Donostiako Klasikoaren eta Tropela elkartearen arteko elkarlana eten da
Tropela elkarteak ez du Donostiako Klasikoaren eta Euskal Herriko Itzuliaren webgune zein sare sozialak kudeatzen jarraituko. Duela lau urte OCETA Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak elkartearekin sinaturiko akordioa bertan behera geratu da.
Bi lasterketen antolakuntzan izan diren egitura aldaketek ekarri dute elkarlanaren etena, Tropelak jakinarazi duenez. “Hasieratik konfiantza falta ikaragarria eta gure lanaren inguruko ezagutza falta handia sumatu genuen oraingo zuzendaritzaren aldetik”. Bestalde, kezka agertu dute antolakuntzak hizkuntza kudeaketaren inguruan azaldu duen jarreragatik. “Horren adibide argiak dira prentsa arduradun berriaren izendapena eta euskarazko domeinuen eta traolen erabileraren inguruan etengabe azaldu dizkiguten zalantzak”.
Aurrera begira ere, hainbat zalantza ditu Tropelak. “Azken urteetan egindako lana, eta euskarari, internazionalizazioari eta teknologia berriei dagokienez emandako urratsak ezerezean geratzeko arriskua hortxe dago”.
Akordioak iraun duen artean, Tropela elkarteak Itzuliaren eta Klasikoaren kudeaketa digitala egin du. Euskara ardatz gisa hartuta hiru hizkuntzetan eskaini dute komunikazio digitala, txirrindularitzaren eta teknologia berrien azken aurrerapenen jarraipena eta aplikazioa egin dute, eta Itzulia zein Klasikoa izenen erabilera indartu dute.