Bidexketan barrena murgildu da Iñigo Landa, Altzako Historia Mintegiko kidea; horrela, utzita dauden hainbat elementu historikoren berri eman du Estibaus atarian, haien babesa eskatzeko.
Herrerako lur azpiko zubibidea. (Argazkia: Estibaus)
Altzako Historia Mintegiak gogor lan egiten du Altzako historia berreskuratzeko. Oraingoan, Iñigo Landa kideak Altzan babestu beharreko elementu historikoak sailkatu ditu, Estibaus webgunean argitaratutako artikulu batean: «Denboraren joan-etorrian, bide, errepide zein trenbideek Altzaren lurraldea alderik alde zeharkatu dute, espazioa antolatuz. Aurrekoen gainetik ezarri dituzte azpiegitura berriagoak, eta, ondorioz, askotan ez da erraza topatzea aztarna historiko zein arkeologikoak. Alabaina, egon badaude, eta merezi dute aintzat hartuak izatea, baita babestea ere».
Txipres eta Zillargillene baserrien artean dagoen zatia aipatu du Landak lehenengo. «XIX. mendean, Gipuzkoako Pedro Soraluze historialariak, beste lagun batzuekin batera, erromatarren garaian kokatzen zuen Agriparen itsas bidearen aztarna». Dirudienez, ezin izan dute frogatu erromatarren garaiko hipotesia, baina bai Erdi Aroan bazela: «1425eko dokumentu batean ‘Txipreseranzko bidea’ aipatzen dute. Txipres baserriak eta bere Erdi Aroko arkitekturak merezi duten babesa daukate, baina bideak, baserriari estuki lotua dagoenak, ez», gogoratu du Landak. Bide zati horren behealdean, bideak Gaztelueneko maldarekin bat egiten duela dio Landak, eta «zalantzarik gabe» malda hori Txipreseranzko bidearen zati bat da: «Lotua dago Oiartzun eta Donostia, San Marko eta Txoritokieta artean zeharkatzen zuen bide nagusiarekin. Donejakue bidearen igarobidea ere bada historiografia klasikoan».
Donejekue bideko zati gehiago ere aipatzen ditu Landak, bata, Errenteria eta Donostia lotzen dituena: «Galtzada zaharraren zati bat dugu, Arrieta etxearen eta Sasoategi baserriaren artean, Molinaon. Zati horrek ez du esku hartze modernorik izan. Oinez pasa zitekeen duela urte gutxi arte, baina, une honetan enborrez eta landarez josia dago, eta premiazko mantentze lanak behar ditu».
Sasoategiko mugarria. (Argazkia: Estibaus)
Mugarriei buruz ere aritu da Landa, «Haiek ere merezi dute gure arreta eta babesa». Landaren arabera, Molinaoko Sasoategi baserriaren ondoan topatu dute horietako bat, aurtengo otsailean: «SS hizkiak daramatza zizelkaturik albo batean eta Errenteriatik Donostiara doan bidearen seinalea da». Lorete auzoan beste mugarri bat ere topatu du, «Ermita bidetik, Molinaoko itsasadarraren ertzean zegon Abernetatik Herrerara zihoan bidearen seinalea litzateke. Tamalez, beste batzuk desagertu egin dira».
Ikur bilakatu dira
1847an egindako errepide bat ere gogoratu dute Estibausen. «Buenavistan, portuko bulegoen eraikinaren parean, badago bidarri bat testu honekin: ‘RUTA Nº 1 A SS 5 K’. Errepide horretan beste bidarri batzuk daude, bat Herreran, oso egoera txarrean, eta beste bat Mirakruzen». Beste ibilbide batean, Mirasun baserriaren parean, Altzagainan, Donostiatik 6 kilometrotara dagoen mugarria ere aipatu du:?«Erroteta inguruan egongo zen 5. kilometroa adierazten zuena, baina ez dugu haren erreferentziarik; eta 4. kilometroarena, Herreran, tren geltokiaren ondoan. Obra bat egiterakoan kendu zuten Herrerakoa, duela zortzi urte».
Bukatzeko, Herrerako ikur bilakatu diren bi elementu historiko aipatu ditu, haien garrantzia ere azpimarratuz: «Itsasadarra zena gainetik igarotzeko tren zubibide bat eraiki zuten, 1865ean, eta, aurrerago, 1932an, eraiki zuten lur azpiko pasabidea».