Hiri sarbideen inguruan udalak Gipuzkoako Aldundiarekin adosturikoa azaltzeko eskatu du EH Bilduk.
Martxoko udalbatzarra egin zuten atzo, udaletxeko udal batzar aretoan. (Argazkia: Malen Aldalur)
Udal gobernuak konpromisoa agertu du Karlos I.aren hiribideko auzotarrekin bildu eta zubibidearen inguruko informazioa emateko. Gipuzkoako Aldundiarekin udalak hiri sarbideen lankidetza hitzarmenaren berri emateko eskatu du EH Bilduk. «Hitzarmena sinatu zenetik 10 hilabete pasa dira, eta Karlos I.aren hiribideko bizilagunek zain jarraitzen dute, ezer jakin gabe», adierazi du Josu Ruiz zinegotziak.
Udaleko talde guztiek onartu dute proposamena, baina ñabardurekin. Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak egiten ari diren lanaren berri emateko arazorik ez dutela azaldu du, baina gaiak nahastea egotzi dio EH Bilduri: «Dakizuenez, gai konplexua da, eta ematen du irabazi politikoa atera nahi duzuela horrekin». Ruizek erantzun dio hori ez dela horrela, eta gogora ekarri nahi izan dio pasa den legegintzaldian «pankartaren atzean» zeudela, zubibidea kentzeko eskatuz.
PSE-EE alderdia eskaeraren alde agertu da, eta Ernesto Gasco zinegotziak azpimarratu du «bederatzi urte» daramatzala alderdi sozialistak Karlos I.aren hiribideko zubibidea kentzearen aldeko lanean. «Ezinbestekoa iruditzen zaigu, eta gure gobernu programan dator. Aldundia nahiko genukeena baino motelago dabil gai honekin, eta lehentasuna eman beharko lioke hiriko sarbideen trafiko arazoari irtenbidea emateko», adierazi du Gascok.
Irabazi?Donostiak eta PPk udal gobernuari eskatu diote zubibidearen inguruan auzotarrei informazioa helarazteko ahal bezain pronto. «Karlos I.aren hiribidearen batzorde propio bat sortu zen, eta hilabeteak dira batzartu ez dela», adierazi du Jose Maria Murgiondo PPko zinegotziak.
Zezenketen legea
Espainiako Kongresuari eta Senatuari 18/2013 Legea indargabetzeko eskatu dio udalbatzak, Irabazi Donostiaren proposamena onartuta. «Bertan behera uzteko eskatzen dugu, oztopo bat delako udalaren instalazioak tauromakiarekin lotutako jardueretarako erabiltzeari buruz, hamar mila donostiarrek eskatutako kontsulta egiteko», azaldu du Amaia Martin bozeramaileak.
Mozioa aurkezterako unean anekdota bat gertatu da, Loic Alejandro Irabaziko zinegotziak zezenketen kontrako kamiseta bat jarri duelako bere idazmahaiaren aurrean. Eneko Goia alkateak alkateari galdetu dio ea hori onartua dagoen, eta berak erantzun dio udalbatzako presidenteari dagokiola hori onartzeko eskumena. Goiak ez dio eskatu kentzeko.
Espainiako Ministroen Kontseiluak zezenketen galdeketari baimena ukatu ondoren, bide berriak aztertu behar direla adierazi du Axier Jaka EH Bilduko bozeramaileak. Irabaziren proposamenarekin bat egitearekin batera, EAJri eskatu dio bide berri horien alde lan egiteko. «Bi bide legal proposatzen ditugu hiritarrei galdera egiteko. Bata, Arrosaren eredua da, eta bestea Zestoakoa».
Eneko Goia alkateak iragarri zuen apirileko udalbatzarrera eramango dutela galdeketaren inguruko helegite proposamena. Horrela ere, konpromisoa agertu du bide berrien inguruan hitz egiteko. «Kasu honetan, legea indargabetzearen alde gaude, tauromakiaren aurrean bide bakarreko ikuspegi bat inposatzen duelako», azaldu du Goiak.
Erabakiaren aurrean kezka agertu du Gascok, «Zuzenbide Estatuaren kontra» doalako. «Lege hori aldatzeko lekua Espainiako Kongresua da, eta oso larria iruditzen zaigu udalbatzarrean egitea. Gainera, proposamenari gehitutako zuzenketak ilegalak dira». Horren aurrean, Goiak sozialistaren baieztapena kritikatu du, egindako zuzenketak «guztiz legalak» direla esanez. PPk bere aldetik, alkateari gogorazi dio udalaren eskumena dela zezen plaza bat mantentzea Donostian. «Udalaren esku dago erabilgarri izatea edo ez», azpimarratu du Miren?Albistur bozeramaileak.
Erraustegiaren txostena
Zubietan eraikiko den erraustegiaren toxikotasuna aztertzeko Gipuzkoako Aldundiak eta BioDonostiak hitzarmena sinatu zuten. Irabazi Donostiak sarritan eskatu du adosturiko dokumentua, eta oraindik ez dute jaso. Hori dela eta, Alejandro zinegotziak eskaera berri bat eraman du udalbatzarrera. «2016ko apirilean sinatu zen, eta adosturikoaren inguruko informazio bakarra hedabideetan irakurritakoa da. Hori dela eta, Aldundiak udalari dokumentua emateko eskatzen dugu», adierazi du Alejandrok.
PSE-EE, EAJ eta PPk eskaeraren kontra egin dute, argudiatuz erraustegiaren inguruko iritzi ezkorra sortzen duelako. «Erraustegiaren inguruan duzuen aurreiritzia ez dugu konpartitzen. Gainera, oraindik martxan ez dagoen hitzarmen baten dokumentua nahi duzue», esan du Alfonso Gurpegi Ingurumen zinegotziak.
EH Bilduri oso larria iruditzen zaio udalbatzak ez onartzea Irabaziren eskaera. «Jarrera horrekin erraustegiaren kontrako jarrera handitzen duzue», azaldu du Jakak. Onartu ez arren, Alejandrok dokumentua lortzeko eskaera egin dio Gurpegiri, eta ez du erantzunik jaso.
Bestalde, udaleko alderdi guztiek bat egin dute Stop Kaleratzeak plataformaren eskaerarekin. Horrela, beren obligazioei aurre egiteko zailtasunak dituzten zordunei banku-jardunbide egokien kodea aplikatzeko eskatu dute.