Gazteen, eta, oro har, langile gehienen egoera prekarioaz ohartuta, hainbat lagun elkartu dira eta Donostiako Babes Sarea sortu dute. Egoerari erantzuteko tresnak eratu nahi dituzte.
Lan baldintza prekarioei aurre egiteko Donostiako Babes Sarea sortu dute hainbat gaztek. (Argazkia: Hitza)
Donostiako Babes Sarea sortu dute Aratz Urruzmendi (Igeldo, 1990), Jon Delgado (Egia, 1997), Aitor Aldai (Intxaurrondo, 1994), Garazi Castaño (Altza, 1995), Martin Goitiandia (Parte Zaharra, 1997) eta Andoni Zulaika (Ziortza-Bolibar, 1992) gazteek, beste hainbat lagunekin batera. Prekarietatearen aurka borrokatzeko sareak sortu nahi dituzte.
Gazteon Donostia Eraikitzen izeneko topaketak egin zituzten irailean. Gazteen beharrak zeintzuk ziren hausnartu eta behar horien arabera antolatzen hasi ziren geroztik: “Gazteon egoera gero eta prekarioagoa zela ikusi genuen eta horren aurka zerbait egin beharra zegoen”. Topaketa horien ondoren sortu zuten lan taldea, nahiz eta beste hainbat aurrekarik ere izan zuten zerikusia: “Barañaingo GaztEraiki topaketetan beste leku batzuetako hainbat esperientzia ezagutu genituen”.
Maiztasun batekin bost lagun inguru biltzen badira ere, gehiago dira hiriko sarea osatzen ari direnak. “Gure inguruan proiektuan interesa duten pertsona asko daude modu batera ala bestera parte hartzeko prest daudenak; gure asmoa inplikazio maila ugaritako sare zabal bat osatzea da”, dio Castañok. Donostia mailan antolatzen da lan taldea, nahiz eta Euskal Herriko gainerako babes sareekin ere harremanetan dauden “prekarietatea borrokatzeko”.
Behar batetik sortuta
Gazteen egoera eta oro har langile guztiena gero eta «kaskarragoa» dela ikusita, babes sarea sortzeko beharra ikusi zutela esplikatu dute. Castañok uste du, gainera, Donostiaren kasuan prekarietateak beste forma batzuk hartzen dituela: “Turismoak gero eta garrantzi handiago du Donostiako ekonomian, bereziki 3. sektorean”. Bestalde, babes sareko kideek gaineratu dute sindikatuek beren funtzionamendua eta lan egiteko moduagatik zailtasunak dituztela hainbat lekutan «borrokak pizteko», tabernetan eta saltokietan, esaterako: “Uste dugu tresnak sortu behar direla egoera horiei erantzuna ematen hasteko, horretara dator babes sarea, sindikatuen lanaren osagarri izatera”.
Lan taldeko kideak gazteak izanik gazteengan arreta berezia jarri dute: “Oro har gazteon formazioarekin eta asmoekin zerikusirik ez duten lanak egin behar ditugu; urtaroaren araberakoak, ia beti aldi baterakoak eta prekarioak”. Gainera, azpimarratu dute horrek eragina sortzen duela bizitzako bestelako arlo batzuetan ere: “Gaur egun gazteok Donostian emantzipatzeko eta etxebizitza bat eskuratzeko sekulako zailtasunak ditugu”. Aldaiak gaineratu du norberaren autoestimua eta egoera emozionalean ere eragin nabarmena duela horrek.
Gazte mugimenduak “diskurtsotik tresna konkretuen eraikuntzara” salto egin duela azaldu du Zulaikak: “Lanaren eremuan jauzi bat eman da eta horren adibide dira Euskal Herri mailan sortu diren hainbat esperientzia; esaterako, Hernaniko Babes Sarea, Bilboko Eragin kolektiboa, Ezkerraldekoa, Iruñerrian Gazte Langileok edo Langileon Autodefentsa Sarea”.
Sareak eratzeko
Lehenik babes sarea zabaldu eta ezagutarazi nahi dutela azaldu dute: “Era berean, lan gaztaka konkretuei erantzunak ematen hasi nahi dugu, baita beste eragileekin elkarlanean ere prekarietatearen gaia mahai gainean jartzeko”.
Antolatzeak eta elkartasun sareak sortzeak duen garrantziaz ohartarazi nahi dute, “bai lantokietan, baita kalean ere”. Azpimarratu dute garrantzitsua dela ohartzea “lan baldintza kaskarak edo lan gatazka konkretuak” ez direla “norberaren” arazoak: “Arazo kolektiboak dira eta erantzuna ere horrela eman behar diegu”. Orain dela gutxi hasi badira ere, bide luzea egiteko gogoz daude Donostiako Babes Sareko kideak: “Antolatzeko baldintzarik ez duten langileei babesa emateko hor egongo gara, haien borrokak batera aurrera eramateko”.
Babes sarea hiritar ororentzat irekita dagoela azaldu dute. Harremanetan jartzeko hainbat modu daude; telefonoz (644735884), postaz (donostiakobabessarea@gmail.com) eta Twitter kontuaren bitartez (@babessarea1).