Donostiako Inauterietan ez da proposamenik faltako. Konpartsen eta karrozen ohiko desfileaz gain, auzoz auzo hainbat jarduera izango dira, eta herritarrek parte hartzeko aukera izango dute.
3txulo txarangako kideak, iazko inauterietan. (Argazkia: 3txulo)
Inauteriak bizi eta parte hartzeko aukerarik ez da faltako datozen egunetan. Donostiako auzoetan proposamen interesgarriak izango dituzte herritarrek. Beraz, mozorroa jantzi eta ikusle soil izan nahi ez dutenentzako hainbat gomendio ditugu. Parte Zaharretik hasi, Gros eta Amaratik pasa eta Antiguara iritsi bitarte.
Laugarrenez aterako da 3txulo txaranga inauterietan, eta azken urteetako asmoa mantenduko dute. Bihar, Diana egingo dute Sarriegi plazan, 12:00etan, eta mantala jarriko diote danborrariari. Ondoren, Parte Zaharreko kaleetan barrena ibiliko dira jotzen eta mantala jarriko diote ere Abuztuaren 31 kaleko andrearen eskulturari.
Maritxu izenez ezagutzen dute txarangako kideek.
Tolosako inauterietan zegoela Donostian antzeko zerbait egitea erabaki zuen Jesus Maria Garikanok (Antigua, 1963). «Hango giroa eta izaera parte hartzailea hona ekarri nahi genuen. Musika eskolan geundenez, ideia aurkeztu eta hasieran dozena bat apuntatu ziren», azaldu du Garikanok. Eskolako helduen musika bandan egin zuen proposamena, eta entseguetan gero eta jende gehiago batzen hasi ziren. «Txaranga parte hartzaile eta irekia gara, ez dugu zuzendaririk eta denon artean banatzen ditugu egitekoak».
25 lagunek osatzen dute 3txulo txaranga. Bataz beste 50 urtekoak dira, baina adin tarteak mugarik ez duela dio Pilar Otegik (Amara, 1955): «Normalean 20 bat ateratzen gara. Zaharrenak 80 urte ditu eta gazteenak 20, baina ez dira beti gurekin etortzen».
Txarangaren izenari dagokionez, Donostiarekin lotura izatea nahi zuten. «Donostiar txaranga, Izurun, Bella Easo, Hirutxulotarrak, … kosta zitzaigun erabakitzea», dio Garikanok. Baina azkenean 3txulo izenarekin egin dute aurrera. «Musika eskola Hirutxulo plazan [egungo Atotxa plaza] dagoenez, eta bertan entseatzen dugunez, horrela deitzea erabaki genuen».
Salto eta algara
Donostiako Piraten Irrikitaldian parte hartu zuten, eta antzeko zerbait egin nahi dute inauterietan. Azken batean, helburu nagusi bat dutela dio Roberto Setienek (Añorga, 1957): «Musika alaiarekin, salto eta algara egitea gurekin batera».
Guztira 30 bat pieza dituzte prest, eta horien artean daude
Jueves Gordo, Baila Negra eta
Pintxana kantuak. «Inauteriak hasteko modu on bat da, mozorrotu eta gurekin salto egitera etortzea», azaldu du Garikanok. Inauterien ondoren, Lilatoian jotzeko deitu diete, eta gustura jarriko dute giroa martxoaren 5ean.
‘Selfie’ lehiaketa
Donostiako Udalaren egitarauak inauterietarako prestatu duen egitarauko berrikuntza esanguratsuena Argazki Pertsonalen Lehen Lehiaketa izango da.
Gozatu Donostiako Inauteriaz izena jarri diote, eta mozorrotuta
selfie bat egitea eta 18 urtetik gorakoa izatea dira ezinbesteko baldintzak. Argazkiak udalaren Festak sailaren
webgunera bidali behar dira otsailaren 27a bitarte.
Sari erakargarriak ditu lehiaketak. Festak eta Turismo sailetako arduradunek erabakiko dute zeintzuk diren saridunak. Lehen saria 2018ko Rio de Janeiroko (Brasil) inauterietara joateko bi lagunentzako bidaia da. Bigarren saria, berriz, 2018ko Wiesbadengo (Alemania) inauterietara joateko bi lagunentzako beste bidaia bat.
Festari hasiera emateko, Momo jainkosaren desfilea egingo dute gaur (18:31), Londres hoteletik abiatuta eta The Joselontxo’s txarangak lagunduta. Aurten, Los Bebes de la Bulla taldeko Manolo Garcia lehendakaria da Momo jainkosa, eta bere kideekin batera desfilatuko du. Bestalde, bihar, Festan Blai! izeneko gazteen gunea bihurtuko da Bretxa. Musika, jolasak eta opariak ez dira faltako.
Haurrentzako, Panpinen Mundu Magikoa festa antolatu dute biharko, Antzoki Zaharrean (18:01). Musika, antzerkia, zirkua eta ezusteko ugari izango dituen ikuskizuna eskainiko dute bertan. Parte hartzeko ezinbestekoa da haurrak eta gurasoak mozorrotuta joatea.
