Gaztelumendi anaiek parte hartuko dute Bertsolari Txapelketa Nagusian
Bertsolari Txapelketa Nagusia iritsi da, lau urteren ostean. Irailaren 23tik abenduaren 17ra jokatuko dute txapelketa 43 bertsolarik, eta horien artean bi izango dira donostiarrak: Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiak. Final laurdenak, finalaurrekoak eta finala izango ditu txapelketak: Unai lehenengo fasean sartuko da, final laurdenetan, eta irailaren 30ean izango du lehen saioa, Seguran. Finalaurrekoen lehen itzulian sartuko da lehian Beñat, Maule Lextarren, baina oraindik ez daki zeinekin partekatuko duen agertokia. Aurreko txapelketan, 2013an, finalera iristea lortu zuen Añorgako anaia zaharrenak, eta horregatik sartuko da beranduago txapelketan.
Finalaurrekoak bi fasetan banatuko dituzte, eta zazpi bertsolari finalera pasako dira, bi faseen artean puntu gehien lortzen dituzten horiek. Horrela, Barakaldoko finalean arituko dira finalaurrekoetatik sailkatutako zazpiak eta Amets Arzallus egungo txapelduna . “Lehen aldiz aldi berean izango da txapelketa euskararen zazpi lurraldeetan”, nabarmendu du Bertsozale Elkarteak. Bertsolariekin batera, 18 gai jartzaile eta 20 epaile arituko dira lanean.
Saio guztiak arratsaldeko bostetan hasiko dira, finala izan ezik. Saioak egongo diren herrietan bestelako ekitaldiak antolatuko dituzte, herria bera bertsolaritzaz girotzeko.