Turismoa egin dute Loiolan
Larunbat ederra igaro zuten Loiolako bizilagunek. Mozorrotu egin ziren haur, gazte eta helduak, eta auzoa oporretarako leku gisa saldu zuten. Bainujantziak, baloi puzgarriak, eguzkitako betaurrekoak… kolore festa ederra egin zuten auzotar animatuenek. Helburua? Loiola Dor filmatzea.
Hain zuzen, Herri akzioa dinamikaren baitan, hainbat ikus-entzunezko egin dituzte azken urteetan Loiolan, eta, oraingoan ez dute nolainahiko helburua jarri: zirkuitu termalak, joko eta apustu kasinoak, jolas parkearen lorategi eta zuhaizti bitxiak eta kirol portua. Axel Casas youtuberra arduratu zen grabaketaz, eta auzoko jaiak iritsi baino lehen lana prest izatea espero dute.
Loiolako bizilagunek eta Olatu Talkako argazkilari batek grabaketaren momentu onenak harrapatu zituzten euren kamerekin.