Konpartsen desfileari dagokionez, aurten 28 taldek parte hartuko dute; iaz baino hiru gehiagok. Guztira 2.309 lagun aterako dira kalera mozorroekin dantzatzera. Karrozen eta konpartsen lehiaketa, bihar eta etzi izango da (17:01). Bulebarrean hasi eta Urdaneta kalean bukatuko dute ibilbidea.
Pintxo pote alaia
Amara Berri auzo elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu gaurko, saltoki eta tabernekin elkarlanean. Arcco merkataritza gunean 0 eta 15 urte bitarteko haurren Mozorro Lehiaketa egingo dute (16:01). Haur guztiek sariren bat izango dute soilik parte hartzeagatik. Bestalde, inauterietako ohiko pintxo potea egingo dute auzoan, jardueran parte hartuko duten tabernetan (19:31).
Bertso mozorro afaria
Amara Berriko Ilunki elkartean (21:30). Arkaitz Oiartzabal
Xamoa eta Egoitz Zelaia bertsolariak ariko dira kantuan. Antolatzaileek mozorrotuta joateko deia egin dute. Izan ere, mozorro onenak saria izango du. IRUTXULOKO HITZAren urtebeteko harpidetza jasoko du irabazleak. Bertso afarirako txartela 12 euroren truke eskura daiteke Ilunki elkartean; ikasle zein langabetuak, aldiz, 10 euro. Pasa den urtean, Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiak gonbidatu zituzten.
‘Quidditch’ partida
Groseko Ubarroiak kofradiak
Quidditch partida antolatu du inauterietarako. Txofreko plazan egingo dute bihar, 12:00etan. Antolatzaileek ez dute argitu Harry Potter bertan izango den, baina fantasiazko liburu saileko beste pertsonaiek ez dute hutsik egingo. Zazpi pertsonako taldetan egingo dute bilatzaile, harrapatzaile, zaindari eta abarren arteko dema. Egunean bertan izena emateko aukera egongo da.
Egitaraua ez da partidara mugatuko. Beroketa lanetarako hamaiketakoa egingo dute, eta partida bukatu ondoren, poteoa auzoan. Bazkaria, berriz, Marruma elkartean izango da (14:30).?Arratsaldean, inauteriekin gozatzeko aukera izango dute hurbiltzen direnek
TrikiFrikiPoteo animatuarekin (16:30). Grosen zehar ibiliko dira, mozorrotuta noski.
Ubarroiak ez da inauterietarako zerbait prestatu duen kofradia bakarra. Guardetxean ospatuko ditu inauteriak Eskifaia gazte kofradiak, eta egun osoko jaia egingo du. Eguerdiko hamabietan Rekalde tabernan elkartuko dira; 14:00etan bazkaria egingo dute Guardetxean; eta azkenik, jolasak egingo dituzte Urgullen eta Parte Zaharrean. 10 euro balio du bazkariak eta izena emateko
eskifaiakofradia@gmail.com helbidera idazteko eskatu dute.
Inude eta Artzainak
Antiguako inude eta artzainen kalejirak urteak daramatza auzoko kaleak alaitzen. Aurten, hogeita hamabigarrenez, Antiguotarrak dantza taldeko kideak kalera aterako dira, auzoko hainbat eragile eta pertsonen parte hartzearekin batera. Kalejira alaia, koloretsua eta irekia izan ohi da, eta bertan, adin ezberdinetako inude eta artzainak, pertsona ugari eta danborrada herrikoia biltzen dira. Alfontso XIII.aren plazatik abiatuko dira 12:01ean.
Sardinaren Ehorzketa
Inauteriei agur esateko, hilaren 27an, Sardinaren Ehorzketa egingo dute (19:31). Belgikako Les Rodjes Macrales de Liege (Liejako sorgin gorriak) konpartsaren laguntza berezia izango dute. 30 bat sorginek osatzen dute konpartsa, eta inauterien azken egunean ez ezik, aurreko egunetan ere, Donostiako kaleak girotuko dituzte beraien dantza eta antzezpenekin.
Ehorzketan parte hartzearekin batera, Liejako konpartsak sardina erretzen lagunduko dio Momo jainkosari. Aldaketak egongo dira musikan. Sarriegik ikuskizunerako idatzi zituen doinuak alboratu gabe, doinu klasikoak eta zinema doinuak eskainiko dituzte, Liejako sorginek erabili ohi dituztenak.
Gunea ere aldatuko dute. Sardina Alderdi Ederren erretzen saiatuko dira, sute handi batean, San Joan gaua izango balitz bezala. Halaber, segizioko pertsonaiak ere aldatuko dira. Sorginekin batera, belagileak eta aztiak izango dira Momo eta Sardinarekin batera inauterietako azken akelarrean parte hartuko dutenak.