Latsarien plazan egiten den perretxiko jaia izaten da arrakastatsuena. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Loiola auzoan klasiko bihurtu dira XIX. Mikologia eta Gastronomia jardunaldiak. Irailaren 18an abiatu ziren, eta urriaren 1a bitarte hainbat jarduera antolatu ditu Loiolatarra Kirol Elkarteak. Perretxiko zale askoren interesa pizten dute jardunaldiek, eta beraien zaletasunak gozatzeko aukera zabala izango dute.
Mikologia ikastaroek eman zioten hasiera jardunaldiei, eta hurrengo asteartean, hilak 26, emango diote bukaera ikastaroei. Irailaren 27an, berriz,
Onddoen morfologia eta izaeraren garrantzia beraien identifikazioan hitzaldia egingo dute Loiolako kultur etxean, 19:30ean. Luis Miguel Garcia Bona mikologian doktoreak eskainiko du.
Sukaldaritza ikastaroa hilaren 28an egingo dute Loiolatarra elkartean 19:30etik aurrera. Leku berean eta egun bat geroago, irailaren 29an, dastatze afariaren txanda izango da 20:30ean. Japoniako Ikuyo Segi sukaldariak prestatuko du, baina ez da afari erabat japoniarra izango antolatzaileen esanetan.
Perretxiko bilketa eta sailkapena egingo dute hilaren 30ean, goizez eta arratsaldez. Azkenik, urriaren 1ean perretxiko jaia egingo dute Latsarien plazan, 10:30etik 14:30era. Jardunaldiei bukaera ematen dien festa izaten da jende gehien biltzen duen jarduera.
Urriaren 12ra arte, ordea, jardunaldien parte den kultur etxeko erakusketa bisitatu ahal izango da.
Erretxinaz babestutako ale natural liofilizatuak du izena erakusketak.