Duela ia bost urte iritsi zen Loiolara ‘Berritxu’, eta Josune Nosellasek ederki hezi du; Yako espezieko loro bat da, eta auzoaz gain, sare sozialak ere aztoratu ditu, bere etengabeko hizketaldiekin.

‘Berritxu’ eta Josune Nosellas, euren etxeko egongelan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Zalantzarik gabe, Nosellastarren bizimodua aldatu du Berritxuk. Laster bost urte beteko dira, Yaco espezieko loroa Loiolara iritsi zenetik, eta auzoan ez ezik, beste txoko askotan ere oso ezaguna egin da jada, sare sozialen bidez.
«Dezente hitz egiten zuen jada duela urtebete inguru, eta ingurukoek grabatzeko esaten zidaten. Eskuko telefono merke bat erosi nuen, eta grabatzen saiatu nintzen, baina ezinezkoa zen, gainera botatzen zen». Azkenean, lehen bideoa grabatzea lortu zuen Josune Nosellasek, Berritxuk Txuri-urdin abesten zuela, eta sekulako arrakasta izan zuen. Facebooken jada 20.000 jarraitzaile baino gehiago ditu, eta, Youtuben, 2.200dik gora; bideo ikusienak, gainera, 5 milioi bisita baino gehiago izan ditu. «Bideo bat igo eta segituan jarraitzaile guztiek ikusten zuten, 3.000 bisita izaten zituen bi egunean; gainera, ahoz ahokoak ere asko egin duela uste dut». Irutxuloko Hitzak ezagutu du hegazti xelebrea, eta etengabe hizketan aritu da bisitaren aurrean, inolako lotsarik gabe.
«Orain, grabatzeko, telefonoa terrazan uzten dut, mahai baten gainean, bera kaiolan dagoen bitartean, eta gero zatirik interesgarrienak aukeratzen ditut», azaldu du loroaren jabeak. Bakarrik badago eta eguraldi ona egiten badu, gehiago hitz egiten duela dio, baina ez omen zaio batere erraza egiten bideo on bat grabatzea. Hurrengo erronka, ordea, jarria dauka, Zorionak zuri abestia irakastea. «Errazagoa zen hasieran irakastea, burua hutsik zuenean. Orain, zatiak nahasten ditu, eta ikasi arte denbora asko igarotzen du».
Sevillatik ekarri zuten Berritxu, lau hilabete zituela, eta Josune eta bere ama Maria Luisarekin bizi da: «Nire aita hil zenean, aspaldi ikusi gabe genuen Tolosako bere arreba bat etorri zen. Loro bat zuela kontatu zigun, eta nik nire amarekin ordu asko egiten ditudanez etxean, nire ahizpak ere loro bat oparituko zidala esan zidan».
Horrela, azken urteetan, hiru dira etxean, eta «Josune» eta «amona» erraz asko esaten ditu Berritxuk. Horietaz gain, ordea, bizilagun batzuen eta Josuneren iloba guztien izenak ere badakizki, baita superkalifrajilistikoespialidoso hitza ere!
Ia uneoro aritzen da hizketan Berritxu: «Isilik dagoenean, arriskua ziurtatua dugu, auskalo zer egiten ari den!». Esaldi gehienak gazteleraz esaten ditu, baina euskaraz ere badaki: agur, txakurra, zorionak eta urte berri on, Txuri-Urdin… «Oso errepikakorra naiz; kanpaiek jotzen dutenean, ‘kanpaia, tilin-talan’ esaten diot, edo ura jartzen dionanean, ‘ura, ze goxua’. Esaldiak barneratzen ditu, eta, ondoren, momentuekin eta soinuekin erlazionatzen ditu». Biraoren bat edo beste ere ikasi du Berritxuk, eta haserretzen denean erabiltzen ditu: «Hitzak sentimenduekin lotzen dituela argi dago, badaki noiz esan gauza bakoitza».
Familiako kide bat gehiago
Nosellasek gogoan du loroa etxera iritsi zen eguna. «Hasieran, denaren kontra jotzen zen, alde guztietan kaka egiten zuen… eta denbora asko korridorean bakarrik eta hegan ematen zuen». Orain, etxe guztitik hegan eta oinez ere ibiltzen da, eta ederki daki noiz ari den ongi eta noiz gaizki: «Sukaldera sartzea debekatua dauka, eta badaki. Bi eskuak okupatuak ditudala ikusten duenean, sartu eta lepoan jartzen zait, tentatzen». Edonola, batzuetan gaizki portatzen den arren, berarekin barre asko egiten duela onartzen du Josunek: «Ez dauka beretzako logela propiorik, eta elkarbizitza izugarria da. Jarri gaitezke ama eta biok telebista ikusten, eta bera isildu gabe La cucaracha abesten».
Orain, adibidez, Josune gaixo ibili denez, hari entzundako doministikuak askotan errepikatzen ditu: «Hatxiu!» . Bizilagunen arreta ere deitu du Berritxuk, noski: «Ondoko etxeetatik askok entzuten dute; nik ez dut sekula inor ikusten, baina askok esaten didate balkoian berari entzuten aritzen direla». Maria Luisaren hitzetan, laugarren solairuko bizilagunak esan zien terrazan gehiagotan uzteko, gustura aritzen zela hari entzuten. Hala ere, denak aspertzen duela dio Josunek, eta tentuz ibili behar dutela.
Otorduak etxekoekin batera egiten ditu, eta jabearen hitzetan, intxaurrak izugarri gustatzen zaizkio. Gauean, etxekoak lotara joaten direnean, berak ere lo egiten du.
Elkarrizketa bukatu eta etxetik ateratzean, «agur» esan dio Berritxuk kazetariari.