Udal Liburutegi Nagusiari Txillardegi izena jartzeko borrokak zutik darrai
Euskaltzale eta hizkuntzalari ezagunaren omenez, dokumental bat ere osatzen ari dira.
Bost urte bete dira Jose Luis Alvarez Txillardegi hil zenetik. Ongi gogoan dute efemeridea hainbat donostiarrek, eta borrokan darraite, Udal Liburutegi Nagusiak Txillardegi izena har dezan. “Bere garaian eskatu genuena berreskuratu dugu. Guztiz zuzengabea da Imanol Larzabal, Karlos Santamaria eta Koldo Mitxelena moduko izena duten eraikinak izatea hirian, eta Txillardegik bat ere ez izatea”, azaldu dio Fito Rodriguezek IRUTXULOKO HITZAri.
Horrela sinadunak biltzen aritu dira gaur, Donostiako Protokoloa aurkeztu aurretik, euren helburua lortzeko asmoz. Izan ere, sinadurak bildu eta berriro ere udalera jotzeko asmoa dute, euren eskaria bete arte. “Ea eskaintza berri bat egiten diguten”.
Dokumentala prestatzen ari dira
Rodriguezen hitzetan, film bat ere osatzen ari dira Txillardegiren omenez, Txillardegiren egunkari ezkutua izenburupean: “Dokumental bat prestatzen ari gara, eta hilabete barru egingo dugu aurre estreinaldia. Bere ekarpena jasoko dugu, eta gaur egun gazte bati galdetu ezkero, bere ondareaz zer dakien jakingo dugu”.