Duela 120 urte eman zuen bere lehen emanaldia Donostiako Orfeoiak; abesbatza gisa hasi zena, familia handi bat bihurtu da, eta, gaur egun, 900 kide ditu, haurretatik hasi eta helduetaraino.
Esteban Urzelai; Donostiako Orfeoiko kidea.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiako Orfeoian ardura bat baino gehiago ditu Esteban Urzelaik (Oñati, 1979). Orfeoilaria da 2006tik, hamar urte daramatza orfeoiko zuzendari orde gisa, eta, aldi berean, Orfeoi Txiki eta Orfeoi Gazteko zuzendaria da. Orfeoiaren egoeraz eta bere ikuspegiaz lasai aritu da hizktean.
120 urteko historian aldaketak izan ditu orfeoiak, ezta?
Bai, hainbat taldetan banatuak gaude. Oinarrian, musika tailerra dago, 4 eta 8 urte arteko haurrentzat; horretan, Antxon Aiestaran dabil, eta baditugu taldeak Orixe eta Summa Aldapeta eskoletan ere. Gero, zortzi urterekin, abesten hasten dira; orfeoiko abeslari txikiak ditugu, 8 eta 11 urte arteko 45 abeslari inguru. Ondoren, Orfeoi Txikia dago, 75 kiderekin, 11 eta 15 urte bitartekoak. Adin horretan, harrobia lantzeko, eskola koroak ere baditugu, lau eskolatan: Intxaurrondo Hegoa, Jakintza ikastola, Ibai ikastola eta Peña Florida institutuan. Guztira, horrela, 8 eta 15 urte arteko 250 abeslari ditugu eskoletan; eta horiek izaten dira etorkizunean Orfeoi Txikira eta eta Orfeoi Gaztera etortzen direnak. Orfeoi Gaztean, beste 60 abeslari ditugu, 14 eta 18 artekoak, eta horiek orfeoi nagusirako jauzia ematen dute.
Talde batetik bestera erraz igarotzen dira abeslariak?
Nahiko era naturalean izaten da. Gehienbat, adina betetzen dutenean egiten dute aldaketa, baina beti daude salbuespenak. Batek oso ongi kantatzen badu, nahiz eta oraindik gazteagoa izan, lehenago egin dezake aldaketa, adibidez.
Orfeoi nagusian abeslari asko zarete. Nola antolatzen zarete?
Guztira, 200 inguru gara, baina denak ez daude guztiz aktibo. Badago ikasketengatik kanpoan dagoena eta astean behin etortzen dena entseatzera, edo amatasun bajan dagoena… edonola, azken urteetan asko igo dugu kopurua, nolabait harrobiaren eraginez; kanpotik etorritako jendea ere badago, baina, urtero, eta, era jarraitu batean, orfeoira abeslariak harrobitik datozkigu. Urtean hamar bat izaten dira.
Zaharrenak erretiratzen joaten dira orduan?
Bai. Pixkanaka jendeak ikusten du bere ahotsa edo osasuna ez dagoela onenean, eta momentu batean agur esaten dute. Hala ere, urtean zehar baditugu ekitaldi jakin batzuk, eta horietan abesten dute orfeoilariek eta orfeoilari izandakoek ere; erakundeari lotuta jarraitzen dute horrela. San Sebastian eguneko mezan, eta Ama Birjinaren bezperako Salbean eta eguneko mezan abesten dute.
Adin tarte handia mugitzen du talde nagusiak, beraz.
Bai, taldeko zaharrena 80 urteren bueltan dabil, eta gaztetxoenak 17 urterekin hasten dira. Hori da orfeoiaren xarmetako bat. Gaztetxoak eta helduek elkarrekin abesten dute, eta ongi moldatzen dira. Oso polita da.
Abesteaz gain, zuzendari laguntzailea ere bazara. Zer egiten duzu zehazki?
Hor egoten naiz, zuzendariak behar izaten nauenerako. Zuzendariak beste konturen bat duenean, nik zuzentzen dut entsegua; edo, batzuetan, taldea multzoka banatu behar izaten da entseatzeko, eta, orduan, batzuk berarekin aritzen dira, eta, beste batzuk, nirekin. Barneko lanak ere egiten ditut: ahotsak ezagutu, ahotsak prestatu..
Aurrekontuak tarteko, jaialdiek ez dute une onena izango…
Hor gabiltza… jaialdi asko desagertu egin dira, eta beste batzuk asko murriztu dute euren aurrekontua eta kontzertu kopurua. Madrilgo jaialdi batean abesten bagenuen, esaterako, orain nahiago dute bertako abesbatz bat eraman, merkeagoa ateratzen zaielako. Horren ondorioak sufritu ditugu, eta sufritzen ari gara. Espero dugu pixkanaka buelta emango diogula egoerari, eta aukera izango dugula jaialdi gehiagotara joateko.
Abeslarien konpromisoa handia izaten dela azpimarratu izan duzue maiz.
Bai, beraien ahotsa, beraien denbora librea eta beraien ilusio guztia eskaintzen digute, eta ez dute kobratzen. Beraz, kanpora joaten garenean, dena ordaintzen zaie. Urtean, ehun entsegu inguru izaten ditugu gure egoitzan, bakoitza bi ordukoa; hortik aurrera, hemendik kanpoko entseguak, bidaiak, mezak, eta bestelakoak daude. Ordu pila bat dira, amateur mailako abesbatza bat izanda.
Zein da horren ordaina?
Nik ez daukat askotan abesteko aukerarik, beste kontu batzuetan nabilelako; baina, orfeoiak asko ematen duela entzun izan dut. Askotan, lanetik etortzen dira, egun txarra izanda… eta bapatean, musikak duen magia gauzatzen da, eta kantari aritu ostean, lasaiago eta gusturago geratzen dira, eta hobeto joaten dira etxera. Orfeoiak eskaitzen du hainbat hiri ezagutzeko aukera, eta jaialdi garrantzitsuetan parte hartzeko aukera, baita profesional handiekin lan egiteko aukera, eta horrek asko balio du beraientzat.
Zer ematen dio orfeoiari Donostiak?
Orfeoilarientzako, argi dago, kanpora goazenean, Donostia dela gure identitate zeinua;?oso harro esaten dugu Donostiako Orfeoikoak garela, eta denei azaltzen diegun Donostia non dagoen. Donostiar izate hori oso harro daramagu.
Eta orfeoiak Donostiari?
Hiriko kulturaren erakusgarri sendoa dela uste dut. Ez da atzo goizean sortutako zerbait, 120 urte daramatza arrakasta lortuz, eta izenean bertan darama hiriaren izena. Horretaz gain, hiriko jai egun garrantzitsuenetan parte hartzen dugu.
Zein da zuentzako urteko momenturik gozoena?
Asko izan daitezke, eta, askotan, gutxien espero duzuna bihurtzen da guztiz berezia. Hala ere, orfeoilarientzako une garrantzitsuena abuztuaren 14ko Salbea dela uste dut. Oso momentu berezia izaten da. Gainera, kontuan izan behar da, Salbea bereziki orfeoiarentzat egindako abesti bat dela.
Zein izango da orfeoiaren etorkizuna?
Gizartea aldatzen ari den moduan, orfeoia ere aldatuz joan da. Egunero egiten dugu gogoeta arduradunek, eta erronketako bat koroa berritzea da. Abeslari berriak etortzea, ongi prestatuak, eta, zorionez, Orfeoi Gaztea indartsu dator.