Salatutako sexu erasoa salbu, jaiak giro apartan ospatzen ari direla esan du udalak; Irutxuloko Hitza ordezkari batzuekin izan da, Aste Nagusia nola bizi duten ezagutzeko
Aste Nagusiko hamaiketakoa egin dute jaien erdian. (Argazkia: Lide Ferreira)
Urtero legez, Donostiako Udalak Aste Nagusiko ohiko hamaiketakoa egin zuen jaien erdian –asteazkenean–, festetan lanean diharduten eragileei eskerrak emateko. «Zuen laguntzarik gabe, ezinezkoa izango litzateke horrelako Aste Nagusia antolatzea», azpimarratu zuen Donostiako alkate Eneko Goiak. «Jende askok egiten du lan festak antolatzeko, eta beraien esfortzua eta denbora eskertu beharra dago», gehitu zuen EAJko Jon Insaustik.
Horretaz gain, aukera baliatu zuen Goiak salatutako sexu erasoa gaitzesteko. Izan ere, emakume batek sexu eraso bat jasan izana salatu zuen asteartean. Goizean goiz eman zen erasoa, Urgull mendiaren inguruan. Bada, udalak aho batez onartutako adierazpen instituzionala irakurri zuen alkateak hamaiketakoan, eta, ondoren, minutu bateko isilunea egin zuten: «Errepikatu nahi dugu ez dugula sexu erasorik onartuko. Horrelako jarrerak gaitzesten ditugu guztiz».
EH Bilduko eta PPko bozeramaile Amaia Almirall eta Miren Albistur sexu erasoarekin kezkatuta agertu ziren. «Amorratuta gaude, ikusten dugulako denok saiatzen garela ezetz ozen hori gero eta altuagoa izaten, baina erasoek jarraitzen dute», esan zuen Almirallek. Albisturrek espero du «hau azkena izatea».
Jaiak, gozatzeko
Salatutako sexu erasoa salbu, jaiak giro apartan ospatzen ari direla esan zuen Goiak: «Larunbatean hasiera eman genien modu bikainean, jendez beteta eta giro ederrean. Horixe da garrantzitsuena, jaiak gozatzeko baitira. Bestalde, programazio guztia ondo betetzen ari da, jendearen parte hartze nabarmenarekin eta askotariko eskitaldiekin. Aukera ugari daude hiri guztian zehar, eta sexu erasoa salbu, ez da gertakaririk egon. Eguraldi ona izan dugu lagun hasieran, eta tarte batez euri pixka bat egin arren, badakit giro aparta izaten jarraituko dugula. Beraz, balorazio baikorra egiten dut; jaiak parte hartzaileak eta alaiak izaten ari dira».
Miren Albistur, PP.
Miren Albistur, PP: “Hiru seme ditut; beraz, beraien egitaraura egokitzen naiz”
Programan ekitaldi ugari daude, eta bakoitzak bere modura bizi dezake Aste Nagusia. Nik giro onean eman nion hasiera. Kanoikadara familiarekin joan nintzen, eta primeran pasatu genuen. Hiru seme ditut; beraz, beraien egitaraura egokitzen naiz. Asko gustatzen zaizkie erraldoiak eta zezen suzkoa, eta hori ez da falta gure egunerokoan. Suak ere ikusten ditugu; normalean, Erdialdetik edo Ondarretatik. Hori bai, zortzi egun dira eta garrantzitsua da indarrak gordetzea!
Jon Insausti, EAJ.
Jon Insausti, EAJ: “Ez naiz batere fidela, jarduera batetik bestera ibiltzen naiz”
Onartu behar dut neguko jaien –Danborrada eta San Tomas– aldekoa naizela, baina Aste Nagusia ere bizitzen dut. Parte Zaharrekoa izanda, txistularien alardea ez dut inoiz galtzen. Halere, ez naiz batere fidela, jarduera batetik bestera ibiltzen naiz. Adibidez, La Oreja de Van Gogh eta Kobanen kontzertuetara joan naiz. Azken horiek Groseko jaietan ezagutu nituen iaz, eta euren estiloa asko gustatzen zait. Agur astea egingo du bihar Union Artesanak, eta gogotsu nago ekitaldia ikusteko.
Amaia Almirall, EH Bildu.
Amaia Almirall, EH Bildu: “Zaila da, baina saiatzen naiz jai gune guztietara hurbiltzen”
Udaleko egitarauan ez ezik, piraten jardueretan ere ibiltzen naiz. Esaterako, abordatzean egotea gustatzen zait; aurten, lehorrean egon naiz. Zaila da denera iristea, baina saiatzen naiz jai gune guztietara hurbiltzen, ikuspegi orokor bat edukitzeko. Izan ere, udaletik zein piraten mugimendutik apustua egiten ari dira jaiak auzoetara eramateko. Ohituretan sustraitzen gara, eta asko kostatzen zaigu aldatzea, baina etorkizuneko erronka da jaiak hiri osoan zehar gero eta gehiago zabaltzea.
Loic Alejandro: “Hondartza boleibol txapelketan hartu dut parte”
Loic Alejandro, Irabazi.
Nire familiak ohitura du egunotan Frantzian elkartzeko; beraz, aurten, Aste Nagusiaren hasieran egon naiz. Hondartza boleibol txapelketan hartu dut parte eta Garmendiaren dantza erakustaldira joan naiz. Abordatzean ez dut inoiz parte hartu, baina ideia oso interesgarria da, herritarren ekimenez egin delako. Etorkizunerako gustatuko litzaidake zezenketak desagertzea, zarataren arazoa konpontzea (bereziki, Parte Zaharrean) eta jaietan sortzen dugun hondakinen kudeaketa hobetzea.
Maria Luisa Garcia Gurrutxaga, PSE-EE: “Jaietan kanpoko jendea ikustea asko gustatzen zait”.
Maria Luisa Garcia Gurrutxaga, PSE-EE.
Ohitura daukat su artifizialak ikusteko, Parte Zaharretik buelta bat eman eta zerbait afaltzeko. Batzuetan, kontzerturen batera joaten naiz edo Musika Hamabostaldira. Azpimarratu nahiko nuke elkarbizitza oso ona dela. Jende asko dago, noski, baina jaietan kanpoko jendea ikustea asko gustatzen zait. Bestalde, piraten mugimendua dago, eta oso ondo pasatzen dute bertan, baina 14-18 urteko gaztetxoentzako jarduerak falta direla uste dut. Ea lortzen dugun eskaintza zabaltzea!