Circular Hub taldeak ekonomia zirkularraren inguruan dibulgatu eta proiektuak garatu nahi ditu. Kafe hondarretatik sorturiko perretxikoen egitasmoa da lantzen ari diren lehena.
Aitor San Francisco, kafe hondarren poltsarekin, Tabakalerako kafetegian. (Argazkia: I.Esnaola)
Tabakalerako Impact Hub gunean sortu zuten Circular Hub taldea ekonomia zirkularraren alde lan egiteko. Ereduaren inguruan dibulgatzea, mikro-esperientziak garatzea eta formazioa eskaintzea dute helburu. Baina, zer da ekonomia zirkularra? Aitor San Francisco (Gros, 1982) ikerlari, ekintzaile eta taldeko kideak azaldu digu: «Ekonomia linealaren azken prozesua aldatzen duena da zirkularra. Linealean zerbait sortu, eraldatu, erabili eta zakarretara botatzen da. Eredu zirkularrean zaborra ongarri bihurtzea litzateke».
Zikloa ixtea da ekonomia zirkularraren xedea. Zakarretara botatzen dena nola berrerabili daitekeen aztertzen du, eredu iraunkorraren alde eginez. Helburu horrekin bat egin zuten sei pertsonak Donostiako Impact Hub gunean, eta Circular Hub taldea sortu zuten. «Enpresa, fundazio, Gobernuz Kanpoko Erakunde eta ikerkuntza alorrekoak gara partaideak», azaldu du San Franciscok. Berarekin batera, Eduardo Sanchez (Emaus fundazioa), Aitor Moreno (Prosalus), Angela Goyoaga (Haiku Futon), Mikel Serrano (Motorlan) eta Yeneko Lozako ekintzailea daude lan taldean.
Urtebete pasa da taldea osatu zutenetik, eta ordutik lanean dabiltza. Urtarrilean lehen mikro-esperientzia abiatu zuten: kafe hondarretatik perretxikoak sortzea. «Tabakaleran egonda, pentsatzen hasi ginen zer egin genezakeen. Egoitzan zegoena aztertu eta Taba kafetegira hurbildu ginen. Beraiekin hitz eginda, ikusi genuen proiektu bat garatzeko aukera genuela», adierazi du San Franciscok. Kafetegiak sortzen dituen kafe hondarrak berrerabiltzea erabaki zuten. «Hondarrekin konposta egin beharrean, prozesu baten bidez erakutsi nahi dugu perretxikoak atera daitezkeela».
Kafe hondarrak mizelioarekin nahastu dituzte, ostra perretxikoen haziarekin. Nahasketak plastikozko poltsatan sartu dituzte, eta denbora bat pasa behar dute leku ospelean. «Hiru edo lau astez, gela ilun batean egon behar dute, tenperatura normalarekin», dio San Franciscok.
Une honetan, Tabakalerako sotoan dituzte poltsak, bigarren urratsaren zain. Hain zuzen ere, basoetan egunez eta gauez gertatzen den prozesu naturala erabiliko dute. «Impact Hub gunera igoko ditugu poltsak, eta hiru astez izango ditugu. Hezetasun gehiago beharko dute. Hasiera batean, kostako da, baina behin prozesua abiatzean perretxikoak azkar ateratzen dira». Zirkulua ixteko, proba bat egingo dute Tabakalerako pizzerian, eta bertan dastatu ahal izango dira.
Eredu sozialagoa
Circular Hub taldeak ekonomiaren alderdi soziala azpimarratu nahi du. «Ekonomia zirkularra, lineala baino sozialagoa da. Hori da gure leloa», azaldu du San Franciscok. Ildo horretatik bigarren mikro-esperientzia bat aztertzen ari dira. «
Reverse Vending makinen inguruko proiektua da. Europako iparraldean dagoeneko badaude, baina guk ikuspegi soziala gehitu nahi diogu». Hain zuzen ere, makina horietan lata edo edukiontziak sartu, eta trukean dirua ematen dute. Birziklapena sustatzeaz gain, birziklatzen dutenak saritzen ditu. Ordea, San Franciskok uste du izaera sozialagoa izan dezakeela. «Diru hori proiektu sozial bati donazio moduan emateko aukera jarri dugu makinan». Dagoeneko hasi dira proiektua diseinatzen, eta makina non jarri ere pentsatzen ari dira.
Hirugarren mikro-esperientzia webgune batekin loturikoa izan daiteke. Aztertzen ari diren arren,
Yonodesperdicio.org webgunearen ingurukoa izango litzateke. «Janari gehiegi botatzen da zakarretara, eta aprobetxatzeko kultura bultzatzen du», dio San Franciscok. Gurean ez da horren ezaguna, eta horregatik, webgunea egokitu eta hedatzeko asmoa dute. «Gaiari buelta bat eman nahi diogu, eta erakutsi elikagaien inguruan arazo bat dagoela».
Mikro-esperientzien bidez ekosistema iraunkorrak sortu daitezkeela erakutsi nahi dute. «Laborategi moduan ikusten dugu gure lana, azterketa batzuk egiteko. Posible dela frogatzean, zein eragin positibo dituzten ikusten dugu, eta gero, negozio bati begira iraunkortasunik duen», azaldu du San Franciscok.
Dituzten proiektuak ez dira mikro-esperientzia horietara mugatzen. Dibulgazioari eta heziketari tarte berezia eskaini nahi diote. Jendartean ekonomia zirkularra zer den eta zein balio dituen hedatzea dute helburu, eta horretarako jardunaldiak zein topaguneak antolatzen dituzte.