Mari Domingi eta Olentzero ostiralean eta larunbatean ibiliko dira Donostian
Gutxi falta da Mari Domingi eta Olentzero Donostiako kaleetan ikusteko.
Ostiralean, Bagera Elkarteak urtero bezala, Antiguako Pio Baroja parkean, ongi etorria egingo die Olentzerori eta Mari Domingiri 19:00etan. Ondoren, desfilea egingo dute eta Benta Berriko plazan bukatuko da. Bertan, Mari Domingi eta Olentzero agurtzeko aukera izango da. Gainera, ibilbidean zehar IRUTXULOKO HITZAko goxokiak banatuko dituzte.
Larunbatean
Larunbatean ere irtengo dira Olentzero eta Mari Domingi; eta ez dute bakarrik egingo. 500 pertsona baino gehiago joango dira eurekin batera Donostiako erdialdean egingo duten ibilbidean. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da kalejira Bulebarretik.
Alfonso Gurpegi, festa jardueretako zinegotziak azaldu du, Olentzero eta Mari Domingi Koro Ama Birjinaren balkoira aterako direla arratsaldeko 16:00etan. Han, Eskola eta Gero Axular dantza taldeek agurtuko dituzte; Erraldoi eta Buruhandien konpartsako kideekin batera.
Ondoren, udaleko leiho nagusitik Alderdi Ederren bildutakoak agurtuko dituzte : “Ohikoa denez, Olentzero eta Mari Domingi Pleno Aretoan egongo dira agurtzera eta euren gutunak ematera etortzen zaizkien umeei harrera egiteko”, azaldu du Gurpegik.
Aurten gainera, emakume zanpantzar talde batek alaituko du ibilbidea.