiako Osasun Zentroan dago jarrita, eta bertan, euskararen inguruko datuak azaltzen dira.
Zein informazio mota da erakusten du panel honek?
Bere garaian Osakidetzak Euskara Plana jarri abian jarri zuen, eta proba pilotu bat aurkeztu zuten. Azken bost urtean, gutxi gora behera, asko aldatu da egoera. Lehenago, esaterako, mediku bakarra zegoen euskalduna, eta gaur egun ia denak euskaldunak dira. Eta honez gain erabiltzaileek osasun zentroko fitxan, «E» bat jartzeko aukera dutela azaldu dugu. «E» horrekin ez da %100 bermatzen baina jakitera ematen du zuk euskaraz artatzea nahi duzula. Oraindik oso jende gutxik du eskatuta, jendeak ez dakielako. Guk datu horiekin panel bat egin dugu, jendeari jakinarazteko zein aukera dituen, ez dakielako. Jendeak inertziaz gazteleraz egiten du, nahiz eta euskaldun petoa izan. Baina beti izan da eremu erdalduna, eta ohituraz egiten dugu gazteleraz. Iruditu zitzaigun hau gizarteratzea guri zegokigula, eta horregatik egin dugu panel hau.
Gaur pintxo pote berezia egingo duzue ezta?
Bai, hori da bigarren jarduera. Kata Tabernatik hasiko da 19:30etan Elektropatxarangarekin. Euskara bermatzen den tabernekin ibilbide bat jarri dugu. Bidean zehar, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako txapak eta orri markatzaileak banatuko ditugu.
Zein izan da auzotarren jarrera dinamika honekiko?
Oso jarrera ona izan dute auzotarrek, eta baita saltoki eta tabernek ere. Denena, oso oso jarrera ona izan da. Egitasmo hau sortu zenetik, bertan parte hartu duten auzotarrengan ‘txip’ aldaketa bat egon da.
Gainera, adin guztietako jendea dago, haurretatik helduetara. Auzoko bi ikastola nagusiak, Aitor eta Maria Reina eragile bezala sartuta daude eta hortik gero guraso eta helduetaraino zabaldu da dinamika.
Aurrera begira jarraituko duzue egitasmo honekin?
Bai, 2017an ildo beretik jarraituko dugula argi dugu. Iruditzen zaigu egitasmoa ezin dugula ahaztu, presente eduki behar dugula eta hortik tira egin behar dugula.