Operako lan taldea, aurkezpen egunean. (Argazkia: Hitza)
200 urte bete dira aurten Rossiniren
Errauskine opera ezaguna estreinatu zenetik. Urteurrenarekin bat eginez, Opus Liricak eta Musikenek obra klasikoaren bertsioa prestatu dute. Lehen aldia da elkarrekin lan egiten dutela, eta erronka bezala hartu dute. Emaitza gaur, bihar eta etzi ikusi ahal izango da Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Opus Liricak pauso bat eman nahi du
Errauskine operaren moldaketa berriarekin. Izan ere, Gipuzkoan hezitako artisten kalitatearen alde egin dute. Ekoizpenean ehun pertsonek parte hartzen dute, eta gehiengoa bertakoak dira. Tartean da, 50 laguneko Musikene Orkestra Sinfonikoa.
«Komedia freskoa, eta kolore zein mugimendu askokoa da», Opus Liricaren arabera. Fitxa artistikoari dagokionez, Marife Nogales mezzosoprano andoaindarra, Haizea Muñoz soprano errenteriarra eta Lucia Gomez donostiarra dira operako protagonista nagusiak. Hiruak Musikeneko ikasle ohiak dira. Bestalde, eszenografiaz Paolo Panizza italiarra arduratu da, eta Eduardo Portal gaztea da musika zuzendaria.
Gaurko emanaldia ezberdina izango da. Izan ere, Opera Txiki ikuskizuna eskainiko dute, eskolako haurrei zuzendurikoa. Bertsio didaktikoa izango da, eta Musikeneko ikasle eta ikasle ohiak diren orkestrako kideek, artista nagusiek eta abesbatzako kide batzuk parte hartuko dute.